Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna izanik, indarkeria matxistaren aurkako aldarriz bete ziren atzo eskualdeko herrietako plazak eta kaleak.
Eskualdeko herritarrak mobilizatzera deituak zeuden arratsalderako, eta ehunka izan ziren elkarretaratzeetan zein manifestazioetan parte hartu zutenak. Arratsalde partean, Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Orion, Zestoan, Zarautzen eta Zumaian egin zituzten indarkeria matxistaren kontrako mobilizazioak, Itaiak antolatuta batzuk eta Mugimendu Feministak antolatuta besteak. Ardurak hartzeko eta borrokatzeko beharra nabarmendu dituzte bi mugimenduek, auziaren inguruko irakurketa desberdinekin.
Mugimendu feminista ‘Konponbidea ez bazara, arazoa zara’ lelopean mobilizatu zen, eta"Ardurak hartzeko garaia" dela aldarrikatu. Zoritxarrez" oraindik ere mobilizatzeko arrazoiak asko direla azaldu zuten mobilizazioen sustatzaileek; izan ere, haien hitzetan egunerokoan "erabat normalizatuta" daude erasoak, bortxaketak, beldurrak, hilketak... Konponbidea eraikitzen jarraitzeko beharra dagoela azpimarratu dute, eta horretarako, beharrezkotzat jo dute aliantza feministetatik, antolakuntzatik nahiz borrokatik eragitea.
Itaia, berriz, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean mobilizatu da. Itaiaren arabera, "ideia eskuindar, matxista eta baztertzaileak dira gizartean nagusitasuna irabazten ari direnak", eta gorakada erreakzionarioaren aurrean "lehen lerroa" hartzeko zein antolatzeko deia egin dute. Matxismoa betikotzen duen gizarte kapitalistaren aurrean, zapalkuntzarik gabeko gizarte aske baten alde" agertu da Itaia.
Askotariko mezuekin, matxismoaren kontra egiteko beharra aldarrikatu dute beste urte batez.