Festa nahi duenarentzat, Santio eguna

Mailo Oiarzabal 2024ko uzt. 24a, 19:00

Sagardoa eta pintxoak dastatzen, iazko Santio egunean. (Nerea Uranga)

Umeen pilota finalak, sagardo txapelketa eta dastaketa, gazta lehiaketa, Euskadiko Blonda Txapelketa, nafartasunari gorazarrea, txekor eta hegaluze pintxoak, errekortariak, musika, bertsoak, kantua... Aspertzeko betarik ez da izango bihar Azpeitian.

Bete-betea dator aurten ere Santio eguna Azpeitira. Udako festen lehen egun handia ospatuko dute bihar azpeitiarrek eta, urtero bezala, goizetik gaueraino ia etengabeak eta ugariak baino ugariago izango dira Baserritarren Eguna ere badenaren ekitaldiak.

Egitarau estuena eta oparoena Santio goizak ekarriko du aurten ere. Eta hitzordurik goiztiarrena, berriro, Ilunpeko esku pilotari gazteenen eskutik etorriko da. Cesar Valverderen Oroimenezko 39. Txapelketaren finalak 10:00etatik aurrera jokatuko dituzte bihar Izarraitz pilotalekuan. Zazpi final izango dira, guztira. Hauetxek:

Aurrebenjaminak

  • Patxi Berasategi vs Aratz Azkoitia.
  • Mikel Gurrutxaga vs Jakes Galarraga.

Benjaminak

  • Enaitz Saizar vs Luka Aizarna.
  • Iker Elorza-Amets Albistur vs Julen Aristi-Ekhi Zendoia.

Kimuak

  • Janitz Goenaga vs Kaiet Aizarna.
  • Adei Lizarralde-Aitor Eraso vs Janitz Kerejeta-Xanet Irure.

Infantilak

  • Zuhaitz Labaka-Unax Larramendi vs Jon Olazabal-Aiurdi Peñagarikano.

Kalean, jan-edana, txapelketak eta lehiaketak nagusi izango dira eguerdi partean, Baserritarren Egunaren barruan. Plazan, 50. aldia beteko duen Sagardo Eguneko txapelketa eta dastaketa, plazan bertan erreko duten txekorraren eta hegaluze pintxoak eta 24. Ardi Gazta Lehiaketa nagusi izango dira; eta Astotegian eta Zelai Luzen, bi urtez behin gertatzen denez, Euskadiko Blonda Txapelketa jokatuko dute; ganadu txapelketa horren 27. aldia izango da biharkoa.

Baserritarren Eguneko ekitaldiek goia jo baino lehen, nafartasunari gorazarre egingo diote beste urte batez Urolako Nafar Zuzterrak taldekoek. Eguerdikoak girotzeko, berriz, Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia eta Ekhiñe Zapiain bertsotan, eta Laja II.a, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola soinuak eta panderoak astintzen ariko dira plazan; eta Kantu Jira taldekoak kantuan eta kalejiran ibiliko dira 12:30etik aurrera.

Arratsaldean, zezenzaleek urteroko hitzordua izango dute errekortariekin zezen plazan, eta bestelakoak nahiago dituztenentzat zirku ikuskizuna eta txaranga doinuak ez dira faltako.

Egitaraua

Hau da biharko jai egitaraua, osorik:

  • 10:00. Ilunpekoen 39. Cesar Valverde pilota txapelketako finalak, Izarraitz pilotalekuan.
  • 10:30. Azpeitiko Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldekoen goiz eresia.
  • 10:30. Nafarroako banderari omenaldia, Perez Arregi plazan. Urolako Napar Zuzterrak antolatuta.
  • Ondoren, kalejira, Erdikaletik plazara. Plazan, bertsoak, kantak eta ohorezko dantza.
  • 11:00. Euskadiko 27. Blonda Txapelketa.
  • 11:00. 24. Ardi Gazta Lehiaketa.
  • 12:00. 50. Sagardo Txapelketa, eta txekor errearen, hegaluzearen eta gaztaren pintxoak, plazan.
  • 12:00. Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia eta Ekhiñe Zapiain bertsolariak eta Xebastian Lizaso aurkezle.
  • 12:00. Laja II.a, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola trikitilariak, plazan.
  • 12:30. Kantu Jirakoen saioa, Sanagustin kulturgunearen ataritik hasita.
  • 18:00. Errekortari txapelketa, zezen plazan.
  • 18:30. Marieta Zirkus ikuskizuna, Done Jakue kalean.
  • 18:30. Jainekin txaranga, Landeta auzotik abiatuta kalerik kale.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide