Herriko beste festek piztuko dituzte saninazioak

Mailo Oiarzabal eta Aitziber Arzallus 2026ko uztailaren 29a

Aurreko urte bateko saninazioetako txupinazoko une bat, plazan. (Guka)

Bihar hasiko dira, festa batzorde herrikoiek txupinazoa botata, hiru egun oso eta laugarrenaren zatitxoa hartuko duten udako jai nagusiak. Elizkizunak, zezenketak, askotariko musika, ikuskizunak, suzko erroberak, herri bazkaria, zesta punta eta esku pilota partidak, Bakailao Txapelketa, Kuadrilla Arteko Olinpiadak nabarmentzen dira aurten ere egitarauan, beste ekitaldiak ahaztu gabe. Azpeititik inguruko herrietara gaueko autobus zerbitzu bereziak ere egongo dira.

Festa 'txikien' eskutik iritsiko dira aurten saninazioak. Bihar, San Inazio bezperan, eguerdian botako duten txupinazoarekin hasiko dituzte ofizialki festak, aurreko asteburuan santioak majo eta oparo ospatu ondoren, eta festa batzorde herrikoietako kideak izango dira lehen suziria pizteko udaletxeko balkoira irtengo direnak. "Zorte handia daukagu Azpeitian, urtean zehar, auzoz auzo, festak antolatzeko prest dagoen jende mordoa daukagulako", zioen Nagore Alkorta alkateak jaien aurkezpenean.

Txupinazoaren atzetik, hiru egun eta gau bete eta laugarrenaren lehen orduak hartuko dituen ekitaldiz betetako egitarauaz gozatzeko aukera izango dute azpeitiarrek zein kanpotik festetara etorriko direnek. Elizkizunak, zezenketak eta musika, musika asko eta askotarikoa, nabarmentzen dira aurten ere egitarauan, beste ekitaldiak ahaztu gabe: txupinazoa botako dutenen artean izango diren Haujijijai batzorde herrikoiak abuztuaren 1erako antolatu dituen Bakailao Txapelketa edota Kuadrilla Arteko Olinpiadak, esaterako.

Gaueko autobusak

Saninazioetan, uztailaren 30etik abuztuaren 1era bitarteko gauetan, autobus zerbitzu bereziak egongo dira 00:30ean Azpeititik irtenda, Zestoan (00:40) eta Zumaian (01:00) geldialdia eginez; baita 02:30ean eta 04:30ean ere, honako geldialdi hauekin: Zestoa (02:40 eta 04:40), Zumaia (03:00 eta 05:00), Getaria (03:10 eta 05:10) eta Zarautz (03:25 eta 05:25). Horrez gain, gaueko zuzeneko zerbitzuak ere izango dira Azpeititik Zestoara, 01:10ean, 03:10ean eta 05:10ean, eta Azkoitira, 00:10ean eta ondoren orduero 01:40tik 06:40ra arte.

Gainera, bihartik etzirako gauean, hilaren 30etik 31rako gauean, beste gaueko zerbitzu bat izango da Azpeititik Zumaiara, 06:30ean irten eta 07:00etan iritsiko dena, 06:40ean Zestoan geldialdia eginez. Halaber, abuztuaren 1etik 2rako gauean, zuzeneko zerbitzuak egongo dira Azpeititik Azkoitira, 02:40an, 04:40an eta 06:40an irtenda.

Azpeititik Errezilera ere joango da autobusa 02:00etan, 04:00etan eta 06:00etan irtenda (azken zerbitzu hori uztailaren 30etik 31rako eta abuztuaren 1etik 2rako gauetan baino ez da eskainiko).

Halaber, abuztuaren 1etik 2rako gauean, UK45G eta UK46G lineek ohiko zerbitzua eskainiko dute, baina aldaketa batzuekin. Hala, UK45G linean kendu egingo dira Zestoatik 03:45ean eta 05:45ean irteten diren zerbitzuetako Zestoako geltokiak; eta UK46G linean, Azkoitiko Munibe geltokia ez da egingo 02:20an, 04:20an eta 06:00etan bertatik irteten diren lineetan. Zerbitzu horiek Azpeititik zuzenean abiatuko dira, hurrenez hurren, 03:55ean eta 05:55ean, eta 02:30ean, 04:30ean eta 06:10ean.

Egitaraua:

Bihar, osteguna, San Inazio bezpera.
  • 11:00. Hamaiketakoa, herriko plazan. 
  • 12:00. Txupinazoa eta Marea Arroxa. Herriko jaiei hasiera emanez, udaletxetik botako dute suziria herriko festa batzordeetako ordezkariek. 
  • Ondoren, Azpeitiko Udal Musika Bandak, Izarraitz txistulari taldeak, Arrasateko gaiteroek eta Azpeitiko erraldoiek eta buruhandiek kalejira egingo dute. 
  • Segidan, Skapaie elektrotxaranga, Alde Zaharrean zehar. 
  • 12:30. San Inazio bezperan toreatuko dituzten Loreto Charro ganadutegiko zezenen aukeraketa, zezen plazan. 
  • 15:00. Herri bazkaria, herriko plazan. 
  • Ondoren, Palestinarekiko elkartasun argazkia, Haujijijaik deituta.
  • 17:00. Txosnagunearen irekiera eta jolasak, Txosnagunean. 
  • 17:30. Bergarako Zezenak ganadutegiko bigantxak 16 urtetik gorakoentzat, Done Jakue kalean. 
  • 18:00. Front Oi! Txiki Fest kontzertuak: Inguma, Aurrez Aurre, Verrater eta Jipoituak taldeak. Done Jakue kalean.
  • 18:30. San Inazio bezperako zezenketa, zezen plazan. 
    • Toreatzaileak: Daniel Luque, Borja Jimenez, Marco Perez. 
  • 18:30. Sakatu! elektrotxaranga, Alde Zaharrean. 
  • 19:00. Meza eta bederatziurrena parrokiako nahiz Julian Barrenetxea abesbatzekin eta Itziar Urbieta organistarekin, Loiolako basilikan. 
  • 19:00. Los Incansables txaranga, herriko kaleetan zehar. 
  • 19:00. Bull eta Elepunto DJak, Olazko Amaren plazan. 
  • 20:00. Etxera jantokia, Azoka Plazan. 
  • 22:00. Manitu taldearen kontzertua, Txosnagunean. 
  • 23:00. Su festa, Pirotecnia Pabloren eskutik, Izarraizko Atean. 
  • 23:30. Gozategi taldearen kontzertua, herriko plazan. 
  • 23:30. Balantza taldearen erromeria, Txosnagunean. 
  • Ondoren, Jamaiketako DJa, Txosnagunean.
Uztailak 31, ostirala, San Inazio eguna.
  • 09:30. Azpeitiko Udal Musika Bandaren, Arrasateko gaiteroen eta Izarraitz txistulari taldearen goiz eresia. 
  • 10:10. Udal ordezkarien korporazioa. 
  • 10:30. Prozesioa, Alde Zaharrean. 
  • 11:00. Eukaristia Soreasuko Sebastian Donearen parrokian, parrokiako nahiz Julian Barrenetxea abesbatzekin eta Ignacio Arakistain organistarekin.
  • 12:30. Gauerdi txaranga, kalerik kale. 
  • 12:30. San Inazio egunean toreatuko dituzten Murteira Grave ganadutegiko zezenen aukeraketa, zezen plazan.
  • 12:30. Entzierro txikia Lopene ganadutegiko zezenekin, Done Jakue kalean. 
  • 13:00. Azpeitiko Udal Musika Bandaren kontzertua, Sanagustin kulturgunean. 
  • 13:00. Kalejira, Eraso ororen aurka! lelopean, Haujijijaik deituta.
  • 17:00. Holi hauts festa, Matxinada plazan. 
  • 17:30. Lopene ganadutegiko zezen txikiak, Done Jakue kalean. 
  • 17:30. Zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plazaren aurrean.
  • 18:30. Alurr dantza taldearen Hamaikua ikuskizuna, herriko plazan. 
  • 18:30. San Inazio eguneko zezenketa, zezen plazan. 
    • Toreatzaileak: Emilio de Justo, Borja Jimenez eta Victor Hernandez. 
  • 19:00. Oria txaranga, Landeta auzotik herriko plazara. 
  • 19:00. Poteo musikatua Burrumbaren eskutik, Alde Zaharrean. 
  • 20:00. Etxera jantokia, Azoka Plazan. 
  • 20:30. Parrillada, herriko plazan. 
  • 21:30. Eskuzko pilota partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan: 
    • 1. partida: Egiguren V.a-Salaberri II.a eta Alberdi II.a-Lizeaga
    • 2. partida: Zabala-Zabaleta eta Laso-Iztueta
  • 22:00. Leihotikan taldearen kontzertua, Txosnagunean. 
  • 23:00. Su festa, Pirotecnia Pabloren eskutik, Izarraizko Atean. 
  • 23:30. Neomak taldearen kontzertua, herriko plazan. 
  • 00:30. Streetwise taldearen kontzertua, Txosnagunean. 
  • 02:30. Kontzertua, Txosnagunean. 
Abuztuak 1, larunbata, San Inazio bigarrena.
  • 10:00. Azpeitiko Udal Musika Bandaren, Arrasateko gaiteroen eta Izarraitz txistulari taldearen goiz eresia. 
  • 10:30. Udal ordezkariek ongietorria egingo diete Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei, Loiolako basilikaren atarian. 
  • 10:30. Lurraren defentsan makroproiekturik ez! lelopean elkarretaratzea, Loiolan.
  • 11:00. Meza nagusia Loiolako basilikan, parrokiako nahiz Julian Barrenetxea abesbatzekin eta Itziar Urbieta organistarekin. 
  • 11:00. 15. Bakailao Txapelketa, herriko plazan. 
  • Ondoren, prestatutako bakailaoen dastaketa. 
  • 12:00. Txerokiak taldearen emanaldia, herriko plazan. 
  • 12:30. Arno ganadutegiko zezenekin entzierro txikia, Done Jakue kalean. 
  • 12:30. San Inazio bigarrenez toreatuko dituzten Ana Romero ganadutegiko zezenen aukeraketa, zezen plazan. 
  • 17:00. Apar festa, Balentina Agirre plazan. 
  • 17:30. Arno ganadutegiko zezen txikiak, Done Jakue kalean. 
  • 17:30. Kuadrilla Arteko III. Olinpiadak, Alde Zaharrean. 
  • 18:30. San Inazio bigarren eguneko zezenketa, zezen plazan. 
    • Toreatzaileak: Morenito de Aranda, Jesus Enrique Colombo eta Ismael Martin.
  • 18:30. Fanfarre Betijai, kalerik kale. 
  • 19:00. Eraman Jai Alai Gara elkarteak antolatuta, zesta punta jaialdia, Izarraitz pilotalekuan
  • 20:00. Etxera jantokia, Azoka Plazan. 
  • 21:30. Iratzar taldearen erromeria, Olazko Amaren plazan. 
  • 22:00. Tapia eta Leturia, Txosnagunean. 
  • 22:30. Harrobi Dantza Betikalaren eskutik, Geure(r)a ikuskizuna, herriko plazan. 
  • 23:30. Los Zopilotes Txirriaos taldearen kontzertua, herriko plazan. 
  • 01:00. Hazas taldea, Txosnagunean. 
  • 02:30. Kaparrak taldea, Txosnagunean. 
Abuztuak 2, igandea, San Inazio hirugarrena.
  • 06:00. Incansables txaranga, kalerik kale. 
  • 07:00. Marques de Saka ganadutegiko bigantxak 16 urtetik gorakoentzat, Done Jakue kalean. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide