Lagun Onakeko gizonek zapatuan jokatuko dute denboraldiaurreko azkenekoa

Mailo Oiarzabal eta Nerea Uranga 2024ko abu. 29a, 09:29

Abuztuaren 24an Lagun Onakek eta Realak jokatutako Ugaitz Kerejetaren oroimenezkoa. (Ihintza Elustondo)

Durangoren kontra jokatuko du Lagun Onaken gizonen talde nagusiak etzi, 11:00etan, Garmendipen. Irailaren 8an hasiko dute liga Hirugarren Mailan, aurreneko jardunaldia etxean jokatuta. Goitik behera berritutako taldea da Jose Luis Riberak gidatutakoa.

Lagun Onaken gizonen talde nagusiak abuztuaren 2an hasi zuen denboraldi berrirako prestaketa, eta hilaren 10etik denboraldiaurreko hiru lagunarteko jokatu ditu. Laugarrena eta azkena jokatuko dute zapatuan, abuztuaren 31n,  Durangoren kontra, 11:00etan, Garmendipen.

Ohorezko Erregional Mailan ari den Tolosaren kontra 1-0 irabazi zuen Lagun Onakek hilaren 10ean jokatutako lagunartekoa. Abuztuaren 17ko Eibar B-ren kontrakoa, ordea, 1-2 galdu zuen Azpeitiko taldeak. Eta abuztuaren 24an, Ugaitz Kerejetaren oroimenez, Realaren gizonen hirugarren taldearen kontra jokatutakoa ere galdu egin zuen Lagun Onakek 2-3.

Irailaren 8tik liga

Irailaren 8an hasiko da liga Hirugarren Mailan, eta Lagun Onakek Derioren kontra jokatuko du lehen jardunaldian, Garmendipen. Jose Luis Riberak gidatzen duen taldea erabat berritutakoa da. Izan ere,  2023-2024 denboraldian Azpeitiko taldean aritu ziren jokalarietatik hamahiruk utzi dute taldea, eta bostek bakarrik jarraitzen dute 2024-2025ean: Andoitz Amenabar, Lander Izagirre, Aner Gomez, Xabi Gereta eta Jagoba Erdozia dira taldean gelditu diren bostak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide