Euskarari buruzko esketxen bigarren sortako azkeneko bideoa kaleratu du Euskara Mahaiak

Nerea Uranga 2025ko urr. 29a, 14:26

Herritarren hizkuntza portaeran eragitea helburu duten lau bideo kaleratuko ditu Euskara Mahaiak urriko asteazkenetan. Gaur argitaratu dute bigarren sortako azkena dena, Bai uste eta ez izan izenburukoa.

Eguneroko egoeretan sortzen diren hizkuntza portaerak oinarri hartuta, zortzi esketx argitaratu ditu Euskara Mahaiak bi sortatan banatuta; maiatzean lau izan ziren eta urrian beste lau izan dira, gaur kaleratu du azkena, Bai uste eta ez izan. Bigarren sortako aurrena urriaren 9an argitaratu zuen, erdal jatorria duten hitzen ohiko erabilera ardatz hartuta. Sortako bigarrena, urriaren 16an, kaleratutakoa izan zen aurreiritzien absurdoa gai hartuta. Azkenaurrekoa, urriaren 23koa, izan zen, euskaraz ez dakitenei buruz gaizki esaka aritu bai, baina euskaraz ari direnean erdara barra-barra tartekatzen dutenak irudikatuz.

Bideoen bidez, herritarren hizkuntza portaeren gainean hausnartzea eta aldaketa eragitea izan da Euskara Mahaiaren nahia. Azpeitiarren hizkuntza kontzientzian eragitea ere bada mahai horren xedeetako bat.

Esketxak Erika Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak zuzendu dituzte, eta aktore, herriko zenbait gaztetxorekin batera, aritu dira Mireia Galarza, Ekain Ibarguren, Alejandra Zabaleta, Gurutze Eizmendi, Iñigo Agirre eta June Urain. Teknikaren ardura, berriz, Kulturaz kultur kooperatibak izan du. Esketxek zabalkunde handia izan dutela adierazi du Euskara Mahaiak.

Hurrengo bilera azaroaren 12an

Herriko zenbait eragile eta norbanakok parte hartzen dute Euskara Mahaian, eta nahi dutenek parte hartu dezakete. Norbaitek parte hartzeko interesa izanez gero, azaroaren 12an, asteazkena, izango da hurrengo bilera, 18:00etan, Basazabal jauregian. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide