Lagun Onak mendi bazkunak ekainaren 20rako, larunbata, antolatu du Ehunmilak Biraren bosgarren etapa. Otzaurte eta Beasain artean 36 kilometroko ibilbidea egingo dute mendizaleek, tartean Aizkorri eta Aketegi igota. Lagun Onakek adierazi du "etapa nagusia" dela.
Otzaurte-Beasain etaparen luzera kontuan hartuta irteera ordua aurreratu egin dute, beraz, ekainaren 20an 06:00etan irtengo dute Azpeitiko anbulatorioaren aurretik. Helduentzako egun guztirako irteera izango da.
Irteeran parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharra dago, eta horretarako epea ekainaren 18an (osteguna) bukatuko da. Izena emateko mendizale elkarteko bazkideek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek 20 euro. Norberaren izen-abizenak adierazita, ordainketa Lagun Onak MBren Rural Kutxako ES05 3008 0152 64 5416695822 kontu korrontean egin behar da. Behin ordaindutakoan, ordainagiria lagunonak.ibilaldiak@gmail.com helbide elektronikora bidali behar da.
Zazpi etapako egitasmoa
Ehunmilak Bira Azpeitian hasi eta bukatuko dute, zazpi etapatan 171 kilometro luzerako bidea eginda. Otsailean egin zuten aurreneko etapa mendizaleek Azpeitia-Tolosa artean, martxoan Tolosa-Larraitz, apirilean Larraitz-Lizarrusti eta maiatzean Lizarrusti-Otzaurte etapak egin zituzten. Aurreneko lau etapak dagoeneko eginda, bosgarrena izango da ekainaren 20rako antolatu dutena.
Hona hemen Ehunmilak Bira egitasmoko hurrengo etapen egutegia:
- Ekainak 20. Otzaurte-Beasain. 36 kilometro. Gailurrak: Aizkorri eta Aketegi.
- Irailak 19. Beasain-Elosua. 30 kilometro. Gailurra: Izazpi.
- Urriak 24. Elosua-Azpeitia. 25 kilometro. Gailurrak: Irukurutzeta eta Xoxote.