Bereziak izango dira asteburuko helduen zinema emanaldiak, herrikoek sortutako lanak ikusteko eta ikus-entzunekoen zuzendariekin solasteko aukera izango baita. Igandean, esaterako, Xanti Rodriguezek eta Amancay Gaztañagak zuzendutako Piztiak telesailaren hainbat kapitulu proiektatuko dituzte, 19:30ean, Soreasu antzokian. Astelehenean, berriz, Deñe Gracia-Bravok eta Mikel Balerdik zuzendutako Eraman zutela dokumentala eskainiko dute 21:00etan.
Piztiak telesaila Urrestillako bi baserritan, dendan eta herrigunean nahiz Azpeitiko parrokian eta plazan grabatu zuten, eta bihar, osteguna, estreinatuko da EITBren Primeran plataforman. Rodriguez zuzendariaz gainera, Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala azpeitiar aktoreek ere parte hartu dute telesailean. Azpeitiko Ospel Films ekoiztetxeak ekoitzi du telesaila, EITBren sortzaile berrien deialdiko diru laguntzari esker. Estreinaldia eta gero, igandean hainbat kapitulu proiektatuko dituzte Soreasu antzokiko pantaila handian, Kulturaz kultur kooperatibak antolatuta. Hitzordu horretan zuzendariekin solasaldia ere izango da.
Asteleheneko zinema emanaldian, Deñe Garcia Bravo urrestildarrak eta Mikel Balerdik zuzendutako Eraman zutela dokumentala ikusi ahal izango da Soreasun. 1936ko gerra piztu berritan fusilatu zituzten bi lagunen historiatik abiatuta ondutako ikus-entzunezkoa da. Hainbat sari jasotakoa ere bada lana; iaz, Lekeitioko Euskal Zine Bileran (Bizkaia) Zilarrezko Antzara eta aipamen berezia lortu zituzten. Eta aurten, urtarrilean, Uhezinemaren jaialdian beste bi sari eskuratu zituen dokumentalak, epaimahaiarena eta ikusleena.
Haurrentzako, animazio filma
Igande arratsaldean, ohi bezala, haurrentzako zinema emanaldia izango da Soreasu antzokian, 16:30ean hasita. Tafiti eta lagunak abentura eta komedia uztartzen dituen animazio filma euskaraz proiektatuko dute. Tafiti izeneko surikata gazte batek Bristles basurdea ezagutuko du, baina badaki ezin direla lagunak izan. Dena den, arrano batek Bristles erasotuko du eta Tafiti laguntzera joango da. Gero, baina, istripu larri bat izango dute, eta hori gainditzeko hainbat gorabehera biziko dituzte.