Albistegia

Urola Kosta geldiarazi du greba orokorrak

Urtzi Oteiza 2026ko martxoaren 17a

Grebaren eragina nabaria da gaur Urola Kostan. Langile askok lanera ez joatea erabaki dute, eta hainbat mobilizazio ere egin dituzte goizean zehar. Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata Euskal Herrian erabakitzea eta soldata hori 1.500 eurokoa izatea aldarrikatu dute protestetan. LAB eta ELA sindikatuek oso balorazio positiboa egin dute grebak Urola Kostan izan duen jarraipenaren inguruan, eta herritarrei dei egin diete arratsalderako herriz herri deitutako mobilizazioetan parte hartzera.

Martxoaren 17a da gaur, greba eguna Hego Euskal Herrian, eta goizean goizetik eragina nabaria Urola Kostan. Langile askok eta askok uko egin diote lanera joateari, baina izan dira ateak zabaldu dituzten enpresak ere. Herriz herri antolatu dituzten piketeen bisita izan dute horiek, eta grebarako arrazoiak azaldu ostean, ateak ixtea erabaki dute zenbaitek. Halaber, mobilizazioak egin dituzte goizean zehar Azpeitian, Zumaian eta Zarautzen. Jende ugarik bat egin du protesta deialdi horiekin. 

Tentsio uneren batzuk izan diren arren, aparteko gorabeherarik gabe joan dira greba egunaren lehen orduak. Hori bai, Azpeitian grebalari bat identifikatu du Ertzaintzak.

ELA sindikatuak balorazio oso positiboa egin du greba egunak Urola Kostan izan duen jarraipenaren inguruan. "Goizeko piketeetan ikusi dugu industria sektorea, oro har, geldiarazi egin duela grebak, eta lanera joan diren enpresetan oso langile gutxi joan direla". Ondorengo kalejira eta mobilizazioak ere jendetsuak izan direla nabarmendu du sindikatu horrek, eta Azpeitian, Zestoan eta Zumaian behintzat saltoki txiki askotako ateak ez dituztela zabaldu ere egin. Arratsalderako deitutako mobilizazioetan ere jende askok parte hartzea espero du ELAk.

LAB sindikatuak ere greba orokorrak eskualdean izan duen arrakasta nabarmendu du Donostian 30.000 lagun bildu dituen manifestaziotik bueltan. "Interes partikular eta indibidualisten gainetik, elkartasun eta antolaketa ariketa eredugarria egin dugu langileok, bihozgabea, asegaitza eta diruzalea den patronal baten aurrean, eta patronalaren interesak defendatzen dituzten EAJ eta PSE-EE alderdien aurrean". Langileriaren zati handi batek greba egin duela adierazi du sindikatu horrek, lan zentro asko itxita egon direla eta goizean pikete jendetsuak egin dituztela. "Gure kaleetan eta industrialdeetan nabarmena izan da ez dela ohiko egun bat izan, borroka eta elkartasun egun bat baizik". Trafikoan eta mugikortasunean ere piketeen eragina agerikoa izan dela adierazi du, gainera.

Urola Kostako LABek nabarmendu du langileek grebari eman dioten "babes zabalak" sindikatuei indarra ematen diela 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldarrikapenari eusteko, eta gai zehatzeko lanbidearteko akordioa eta akordio instituzionala lortzeko borrokan jarraituko dutela berretsi du. "Patronalak arduragabe izateari utzi behar dio eta Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdiek patronalaren morroi izateari utzi behar diote", adierazi du.

Sindikatu horren hitzetan, "gaur gure errealitate sozioekonomikoari egokitutako gutxieneko soldata bat lortzetik gertuago gaude; gaur burujabetza lortzetik eta nazio bezala dugun erabakitzeko eskubidea egikaritzetik gertuago gaude". Halaber, adierazi du "horrelako egun gogoangarriek" erakusten dutela "borrokak merezi duela, klase eta nazio bezala gure eskubideak defendatzeko eta zabaltzeko borroka dela bide bakarra; eta askatasuna eta justizia soziala lortu arte borrokan jarraituko dugu". LABek babesa adierazi die eta zorionak eman dizkie "gaur mobilizazio betean dauden burkideei", eta herritarrei dei egin die arratsalderako herriz herri deituta dauden mobilizazioetan parte hartzera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide