Santioak eta saninazioak, festak kalean eta denentzat

Nerea Uranga 2025ko uzt. 18a, 08:30

Santio eta saninazioen aurkezpenean herriko hainbat eragiletako ordezkariak eta udal arduradunak, atzo udaletxean. (Nerea Uranga)

Santio eta San Inazio jaien egitarauaren barruan antolatutako ekitaldiak gaur bertan hasiko dira. Festetako esku programa etxeetara bidalita, jaien inguruko zenbait xehetasun aurkeztu dituzte udal arduradunek eta herriko hainbat eragiletako ordezkariek.

Santio eta saninazioen bezperetan, herriko hainbat eragiletako kideak eta udal ordezkariak bildu dira festetako egitaraua eta ekitaldiak aurkezteko.Jaiak kaleko ekitaldi guztiek osatzen dutela, eta horietaz gozatzeko eta ondo pasatzeko aukera herritar guztiena dela azpimarratu dute Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola udaleko Festa batzordeburuak.

Festen antolaketan jarduten duten herritar eta eragile denei nahiz festak ospatzeko lanean aritzen diren denei eskerrak emanez hasi du santioetako eta saninazioetako aurkezpen agerraldia Azpeitiko alkateak. “Horien guztien parte hartzerik eta lanik gabe festa hauek ez liratekeelako posible izango”. Festetako egitarau zabala osatzen ahalegintzen direla gaineratu du: “Goiz, arratsalde eta gau, herritar guztientzako ekitaldiak antolatzea izaten da gure asmoa, festetan parte hartzeko herritar guztiek tokia izatea da gure nahia. Horregatik, aurten ere, era askotakotako ekitaldiak eta ekintzak batzen dituen egitaraua osatu dugu, herritarren parte hartzea bultzatuko duten jaiak proposatuz”. Horrenbestez, herritar guztiei festak ondo pasatzeko opa egin die alkateak.

Betikotik Santio egunean

Santio eguna, uztailaren 25a, izango da festetako lehen egun handia, eta aurreko urteetakoaren ildotik ospatuko da. Goizetik eguerdira bitartean, 40. Cesar Valverde esku pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte Ilunpeko pilotariek Izarraitz pilotalekuan. Segidan, 51. Sagardo Txapelketa izango da herriko plazan. Iazko sagardogile berberak izango dira aurtengo sagardo txapelketan parte hartuko dutenak, denak Gipuzkoakoak: Aburuza (Aduna), Alorrenenea (Astigarraga), Altzueta (Hernani), Añota (Azpeitia), Urdaira (Usurbil), Astiazaran (Zubieta, Donostia), Itxasburu (Hernani); Barkaiztegi (Martutene, Donostia), Ekain (Ibañarrieta, Zestoa), Igeldo (Igeldo, Donostia), Egi-Luze (Errenteria), Etxeberria (Astigarraga), Gaztañaga (Andoain), Irigoien (Astigarraga), Lizeaga (Astigarraga), Oiarbide (Astigarraga), Eula (Urnieta), Petritegi (Astigarraga), Ola (Irun), Rezola (Astigarraga), Oiharte (Zerain), Izeta (Aia) eta Zabala (Aduna).

23 sagardogile denera, plazako arkupe bakoitzeko bana. Aurtengoan ez da txapelketan estreinatuko den sagardogilerik, baina Xebastian Lizaso txapelketaren antolatzaileak gogorarazi du azken bi edizioetan txapelketan berriak izan diren bi sagardogile izan direla txapelak jantzi dituztenak. “Iaz leku bat egin zen txapelketan parte hartzeko, Zeraingo Oiharte sagardotegiak bete zuen toki hori, eta hark ekoiztutako sagardoa izan zen txapelduna. Orain bi urte, berriz, Aiako Izeta estreinatu zen Azpeitiko sagardo txapelketan, eta haren sagardoak irabazi zuen txapela. Aurten, iaz parte hartu zuten sagardogileak dira guztiak eta ikusteko dago zeinek lortuko duen txapela”.

