Gaurtik ostiralera bitartean eskola antzerkiak izango du protagonismoa Azpeitiko 42. Euskal Antzerki Topaketetan. Haur eta gaztetxoen antzerki taldeak izango dira Soreasuko agertokian, baita ikus-entzuleen artean ere. Bost ikastetxe edota antzerki eskoletako antzerki taldeek hamar antzezlan egingo dituzte. Ostiralean, berriz, Anita Maravillas konpainiak Andereño antzezlana egingo du, Soreasun.
Topaketetako Eskola Antzerkian urtero-urtero parte hartzen dutenak dira Azpeitiko Haur eta Nerabeen Antzerki Eskolakoak eta Errezilgo San Martin Herri Eskolakoak. Xanti Agirrezabala eta Alaitz Olaizola dira Azpeitiko Haur eta Nerabeen Antzerki Eskoletako taldeen gidariak, eta hauek lau antzezlan egingo dituzte: bi bihar, asteartea, eta beste bi asteazkenean.
Olaizolak gidatzen duen talde batek Boeing 747 antzezlana egingo du Soreasun bihar, 11:00etan. Talde hori hamalau aktore gaztek osatzen dute. Honakoak dira: June Espeso, Zuhaitz Alkorta, Hegoa Aizpuru, Ekaitz Paredes, Jara Arkonada, Libe Larrañaga, Ane Lazarobazter, Maia Rodelgo, Mattin Arakistain, Nahikari Nuñez, Marina Agirre, Ninbe Odriozola, Mikel Manzisidor eta Ihara Olaizola.
Errezilgo herri eskolan, berriz, Ahozkotasuna ikasgaian lantzen eta prestatzen dute antzezlana. Asteazkenean egingo dute hauek Soreasu antzokian Izan zaitez zeu, izan natuala antzezlana. Araia Irulegi aktore gazteak eta Joseba Bikendi irakasleak azaldu dituzte obraren prestaketaren nondik norakoak.
Eskola antzerkiaren egitaraua:
- Gaur, astelehena. 11:00etan, Soreasun. Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxekoek (Bizkaia) Gaixo tranpatiak eta Iruzurgileak antzezlanak egingo dituzte.
- Bihar, asteartea. 11:00etan, Soreasu antzokian. Azpeitiko gaztetxoen antzerki eskolakoek Boeing 747 eta Begibistan antzezlanak egingo dituzte.
- Azaroak 13, asteazkena. 11:00etan, Soreasun. Azpeitiko gaztetxoen antzerki eskolakoek eta Errezilgo San Martin herri eskolakoek Arkume, Nor izan da? eta Izan zaitez zeu, izan natuala obrak egingo dituzte.
- Azaroak 14, osteguna. 11:00etan, Soreasun. Amezketako ikastetxeko ikasleek Lehen gizakia, Baldarrak eta Gaztetxean edo gazta etxean lanak egingo dituzte.
- Azaroak 15, ostirala. 11:00etan, Soreasun. Anita Maravillas konpainiak Andereño antzezlana egingo du.