Udatik hona, hainbat obra txiki egin ditu udalak

Julene Frantzesena 2025ko ots. 6a, 08:59

Irisgarritasuna eta herritarren segurtasuna bermatzeko xedez egin ditu lanetako asko erakundeak. Besteren artean, espaloiak berritu, zebra bideak egin, markesinak jarri, parke bat berritu, argiteria publikoa hobetu, frontoiak margotu... ditu azken hilabeteetan.

Joan zen udaz geroztik hainbat hirigintza proiektu gauzatu ditu Azpeitiko Udalak. Besteren artean, eta irisgarritasuna hobetzeko asmoz, kiroldegiaren ondoko eta Paulo VI. auzoaren zati batean espaloia berritu du erakundeak. Gainera, kiroldegiaren ondoko bizikletentzako aparkalekua lekuz aldatu eta handitu egin du.

Halaber, Munategi ondoan, Beristain Kitarra baserriaren aurrean, espaloia handitu eta markesinak jarri ditu errepidearen bi aldeetan. Gainera, oinezkoen segurtasuna bermatzeko lanak egin ditu udalak suhiltzaileen parkearen ondoan; bi zebra bide altxatu egin dituzte. Bestalde, Iñaki Azpiazu auzoko urbanizazio berria Izarraizko Atea parkera doan bidexkarekin lotu du.

Aisialdiari, kirolari eta hezkuntzari lotuta ere gauzatu ditu lanak azken hilabeteetan. Gaztelekua handitu dute, Matxinbentako eta Oñazko pilotalekuan margotu eta hobekuntzak egin dituzte Frontoi Txikian nahiz Karmelo Etxegarai ikastolaren Perdillegi kaleko eraikineko frontoian. Horrez gain, parke berria jarri dute Iberotarren plazan, eta patineteentzako aparkalekuak jarri dituzte herriko zenbait puntutan. Gainera, beirazko egitura jarri du erakundeak Karmelo Etxegarai ikastolaren Euskal Herria auzuneko eraikinean, haurrek barruan jolaserako leku handiagoa izan dezaten.

Horiez gain, argiteria publikoan hobekuntzak egin ditu udalak eta konpostatze eremua jarri du Madalenako hazitegian. Gainera, herri bideak konpontzen segitu du udalak, eta mantenu lanak ere egin ditu: Aratzerrekako arazketa sistema egokitu, Salbe auzoan lurra berritu, errepide zuloak estali eta parkeetako kalteak konpondu.

Obra handiekin konparatuta, "ikusgarritasun txikiagoa" izaten dute obra txikiek, baina horiek "funtsezkoak" dira herritarren bizimodua errazteko. Hala adierazi du Ander Larrañaga obra txikiez arduratzen den zinegotziak: "Obra txikiak egin direla ere ez gara konturatzen batzuetan, baina funtsezkoak dira, irisgarritasuna hobetzeko laguntzen dutelako, segurtasuna bermatzeko beharrezkoak direlako, saneamendu egokia izaten laguntzen dutelako...".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide