Inauteriak 2026

Grisari kolorea eta euriari sua

Mailo Oiarzabal 2026ko otsailaren 14a

Itsasiren artzai-inudeen kalejira Plaza Txikia zeharkatzen, iazko Jai Karnabalean. (Andoni Elduaien)

Karnabalen hiru egun nagusien atarian, eguraldi iragarpenari adi-adi daude azpeitiarrak, baina euritan ala ateri, festa kutunez gozatzeko pronto. Lehen geltokia, bihar, Jai Karnabala.

Elegante jantziak eta mozorroak prest, bihartik asteartera karnabaletako hiru egun nagusietan kaleak hartzeko pronto daude azpeitiarrak, kaldereroak, bandaren kontzertua, Ostegun Gizeneko kantu kalejirak eta atzoko Euskal Inauterien jaialdia nahiz guatekea atzean utzita.

Jai Karnabala nagusiki lehorretik joango dela dirudi. Iazkoari jarraipena emanez, herriko LGTBIQ+ asanbladak Astindu Berriz Armayuek! festa antolatu du. Eguerdiko zezenaren garaian, berriz, sokamuturraren kontrako elkarretaratzea deitu dute Euskadiko Animalien Babeserako Federazioak (Euskanbafed) eta Azpeitiko Animalien Lagunak taldeak. Nola ez, aurten ere igande eguerdian photocall-a jarriko du Gukak plazan; aurten txartela ez hondatzea eta, iaz ez bezala, argazki horiek Astelehen Karnabalean webgunean eman ahal izatea espero...Eta Jai Karnabal arratsaldean, zezenaren irteera zuzenean emango du Gukak.

Astelehenean, euria erruz egiteko tankera erakusten du eguraldiaren iragarpenak, eta udalak iragarri du B plana: aurretik kalejira egin ala ez, umeen eguerdiko mozorro festa Izarraitz pilotalekuan egingo dute; eta Sanagustin kulturguneak hartuko ditu arratsalde-iluntzeko DJ saioak zein mozorro lehiaketaren sari banaketa.

Baina aterpean bada ere, herria mozorroz beteko da astelehen eguerditik astearte goizera arte... gutxienez. Gutxi-asko, karnabalzale denak baitabiltza eguraldi iragarpenari adi-adi, baina ez etxean gelditzeko asmoz: euritan ala ateri, festa kutunez gozatzeari ez diote uko egingo azpeitiarrek.

Eta kalean zein etxetik jarraitzeko, karnabalek ematen duten guztia eskura jarriko die Gukak aurten ere herritarrei, webguneko atal berezian.

Egitaraua

Hona hemen, bihartik astearte iluntzera arteko jai egitarau osoa:

Bihar, Jai Karnabala

  • 09:00. Izarraitz txistulari taldearen diana.
  • 11:00. Udal Musika Bandaren, Banda Gaztearen nahiz Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroen kalejira.
  • 11:15. Arrasateko gaiteroak.
  • 11:30. Incansables txaranga.
  • 11:45. Izarraitz txistulari taldeak, Udal Musika Bandak eta Banda Gazteak girotuko dute zezenaren irteera.
  • 12:00. Sokamuturra (Lopene ganadutegia).
  • 12:00. Sokamuturraren kontrako elkarretaratzea, plazan.
  • 12:00. XLV. Sokamuturra argazki lehiaketa-Imanol Elias saria, Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatuta.
  • 12:30. Eleganteen pasiera, Itsasiko artzain-inudeekin eta danbor jotzaile taldearekin.
  • 12:30. Incansables txaranga.
  • 16:00. Astindu Berriz Armayuek! jaialdia: Bad Sound Sister, Bibiana Banaka Drag eta Eromena DJa, Azoka Plazan.
  • 16:15. Izarraitz txistulari taldeak, Udal Musika Bandak eta Banda Gazteak girotuko dute zezenaren irteera.
  • 16:30. Sokamuturra (Lopene ganadutegia).
  • 19:30. Gauerdi txaranga.
  • 19:30. Obaneuke taldearekin erromeria, plazan.
  • 20:00. Rockalean emanaldia.

Etzi, Astelehen Karnabala

  • 12:00. Banda Gaztearen nahiz Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroen kalejira.
  • 12:30. Erraldoiekin eta buruhandiekin, umeen mozorro desfilea.
  • Ondoren, Gora bihotzak ikuskizuna plazan.
  • 16:00-19:00. Euskal mitologian oinarritutako jolasak, Azoka Plazan.
  • 16:15. Izarraitz txistulari taldeak eta Udal Musika Bandak girotuko dute zezenaren irteera.
  • 16:30. Sokamuturra (Saka ganadutegia).
  • 18:30. Deiadar txaranga.
  • 19:00. Mozorro lehiaketa.
  • 19:30. Udal Musika Bandaren kalejira.
  • 20:00. Itsasiko ttuntturroen kalejira.
  • 19:30-22:00. Davila eta Oihan Vega DJak plazan.
  • 22:00-23:00. Mozorroak erakusteko geldiunea plazan.
  • 23:00. Mozorro lehiaketaren sari banaketa.
  • Ondoren, DJ emanaldia.

Otsailak 17, Astearte Karnabala

  • 00:30. Los Pasai txaranga.
  • 05:00. Baratxuri zopa jana, Azoka Plazan.
  • 06:15. Udal Musika Bandaren goiz eresia.
  • 06:45. Izarraitz txistulari taldeak eta Udal Musika Bandak girotuko dute zezenaren irteera.
  • 07:00. Sokamuturra (Saka ganadutegia)
  • 12:00. Banda Gaztearen kalejira.
  • 16:15. Izarraitz txistulari taldeak, Udal Musika Bandak eta Banda Gazteak girotuko dute zezenaren irteera.
  • 16:30. Sokamuturra (Lopene ganadutegia)
  • 16:30. Ochiren lagunak filma, Soreasu antzokian.
  • 18:00. Irulitxa txaranga.
  • 20:00. Suzko zezena, plazan, Irulitxa txarangarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide