Albistegia

Ohiko izenak eta irabazle berriak protagonista, Domusa Teknik mendi lasterketetan

Oier Arregi - Urtzi Oteiza - Gorka Eizagirre - Iraia Oteiza - Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 10a

Domusa Teknik Lana trail taldeko mendi lasterkariak nabarmendu ziren atzo Azpeitian jokatutako probetan. Borja Zubizarretak eta Mayi Mujikak irabazi zuten Domusa Teknik 40 MLK lasterketa, eta Aritz Egeak eta Onditz Iturbek Domusa Teknik 15 MLK lasterketa.

Domusa Teknik mendi lasterketak jokatu zituzten atzo, zapatua, Azpeitiko mendietan zehar. Bosgarren urtez jokatu zuten Domusa Teknik 40 MLK ultra traila, eta hirugarrenez Domusa Teknik 15 MLK mendi lasterketa. Aurrez txapela irabazitako zenbait korrikalarik beren izena berretsi zuten atzo berriro proba irabazita, baina irabazle berriak ere izendatu zituzten. 

65 kilometroko Domusa Teknik 40 MLK proban, Borja Zubizarreta azkoitiarra eta Mayi Mujika elgoibartarra nagusitu ziren, eta Aritz Egea zumarragarra eta Onditz Iturbe igorreztarra Domusa Teknik 15 MLK lasterketan.  Atzo, era berean, azpeitiarrik onenak ere saritu zituzten. Proba luzean, Unai Zialtzeta eta Naroa Uria izan ziren onenak, eta motzean, Ibai Angulo eta Eneritz Aramendi. 

Proba luzean, 580 kirolari zeuden izena emanda, eta 388 lagunek amaitu zuten lasterketa –343 gizonek eta 45 emakumek–. Proba motzean, berriz, 450 lagun zeuden izena emanda, eta 348 lagunek lortu zuten helmugako lerroa zeharkatzea –188 gizonek eta 160 emakumek–. 

Atzoko irudi esanguratsuenak eta bi probetako sailkapenetako irabazleen adierazpenak uztartu ditu Guka Telebistak laburpen bideo honetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide