Albistegia

Gabonetako Azoka egin dute artisauek eta merkatariek bertakoa sustatzeko asmoz

Maialen Etxaniz - Nerea Uranga 2024ko abe. 28a, 16:00

Artisauek eta merkatariek bat egin dute gaur Azpeitiko Gabonetako azokan. Bertan merkatari elkarteak eta Artiekin elkarteko kideek elkarlanean antolatuta egin dute egitasmoa, eta askotariko produktuak saldu ez ezik, txikienek apaingarriak egiteko aukera izan dute. 20:00ak arte egongo da zabalik. 

Gabonetako Azoka egin dute gaur aurrenekoz Done Jakue kalean, Bertan merkatari elkarteak eta Artiekin artisau elkarteak antolatuta. Goizean zein arratsaldean, askotariko produktuak eskuratzeko aukera izango da bertan. Hain zuzen, 20:00ak arte egongo dira zabalik artisauen eta merkatarien postuak. 

Guztira, hamasei postu jarri dituzte Done Jakuen, eta horietan askotariko produktuak ipini dituzte salgai. Besteak beste, apaingarriak, arropa, zeramikazko ontziak, bitxiak, gozoak eta gailu elektronikoak zein etxerako tresnak eskuratu ahal izan dira. 

Aurten, Gabonetarako ekintzak indartu ditu Bertanek, eta ahalegin horren barruan kokatzen da gaurko azoka. Sustatzaileek adierazi dutenez, behin egitasmo guztiak igarota egingo dute balorazioa, eta horren arabera erabakiko dute hurrengo urtean ekimenarekin jarraitzeak merezi ote duen. Oraingoz, artisauak zein merkatariek "pozik" agertu dira herritarrek azokari egindako harrerarekin. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide