Azpeitiko Udalak herriko hainbat eragilerekin elkarlanean antolatzen dituen ikastaro batzuetan izena emateko epea amaitzear dela eta, datekin adi ibiltzeko gomendatu die erakundeak herritarrei. Irailaren 26a, ostirala, izango da izena emateko azken eguna Literatura, Arte eta Historia ikastaroan; euskara ikastaroan, Amak Tribuan ekimenean eta ludotekan nahiz gaztelekuan; eta hilaren 28ak arte, igandea, egongo da aukera Sorginorratzak egitasmoan izena emateko.
Aurtengoan ere, kultur, hezkuntza, kirol, euskara, parekidetasun nahiz gazteria arloetako ikastaroen eskaintza zabala izango dute aukeran herritarrek. Aipatutako ikastaroez gain, beste hirutan izena emateko aukera izango dute datozen egunetan: urriaren 1a izango da Euskal Herriaren historia landuko duen ikastaroan izena emateko azken eguna; urriaren 3a Emakumeen Txokoan antolatu duen eskaintza zabaleko ekintzak aukeratzekoa, eta kirol ikastaroetako izen-ematea amaitu zen arren, talde berriak osatzeko aukera zabalik dago jadanik.