Gizartea zahartzen ari dela diote datuek, eta Azpeitian behintzat badira horren adierazle diren zenbakiak. Ez gehiago eta ez gutxiago: dena ondo bidean, 2026. urtean hamar herritarrek beteko dituzte 100 urte. Bada kuriositate bat: denak emakumeak dira. 1926. urte hartan, izan zen indar bereziren bat edo, belaunaldi oparoa utzi zuena, herritar asko iritsiko ez den adin borobil horretara arte zenbait lagun bizirik mantendu dituena.
100 urte betetzen dituzten azpeitiarrei Mikel Sanjuan tailugileak egindako oroigarri bana ematen die Azpeitiko Udalak, eta dagoeneko jaso dute batzuek. Urtarrilaren 17an, Josefa Lazkanok bete zituen 100 urte; hurrengo egunean, Teresa Alberdik; eta urtarrilaren 21ean, Ines Kortak. Otsailean ere, beste lau lagunek bete dute mendea: otsailaren 18an, Pakita Egigurenek bete zituen 100 urte; otsailaren 22an, Maria Teresa Salasek –Jesus Maria komentuko moja da–; otsailaren 23an, Margari Aizpuruk; eta otsailaren 24an, beste herritar batek. Martxoa iristerako, beraz, zazpi lagunek bete dituzte 100 urte, eta urte amaieran beteko dituzte falta direnek.
Ez dira nolanahiko zenbakiak, eta hainbeste urtez bizitzeko sekreturik ba ote den jakin nahian, 100 urte betetzera iritsi diren zenbait herritarrekin hitz egiten saiatu da hedabide hau. Batzuek nahiago izan dute isilean gelditu, baina bakarren batzuk animatu dira beren bizitzako kontuak aletzera.
Eskolako lagunak, batuta
100 urte bete dituzten zenbait herritar elkartzeko ahalegina egin du Gukak, eta bi animatu dira hitzordura agertzera: Pakita Egiguren eta Margari Aizpuru, beren senideek lagunduta. Ikusi orduko ezagutu dute elkar: "Eskolan batera ibilitakoak gara", kontatu dute. Miserikordian, mojetan, elkarrekin ibili ziren, eta gogoan dituzte andereño izan zituztenen izenak ere: "Sor Maria, Sor Consuelo...". Elkar agurtu ostean, trago bana hartuz eta azeitunak janez, gustura aritu dira elkarrekin berriketan.
Eskolako garai hark elkartu zituen, baina, ondoren, bakoitzak bere bidea egin du mende bateko bizitzan. Aizpuru Atxuiya baserrian jaiotakoa da, eta lau seme-alaba izan zituen. Haiek koskortu zirenean, Sanjuandegiko okindegian lan egin zuen. "Sanjuandegiko panadera" izan naiz ni urte askoan, dio. "Egin egin behar izaten da zerbait eta", adierazi du. Gustuko izan du ogibide hori: ogi pila bat eta baserriko esne pila bat banatutakoa da lanbide horri lotuta.
Egiguren Pakita Xatur gisa ezagutuko du jende gehienak, haren familiakoak xaturrenekoak direlako. Alaba bat izan zuen hark, eta haren zaintzaz ez ezik, txerriak hazteaz ere arduratu izan da urteetan. Bustintzuriko Errebalaren gainean txabola bat zuen Egigurenen familiak, eta han hazten zituen txerriak, aurrez bere amak egin zuen moduan. Tabernan ere lan egin zuen, Otolan.
Emakumeetan ohikoa izan den moduan, zaintza lanari dedikazio handia eskaini diote biek. Aizpururi, gainera, umeen zaintzaz ez ezik, gurasoen zaintzaz arduratzea ere tokatu zitzaion. Kuriositate bezala, Aizpuru ez da sekula ospitalean egon bizi izan den 100 urteetan, besteei laguntzeko izan ez bada. Hainbeste urtean bizitzeko sekretua zein den galdetuta, gauza bat behintzat argi adierazi dute bi elkarrizketatuek: "Lana egitea".
Lana egiteaz gain, ordea, ondo pasatzeari ere garrantzia eman diote bizitzan zehar: "Juergak ere egindakoak gara", dio Aizpuruk. Gaupasa eginda lanera joandakoa ere badela kontatu du. "Soinua jotzen zuen nire senarrak; hari gustatu egiten zitzaion parranda egitea, eta niri ere bai", aitortu du. Erromeria giroan asko ibilitakoa da Aizpuru: "Soinua jotzera nonbaitera joan behar izaten zuen gizonak, eta ni, hari laguntzeko aitzakian, ederki ibiltzen nintzen", esan du barre txikiarekin. Geroago ere, lagunartean, Pastorkua tabernaren azpiko sagardotegian, trikitilari eta bertsolari artean, festa ederrak egiten zituzten. Hantxe elkartzen ziren asteburuetan; Pastorkuako zuloak hitz egingo balu...
Biek ala biek, familia giroan ospatu dute 100. urtebetetzea. Egiguren bazkaltzera joan zen otsailaren 18an, urtebetetze egunean bertan, gertueneko familiarekin, eta larunbatean berriro, hilaren 21ean, familia handiagoarekin: 65 bat lagun elkartu ziren mahaiaren bueltan, guztira. Madrilen ere badauka familia xaturrenekoak, eta hango senideak ere joan ziren Egigurenen urteurren borobila ospatzera.
Aizpuruk ere antzerako plana izan zuen urtemuga ospatzeko: bazkaria egin zuen, familia guztiarekin. Lau seme-alabak, bilobak eta birlobak elkartu ziren; guztira, hogei bat lagun. Birloba batek dagoeneko 22 urte ditu. Kuadrilla ederra elkartu ziren. "Familiarengandik oso maitatua sentitzen naiz, eta horrek asko laguntzen du", kontatu du.
Eguneroko martxan, kartetan ibiltzea gustatzen zaio Egigureni, pintxo-poteoa egitea ere bai, eta lagunartean nahiz familiarekin ibiltzea. Aizpuruk, berriz, lasai ibiltzea atsegin du, familiarekin. "Ondo zaintzen naute", dio.
Gazteei 100 urtera iristeko zer aholku emango lieketen galdetuta, Egigurenek zera esan du: "Asko hitz egitea, mingainari ematea. Barruan gauzak ez gordetzea, dena esatea". Aizpuruk, bestalde, sekretua "ahalik eta ondoen pasatzea" dela uste du. "Txarrik egin gabe, ahal den juerga gehiena egitea". Jende onez inguratzea ere garrantzitsua dela uste dute, konpainia onean ibiltzea.
Elkarrizketaren galderak amaitzean, azeitunak janez eta tragoa hartuz, elkarrekin berriketan jarraitu dute. Egigurenek Aizpururi "ederki gatxauden" esan dio, eta Aizpuruk Egigureni zera erantzun: "Ez zaigun ezer falta". Halaxe, topa eginez bezala, xume-xume ospatu dute mendeurrena, bizitzaren luzera baino garrantzitsuagoa haren mamia dela gogorarazita.
Sortuko dira besteak
Josefa Lazkano 1926ko urtarrilaren 17an jaio zen, Aizarnazabalgo Erreustagaraiko baserrian; Trumoia bezala ezaguna da baserria, Lazkanoren aitona bezala. Zortzi anai-arreba izan ziren, eta bera laugarrena.
1949an ezkondu zen Krispin Agirre azpeitiarrarekin, eta ordutik Erdikalean bizi da. Hiru seme dauzka, Esteban, Juanjo eta Iñigo Agirre, baita lau biloba ere. Etxe azpiko Agirre dendan egin du lan ia bizitza osoan, senarrarekin eta bi semerekin. 1982. urtean alargundu zen.
Bizitza oso aktiboa izan du Lazkanok; semeak zaintzen eta lanean jardun du. Era berean, parrokiari lotutako hainbat ekintzatan ere lan egiten zuten familiakoek, batez ere Caritasen. Asko bidaiatutakoa da, munduko leku askotan egondakoa. Bakarrik zein lagunekin edo familiarekin, munduko beste lekuak eta kulturak ezagutzea asko gustatu izan zaio.
Gaur egun, etxean egoten da, laguntza jasotzen du, eta hiru semeek urteak daramatzate etenik gabe berarekin egoten eta laguntzen. Esaten du egoera eta laguntza onartu egin behar direla, eta "oso eskertuta" sentitzen dela.
100 urte bete dituzten hiru herritarren testigantzak dira erreportaje honetan bildutakoak, ondorengoentzako eredu izan daitezkeen hiru kontakizun. Gomendio politak eman dituzte, eta ea halako belaunaldi sendoak sortzen diren atzetik, adinez ahalik eta luzeenak eta mamiz ahalik eta oparoenak. 2126ak ea zer dakarren...
Pakita Egiguren eta Margari Aizpuru, tragoa hartzen eta azeitunak jaten. (Kris Fernandez)
Egiguren, gaztetan, anaiarekin. (Utzitakoa)
Aizpuru eta senarra, ezkontzako argazkian. (Utzitakoa)
Josefa Lazkano, 100 urte bete zituen egunean. (Utzitakoa)
Lazkano (erdian), senarrarekin eta izebarekin. (Utzitakoa)