Sagardo Egunean sagardotegi bakoitzak hamabi sagardo kaxa eramango ditu Azpeitiko plazara, eta kaxa bakoitzak dozena sagardo botila ditu. Beraz, guztira 3.312 sagardo botila banatuko dituzte Santio egunez.

Sagardo txapelketako edariak dastatu nahi dituztenek bost eurotan sagardoa edateko kopa edota edalontzia eskuratzeko aukera izango dute, eta sagardoa bukatu bitartean edateko aukera izango da.

Urteroko eskakizuna egin dute aurten ere Azpeitiko Sagardo Egunaren antolatzaile taldekoek, haiei lekukoa hartuko dieten jende gaztearen eske: “Bai sagardo txapelketa antolatzeko eta bai epaimahairako erreleboa eskatzen ari gara. Etortzen dena onartua izango da, eta hortik aurrera jendeak goza dezala edaten eta jaten, festak Santio egun on baten oroitzapenarekin hasteko”.

Sagardo txapelketaz gainera, 25. Ardi Gazta Txapelketa ere jokatuko da Santio egunez. Oraindik txapelketa horretan parte hartzeko aukera zabalik dago, baina dagoeneko 21 gaztagilek eman dute lehiaketarako izena.

Edateko sagardoa, baina jatekoa ere aukeran izango da Santio egunez Azpeitiko plazan. Izan ere, aurreko urteetan bezala, gazta pintxoak dastatzeko nahiz txekor errearen eta hegaluzearen pintxoak erosteko modua egongo da. Azpeitiko misio taldeko kideak eta boluntarioak arduratuko dira pintxoak banatzeaz.

Santio eguna osatzeko beste hainbat jarduera ere izango dira: Urolako Nafar Zuzterrak taldekoen kalejira eta ekitaldia, Azpeitiko ganadu erakusketa, bertsolariak eta trikitilariak, Kantujirakoen saioa, errekortari txapelketa nagusia, Mute zirku ikuskizuna eta Jainekin txaranga.

Umeen eguna eta barrakak

Santio eguna iritsi bitartean, gaur bertatik hasita era askotako jarduerak izango dira festarako girotzeko: hondar eskultura tailerra, 22. Auto Klasikoen Rallya, Freestyle motokros txapelketa zezen plazan, Azpeitia Dantzanen barruan Itsasi dantza taldearen Kauteren dantza ikuskizuna Soreasun edota Kodaore judo taldearen erakustaldia plazan.

Umeen eguna uztailaren 27an ospatuko da aurten, eta goizean goizetik erraldoien konpartsak ibiliko dira Alde Zaharreko kaleetan. Erraldoien hemeretzi taldek parte hartuko dute erraldoien kalejiran, eta aurten berrikuntzak izango dira udal Festa batzordeburuak aurreratu duenez: Kataluniatik etorritako Colla Cegantera de Navas taldeak eta Errezilgo erraldoiek irtengo dute aurrenekoz.

Erraldoien festaz gainera, Haujijijaik antolatutako haurrentzako bazkaria eta jolasak izango dira egunean zehar, baita Inazio Deuna txirrindularitza lasterketa, saninazioetako zezenketetako zezenen desenkajonamentua eta Udal Musika Bandaren pasodobleen entsegu kontzertua ere.

Uztailaren 24an irekiko dituzte barrakak, Betharrametako atarian. Bidaia bakoitza 2,5 euro kostatuko da. Barraka eguna, berriz, uztailaren 29an izango da, eta egun horretan bidaia bakoitzak 1,5 euroko prezioa izango du.

Denentzako festak

Festa batzordeburuak azpimarratu du, aurten ere, aniztasun funtzionala dutenentzako neurriak hartu dituztela barraken gunean eta festetako musika saioetan. Egunero, musikarik gabeko orduak 17:00etatik 18:30era izango dira, eta ordutegi berezia ere jarri dute aniztasun funtzionaleko txartela duten pertsonak tiobiboetan ibiltzeko: uztailaren 26an 16:00etatik 17:30era eta uztailaren 31n 11:00etatik 12:30era.

Festetako kontzertuetan ere, iaz bezalaxe, kioskoa egokituko du udalak aniztasun funtzionala duten pertsonek musika emanaldiak egoki eta eroso ikus eta entzun ditzaten. Horrez gainera, sistema berritzaile bat ere jarriko dute festetako kontzertuetan: bukle magnetikoa. Horri buruzko xehetasunak aurrerago emango ditu udalak, Odriozolak agindu duenez.

Herriko hainbat eragiletako ordezkariak, Nagore Alkorta alkatea eta Mikel Odriozola Festa batzordeburua, atzo herriko plazan. (Nerea Uranga)

"Bedeinkatutako jaiak”

Uztailaren 30etik abuztuaren 2ra artean saninazioak ospatuko dira, eta horiek hasteko txupinazoa nork bota erabakitzeko herritarren iritzia eta ekarpenak jaso ditu udalak aurten ere. “Jasotako proposamenetatik lau aukeratu zituen udalak, eta lau horietatik bat aukeratzeko boza emateko aukera izan zuten herritarrek. Azkenean, herritarrek hala erabakita, Kepa Susperregi erretore ohia izango da txupinazoa botako duena. Xebastianek [Lizaso] esan bezala, aurtengo jaiak bedeinkatuta hasiko dira”, esan du Odriozolak.

Saninazioak kaleko festak direla nabarmendu du Odriozolak, eta jaietarako antolatutako kontzertuak bezala, kalean izaten diren bandaren, txistularien, txarangen eta abarren kalejirak nahiz saioak ere kaleak girotzeko garrantzitsuak dira haren ustez. Festak herritar guztientzako prestatzen saiatu direla nabarmendu du Odriozolak, eta espero du festak denen gustukoak izatea, "denek ondo pasatuz".

Indarkeria matxistaren kontra iaz hasitako Danok eo iñorrez, danona da festie, danona da ardurie kanpainarekin jarraituko du udalak aurtengo santioetan eta saninazioetan ere. Indarkeria matxistarik gabeko gunea jarriko dute festetako honako egun eta orduetan: uztailak 25 (12:00-15:00), uztailak 26 (22:00-02:00), uztailak 29 (10:00-14:00), uztailak 30 (18:00-01:00), uztailak 31 (18:00-02:00) eta abuztuak 1 (18:00-02:00).

Festetarako prestatutako egitarau guztian parte hartzen duten eta "besteek festaz gozatzeko" lanean ariko diren eragile, herritar eta langile denei eskerrak eman dizkie Odriozolak.

Festetako egitaraua:

Gaur, uztailak 18, ostirala
  • 11:00-13:30 eta 16:00-19:00. Andoni Bastarrikaren hondarrezko eskultura tailerra, plazan.
Bihar, uztailak 19, zapatua
Etzi, uztailak 20, igandea
  • 19:00. Azpeitia Dantzanen barruan, Itsasiren Kauteren dantza emanaldia, Soreasu antzokian.
Uztailak 24, osteguna
  • 19:00. Kodaore judo taldearen erakustaldia, plazan.
Uztailak 25, ostirala, Santio Eguna
  • 10:00. 40. Cesar Valverde esku pilota txapelketako finalak, Izarraitz pilotalekuan.
  • 10:30. Azpeitiko Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldearen goiz eresia.
  • Ordu berean, Nafarroako banderari omenaldia, Perez Arregi plazan, Urolakoen Nafar Zuzterrakek antolatuta. Ondoren, kalejira Erdikaletik plazara. Plazan ekitaldia egingo dute.
  • 11:00. Eskualdeko ganadu erakusketa, Astotegian.
  • 11:00. 25. Ardi Gazta Lehiaketa, Azoka Plazan.
  • 12:00. 51. Sagardo Txapelketa, plazan.
  • Ordu berean, Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia eta Libe Goenaga bertsolariak ariko dira kantuan kioskoan. Era berean, Laja II.a, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola trikitilariek girotuko dute plaza.
  • 13:00. Kantujirakoen saioa, Sanagustinpetik hasita.
  • 18:00. Errekortarien Txapelketa, zezen plazan.
  • 18:30. Mute zirko ikuskizuna, Done Jakue kalean.
  • 18:30. Jainekin txarangaren emanaldia, Landetatik abiatuta.
Uztailak 26, zapatua
  • 17:30. Artzain Txakur Lehiaketa, Olazko belardian.
  • 18:30. Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea, plazan.
  • Ondoren, parrillada.
  • 22:00. Kilimak eta Heitxi taldeen kontzertuak, plazan.
Uztailak 27, igandea, Umeen Eguna
  • 11:00. Goiz eresia Itsasi dantza taldeko eta Luis Beltzaren dantza suelto eskolako ikasleekin. Horrez gain, korporazio txikia, Juan Antxieta musika eskolako txistulariek eta Banda Gazteak lagunduta.
  • 12:00. Erraldoien dantza saioa eta sari banaketa.
  • 13:00. Erraldoien kalejira Alde Zaharrean. Arrasateko, Iruñeko, Zarauzko, Elgoibarko, Txantreako, Urduñako, Errotxapeako, Iruñeko Alde Zaharreko, Añorgako, Pasaiko, Buztintxuriko (Iruñea), Barañaingo, Tafallako, Mendillorriko, Errotxapeako Iturri Plazako, Zizur Nagusiko, Colla Gegantera de Navasko, Lazkaoko, Azpeitiko, Errezilgo eta Urrestillako erraldoiek osatuko dute desfilea.
  • 14:30. Haurren eta gaztetxoen bazkaria, plazan. Haujijijaik antolatuta.
  • 15:30. Umeentzako jolasak eta kalejira Alde Zaharrean. Haujijijaik antolatuta.
  • 16:00. 45. Inazio Deuna txirrindularitza saria, Perez Arregi plazatik abiatuta.
  • 18:30. Desenkajonamentua.
  • 22:00. Udal Musika Bandaren pasodobleen kontzertua, plazan.
Uztailak 30, asteazkena, San Inazio bezpera
  • 11:00. Hamaiketakoa, plazan.
  • 12:00. Txupinazoa eta Marea Arroxa.
  • Ondoren, Udal Musika Bandaren, Izarraitz txistulari taldearen, Arrasateko gaiteroen nahiz erraldoien zein buruhandien kalejira.
  • Gero, Skapaie elektrotxarangaren emanaldia.
  • 15:00. Herri bazkaria, plazan.
  • 17:00. Txosnagunearen irekiera eta jolasak.
  • 17:30. Bigantxak (Lopene ganadutegia), Done Jakue kalean.
  • 18:30. FrontOi Txiki Fest, Done Jakue kalean. Cold Revenge, Jipoituak, Yakovlev42 eta Inguma taldeek eskainiko dituzte emanaldiak.
  • 19:00. DJ Jon, Olazko Amaren plazan.
  • 19:00. Meza eta bederatziurrena, Loiolako Basilikan. Parrokiako koruko eta Julian Barrenetxea abesbatzako kideek parte hartuko dute kantuz, Itziar Urbieta organistak lagunduta.
  • Ordu berean, Los Incansables txaranga.
  • 20:00. Etxera jantokiaren irekiera, Azoka Plazan.
  • 20:00. 3Indarrok elektrotxaranga kalez kale.
  • 21:30. Debrass Band taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 22:00. DJ Elepunto, Olazko Amaren plazan.
  • 22:30. Puro Relajo taldearen emanaldia, plazan.
  • 23:00. Su artifizialak, Zaragozana etxearen eskutik, Izarraizko Atea parkean.
  • 23:30. Balantza taldearekin erromeria, txosnagunean.
Uztailaren 31, osteguna, San Inazio eguna
  • 09:30. Goiz eresia, Udal Musika Bandaren, Arrasateko gaiteroen eta Izarraitz txistulari taldearen eskutik.
  • 10:10. Udal ordezkariak korporazioan joango dira Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara.
  • 10:30. Prozesioa, Alde Zaharrean.
  • 11:00. Meza, Fernando Prado Donostiako gotzainak gidatuta. Parrokiako koruak eta Julian Barrenetxea abesbatzak abestuko dute, Ignacio Arakistain organista lagun dutela. Parrokian.
  • 12:30. Gauerdi txaranga, kalez kale.
  • 12:30. Arratsaldeko zezenen aukeraketa, zezen plazan.
  • 12:30. Bigantxak (Arno ganadutegia), Done Jakue kalean.
  • 13:00. Azpeitiko Musika Bandaren kontzertua, Sanagustin kulturgunean.
  • 17:30. Bigantxak (Arno ganadutegia), Done Jakue kalean.
  • 17:30. Azken fakirra ikuskizuna, Olazko Amaren plazan.
  • 18:30. Ultraeskuinaren eta ideia faxisten aurkako elkarretaratzea, plazan. Herriko hainbat eragilek deituta.
  • 18:30. Zezenketa.
  • 19:00. Oria txaranga, Landetatik abiatuta.
  • 19:00. Flamenko poteue Burrumba taldearekin, Alde Zaharrean.
  • 20:00. Etxera jantokiaren irekiera, Azoka Plazan.
  • 20:30. Parrillada, plazan.
  • 21:30. Eskuzko pilota partidak, Izarraitz pilotalekuan. Egiguren V.a- Erostarbe Alberdi II.a-Ugartemendiaren kontra. Altuna III.a-Rezusta Peña II.a-Mariezkurrena II.aren aurka.
  • 22:00. Aurrez aurre taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 23:00. Su artifizialak, Zaragozana su etxearen eskutik, Izarraizko Atea parkean.
  • 23:30. Zea Mays taldearen kontzertua, plazan.
  • 01:00. UKBil taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 02:30. Kontzertua, txosnagunean.
Abuztuaren 1a, ostirala, San Inazio bigarrena
  • 10:00. Goiz eresia, Izarraitz txistulari taldearen, Udal Musika Bandaren eta Arrasateko gaiteroen eskutik.
  • 10:30. Herriko agintarien ongietorria Loiolan. Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak han izango dira.
  • 11:00. Meza, Loiolako basilikan, Fernando Prado Donostiako gotzainak gidatuta. Parrokiako koruko eta Julian Barrenetxea abesbatzako kideek parte hartuko dute, Itziar Urbieta organistak lagunduta.
  • 11:00. 14. Bakailao Txapelketa, plazan.
  • 12:30. Arratsaldean toreatuko dituzten zezenen aukeraketa, zezen plazan.
  • 15:00. Bakailao jana, Azoka Plazan.
  • 17:00. Apar festa, Balentina Agirre plazatxoan.
  • 17:30. Bigantxak (Lopene ganadutegia), Done Jakue kalean.
  • 18:00. Bigarren kuadrillen arteko olinpiadak, Alde Zaharrean.
  • 18:30. Zezenketa.
  • Ordu berean, Los Pasai txaranga, kalez kale.
  • 19:00. Zesta punta partidak, Izarraitz pilotalekuan.
  • 20:00. Etxera jantokiaren irekiera, Azoka Plazan.
  • 22:00. Rodeo taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 22:00. Muxutruk erromeria, Olazko Andre Mariaren plazan.
  • 23:30. Brigade Loco taldearen kontzertua, plazan.
  • 01:00. Sedientos de Cumbia taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 02:30. Tatxers taldearen kontzertua, txosnagunean.
Abuztuaren 2a, zapatua, San Inazio hirugarrena
  • 06:00. Incansables txaranga, kalez kale.
  • 07:00. Bigantxak (Marques de Saka ganadutegia), Done Jakue kalean.
  • 12:30. Arratsaldean toreatuko dituzten zezenen aurkeraketa, zezen plazan.
  • 18:30. Zezenketa.
  • 19:00. Jainekin txaranga, kalez kale.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide