Hasi da hainbeste itxarondako jaietarako atzera kontaketa

Julene Frantzesena 2026ko uztailaren 22a

Eragileetako, festa batzordeetako eta udaleko ordezkariak atzo arratsaldean plazan. (Julene Frantzesena)

Ostiralean eta zapatuan murgilduko dira herritarrak Santio jaietan, eta igandean Umeen Eguna izango da. Gero, egun batzuetako atsedenaren ostean iritsiko dira saninazioak. Festa usaina nabaria da, eta Azpeitiko Udalak eta herriko eragileek dena prest dute jaiei ekiteko. Atzo egin zuten jaien aurkezpena udal ordezkariek eta jaien antolakuntzan aritzen diren herritar hainbatek.

"Festa usaina da nagusi herrian". Hitz horiexekin hasi zuen atzo arratsaldean Santio eta San Inazio jaien aurkezpen agerraldia Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. Dena prest dute, jaiegunak iristea baino ez da falta, eta urduritasunak urduritasun, jaiei ekiteko "ilusioz" daudela azaldu zuen alkateak. 

Jaietako programa duela egun batzuk banatu zuen udalak etxez etxe, eta harekin batera argitaratu zuen jaietako egitaraua. Askotariko ekitaldiak izango dira, herritar guztiei zuzendutakoak, eta atzo jaien aurkezpenean ateratako argazkiarekin ere horixe islatu nahi izan dute. Hala azaldu zuen alkateak: "Zortea handia daukagu Azpeitian, urtean zehar, auzoz auzo, festak antolatzeko prest dagoen jende mordoa daukagulako. Udalak baliabideak-eta jartzen ditu, baina pertsona horien borondatezko lanik gabe oso desberdina izango litzakete guztia". Santioen eta saninazioen antolakuntzan ere herriko hainbat eragilek parte hartzen dutela nabarmendu zuen, talde hainbatek antolatutako ekitaldi zerrenda errepasatuta, eta denei eskerrak eman zizkien, "bihotzez". 

Aurten, San Inazio bezperako txupinazoa herriko festa batzordeetako kideek botako dute, eta Alkortak zehaztutakoaren arabera, alkate karguan bizi izan dituen sei txupinazoak [2020an eta 2021ean bertan behera geratu ziren] maitasun handiz gogoratzen ditu. Aurtengoan ere "buruan geratzen diren momentu horietako bat" bizitzeko aukera izango duelakoan dago, eta haren hitzetan, "ohorea" izango da saninazioen hasieran festa batzordeetako kideekin batera udaletxeko balkoian egotea. Gainera, herritarrei kalera ateratzeko, kaleko giroa bizitzeko, jendearekin elkartzeko eta saninazioak ondo-ondo pasatzeko esan zien alkateak. 

Gustu guztietarako egitaraua

Egitarau oparoa prestatu du udalak aurtengo jaietarako, eta hain zuzen, ekitaldi zerrenda aletu zuen Mikel Odriozola Festa batzordeburuak atzoko aurkezpenean. Berrikuntzetan eta aldaketetan egin zuen azpimarra hark, bai baitaude halakoak ere egitarauaren barruan. 

Larunbatean, Baserritarren Egunean, esaterako, aurten ez da blonda lehiaketarik izango; horren ordez animalien erakusketa egingo dute. Dena den, Odriozolak zehaztu du herenegun jakin zutela Eusko Jaurlaritzak atzera baimendu egin dituela abere azokak, baina zehaztu du ez dutela lehiaketa antolatzeko denborarik izan.

Bestalde, igandean Umeen Eguna izango da herrian. Aurten igandez ospatuko dute egun hori, baina larunbatez ere egin izan dute, eta zinegotziaren hitzetan, bietan ala bietan eduki izan du arrakasta. Hark aurreratu duenez, aurtengo erraldoien festan 22 taldek parte hartuko dute, eta izango da berrikuntza bat: bi buruhandi berri izango ditu Azpeitiko konpartsak, sukaldaria eta ttuntturroa. Lehen aldiz ikusi ahal izango dituzte herritarrek horiek kalean. 

Santioen eta haren bueltako festa egunen eta saninazioen arteko egunetako batean, lehen aldiz izozki tailerra egingo dutela ere gogorarazi du zinegotziak. Hain zuzen ere, Getariako Dona Doni saltokiko kideen eskutik, izozki tradizionalak egiten ikasteko aukera izango dute ehun gaztetxo inguruk; izen-ematea zabaldu zutenean jarritako plaza kopurua beteta dago.

Saninazioetan, berriz, zezen txikiak eta entzierro txikiak bueltan izango dira. Zezen txikien bueltako hitzorduak Done Jakue kalean izango dira: San Inazio bezperan, Bergarako Zezenak ganadutegiko bigantxak izango dira 16 urtetik gorakoentzat; San Inazio egunean, 12:30ean, entzierro txikia, eta 17:30ean zezen txikiak, Lopene ganadutegiaren eskutik; eta San Inazio bigarrenez, aurreko eguneko hitzordu berberak Arno ganadutegiko zezenekin.

Musikak badu lekua

Musikak jaietan "presentzia handia" izaten duela eta, aurtengoan euskaraz abesten duten taldeei lehentasuna eman dietela zehaztu zuen Odriozolak. Gainera, estilo hainbatetako taldeak herrira ekartzen saiatu direla ere adierazi du hark, eta horren erakusle dira zehaztuta dauden zuzenekoak: Tu-K, Gozategi, Neomak, Zopilotes Txirriaos, Bull eta Elepunto DJak nahiz Iratzar eta Zatekeen erromeria taldeak. Zinegotziak azaldu duenez, azke urteotan jendetza erakarri izan dute kontzertuek, eta aurtengoan ere hala izatea nahi du. Halaber, txosnagunean ere hainbat kontzertu izango direla gogorarazi du.

Gainera, hark dioenez, kontzertuek izan ohi dute oihartzunik handiena, baina aipatzekoa da Udal Musika Bandak, txarangek nahiz elektrotxarangek eskaintzen dituzten emanaldiak ere. "Kaleko festak dira saninazioak, eta haien lana ere eskertzekoa da", esan du. Horri lotuta, aurtengo Elektrotxarangen Lehiaketaren irabazleak Azpeitira itzuliko dira saninazioetan: hain zuzen ere, Sakatu taldeak irabazi zuen aurtengo edizioa, eta talde horrek San Inazio bezperan eskainiko du emanaldia, 18:30ean hasita, Alde Zaharrean barrena.

Pilotak ere bai

Santio egunez Ilunpe pilota elkartekoek jokatzen dituzten Cesar Valverde pilota txapelketako finalez haratago, pilotaren bueltako hainbat hitzordu izango dira aurtengo jaietan ere. San Inazio egunez izan ohi da pilotari profesionalen jaialdia, eta aurten ere Izarraitz pilotalekua izango da horren lekuko. Lehen lehian, Egiguren V.a eta Salaverri II.a, Alberdi II.a eta Lizeagaren aurka arituko dira. Bigarren partidan, berriz, Laso-Iztueta eta Zabala-Zabaleta bikoteak arituko dira nor baino nor gehiago. Etxeko bi pilotari protagonista izango diren partidetarako sarrerak salgai daude duela egun batzuetatik.

Pilotaren beste modalitate batzuez gozatzeko aukera ere izango dute herritarrek. Izan ere, Santio Egunean, Basque Motion elkarteak antolatuta, pala partida profesionalak izango dira Izarraitzek. Lehen neurketa Fustok eta Skufcak jokatuko dute Madariagaren eta Insaustiren kontra; bigarrena, berriz, Mikel Sanzek eta Gordonek Maldonadoren nahzi Oier Alkorta azpeitiarraren aurka. 

Horrez gain, San Inazio bigarrenez, zesta punta jaialdia izango da 19:30ean hasita, Izarraitzen. Iaz egin zuten zesta puntako hitzordua aurreneko aldiz saninazioetan, eta ekitaldiak izan zuen arrakasta ikusirik, berriro antolatzea erabaki dute Jai Alai Gara elkarteak eta udalak. Dena den, oraindik ikusteko dago zein jokalari ariko diren Azpeitian, nahiz eta zehaztu duten punta-puntakoak izango direla.

Barrakak, ostiralean zabalik

Barrakak ere hasi dira herrira iristen, eta ostiralean zabalduko dituzte. Betharrametako jolastokian hasi dira dagoeneko horiek muntatzen, eta ohiko moduan, tiobiboetan prezio murritzagoetan ibili ahal izango dute herritarrek. Aurten bitan izango dute horretarako aukera: uztailaren 29an eta abuztuaren 2an, 1,5 euroren trukean erosi ahal izango dira txartelak. Gainerako egunetan, berriz, 2,5 euro ordaindu beharko da txartel bakoitza.

Azken urteetako gisan, barraken gunean musikarik gabeko orduak izango dira egunero; 17:00etaik 18:30era ez da musikarik izango tiobiboen eremuan. Gainera, aniztasun txartela dutenek soilik ibili ahal izango dute barraketan uztailaren 26an, 16:00etatik 17:00etara, nahiz uztailaren 31n, 11:00etatik 12:30era.

Indarkeria matxistari, ez

Duela bi urte martxan jarritako Danok eo iñorrez. Danona da festie, danona da ardurie kanpainarekin segituko du udalak iristear diren festetan. Iaz kaleratutako spota gogora ekarrita, indarkeria matxistarik gabeko jaien aldeko aldarria egin dute udal ordezkariek. Gainera, gogorarazi dute indarkeria matxistarik gabeko gunea izango dela jaietan Plaza Txikian.

Hain zuzen ere, uztailaren 24an 22:00etatik 02:00etara, uztailaren 25ean 12:00etatik 15:00etara, uztailaren 28an 10:00etatik 14:00etara, uztailaren 30ean 18:00etatik 01:00etara, uztailaren 31n 19:00etatik 01:00etara eta abuztuaren 1ean 18:00etatik 02:00etara izango da karpa plaza horretan. 

Hona hemen, santioetako eta saninazioetako egitarau osoa:

Uztailak 24, ostirala
  • 19:00. Presoen eta iheslarien aldeko elkarretaratzea, herriko plazan. 
  • 19:30. Kodaore eskolakoen judo erakustaldia, herriko plazan. 
  • 20:30. Tu-K taldearen kontzertua, Balentina Agirre plazan. 
Uztailak 25, zapatua, Baserritarren Eguna 
  • 10:00. 41. Cesar Valverde pilota txapelketaren finalak, Izarraitz pilotalekuan. 
  • 10:30. Azpeitiko Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldearen goiz eresia. 
  • 10:55. Nafartasunari gorazarre egiteko kalejira, Perez Arregik plazatik herriko plazara. 
  • Ondoren, Urolako Napar Zuztarrak taldearen eskutik, bertsoak, kantak, pregoia eta ohorezko dantza, herriko plazan. 
  • 11:00. Animalien erakusketa, Astotegian. 
  • 11:00. 26. Gazta Lehiaketa, Azoka Plazan. 
  • 12:00. 52. Sagardo Lehiaketa eta txekor erre nahiz hegaluze dastaketa, herriko plazan. 
    • Bertsotan: Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia eta Maddalen Arzallus. 
    • Trikitilariak: Laja II.a, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola. 
    • Aurkezlea: Xebastian Lizaso. 
  • 12:30. Kantujira saioa, Kantujirakoekin, Hazparnekoekin eta Marea Arroxa, Sanagustin kulturgunetik abiatuta. 
  • 18:00. Errekortari Txapelketa Nagusia, zezen plazan. 
  • 18:30. Sardina Freskue ikuskizuna, Done Jakue kalean. 
  • 18:30. Jainekin txaranga, Landeta auzotik herriko kaleetara. 
  • 21:00. Basque Motion elkarteak antolatuta, pala partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan. 
    • 1. partida: Fusto-Skufca eta Madariaga-Insausti
    • 2. partida: Mikel Sanz-Gordon eta Maldonado-Alkorta
  • 22:00. Zatekeen taldearen erromeria, herriko plazan. 
Uztailak 26, igandea, Umeen Eguna
  • 11:00. Goiz eresia eta korporazio txikia Itsasi dantza taldearekin, Luix Beltza dantza suelto eskolakoekin eta Juan Antxieta musika eskolako txistulariekin nahiz banda gaztearekin.
  • 12:00. Erraldoien dantza saioa eta sari banaketa, herriko plazan. 
  • 13:00. Erraldoien desfilea, Alde Zaharreko kaleetan zehar.
    • Parte hartzaileak: Bergarako erraldoiak (Arrasateko dultzaineroak), Azkoitiko erraldoiak (Iruñeko gaiteroak), Zarauzko Erraldoi eta Buruhandien Elkartea (Laguardiako gaiteroak), Elgoibarko erraldoiak (Gasteizko gaiteroak), Pasaiako Erraldoi Elkartea (Pasaiako dultzaineroak), Txantreako Erraldoien Konpartsa (Txantreako dultzaineroak), Urduñako Bihotza konpartsa (Urduñako dultzaineroak), Iruñeko Errotxapeako Erraldoien Konpartsa (Errtxoapeako dultzaineroak), Iruñeko Alde Zaharreko Konpartsa (Iruñeko dultzaineroak), Añorgako erraldoiak (Añorgako dultzaineroak), Iruñeko Buztintxuriko Erraldoi Konpartsa (Buztintxuriko dultzaineroak), Barañaingo Ezpelur konpartsa txikia (Barañaingo Ezpelur dultzaineroak), Tafallako Asier Marco erraldoi konpartsa (Asier Marko taldeko dultzaineroak), Iruñeko Mendillorriko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsa (Mendillorriko erraldoien eta buruhandien konpartsako dultzaineroak), Iruñeko Iturri Plaza erraldoi txikien elkartea (Iturri Plaza erraldoi txikien elkarteko dultzaineroak), Zizur Nagusiko erraldoien konpartsa (Zizur Nagusiko erraldoien konpartsako dultzaineroak), Lazkaoko erraldoi eta buruhandien konpartsa (Lazkaoko gaiteroak), Orioko erraldoiak (tarteko dultzaineroak), Izugarria Hondarribiko erraldoiak (Hondarribiko trikitilariak), Urrestillako erraldoiak (Azpeitiko trikitilariak), Errezilgo erraldoiak (Azpeitiko trikitilariak) eta Azpeitiko erraldoiak (Iruñeko dultzaineroak).
  • 14:30. Herriko haurrentzat eta gaztetxoentzat herri bazkaria, herriko plazan. 
  • 15:30. Haurrentzako jolasak eta kalejira, Alde Zaharrean. 
  • 16:15. 46. Inazio Deuna txirrindularitza saria, Lagun Onak txirrindulari elkarteak antolatuta, Perez Arregi plazan.
  • 17:30. Artzain txakur txapelketa, Artxate kooperatibak antolatuta, Olazko belardian. 
  • 19:30. Azpeitiko Udal Musika Bandaren pasodoble kontzertua, herriko plazan. 
Uztailak 28, asteartea
  • 17:00. Izozki tradizionalak egiten ikasteko tailerra, Dona-Doniren eskutik, Azoka Plazan. 
Uztailak 30, osteguna, San Inazio bezpera
  • 11:00. Hamaiketakoa, herriko plazan. 
  • 12:00. Txupinazoa eta Marea Arroxa. Herriko jaiei hasiera emanez, udaletxetik botako dute suziria herriko festa batzordeetako ordezkariek. 
  • Ondoren, Azpeitiko Udal Musika Bandak, Izarraitz txistulari taldeak, Arrasateko gaiteroek eta Azpeitiko erraldoiek eta buruhandiek kalejira egingo dute. 
  • Segidan, Skapaie elektrotxaranga, Alde Zaharrean zehar. 
  • 12:30. San Inazio bezperan toreatuko dituzten Loreto Charro ganadutegiko zezenen aukeraketa, zezen plazan. 
  • 15:00. Herri bazkaria, herriko plazan. 
  • 17:00. Txosnagunearen irekiera eta jolasak, Txosnagunean. 
  • 17:30. Bergarako Zezenak ganadutegiko bigantxak 16 urtetik gorakoentzat, Done Jakue kalean. 
  • 18:30. San Inazio bezperako zezenketa, zezen plazan. 
    • Toreatzaileak: Daniel Luque, Borja Jimenez, Marco Perez. 
  • 18:30. Sakatu! elektrotxaranga, Alde Zaharrean. 
  • 19:00. Meza eta bederatziurrena parrokiako nahiz Julian Barrenetxea abesbatzekin eta Itziar Urbieta organistarekin, Loiolako basilikan. 
  • 19:00. Los Incansables txaranga, herriko kaleetan zehar. 
  • 19:00. Kontzertuak, Done Jakue kalean. 
  • 19:00. Bull eta Elepunto DJak, Olazko Amaren plazan. 
  • 20:00. Etxera jantokia, Azoka Plazan. 
  • 22:00. Manitu taldearen kontzertua, Txosnagunean. 
  • 23:00. Su festa, Pirotecnia Pabloren eskutik, Izarraizko Atean. 
  • 23:30. Gozategi taldearen kontzertua, herriko plazan. 
  • 23:30. Balantza taldearen erromeria, Txosnagunean. 
Uztailak 31, ostirala, San Inazio eguna
  • 09:30. Azpeitiko Udal Musika Bandaren, Arrasateko gaiteroen eta Izarraitz txistulari taldearen goiz eresia. 
  • 10:10. Udal ordezkarien korporazioa. 
  • 10:30. Prozesioa, Alde Zaharrean. 
  • 11:00. Eukaristia Soreasuko Sebastian Donearen parrokian, parrokiako nahiz Julian Barrenetxea abesbatzekin eta Ignacio Arakistain organistarekin.
  • 12:30. Gauerdi txaranga, kalerik kale. 
  • 12:30. San Inazio egunean toreatuko dituzten Murteira Grave ganadutegiko zezenen aukeraketa, zezen plazan.
  • 12:30. Entzierro txikia Lopene ganadutegiko zezenekin, Done Jakue kalean. 
  • 13:00. Azpeitiko Udal Musika Bandaren kontzertua, Sanagustin kulturgunean. 
  • 17:00. Holi hauts festa, Matxinada plazan. 
  • 17:30. Lopene ganadutegiko zezen txikiak, Done Jakue kalean. 
  • 18:30. Alurr dantza taldearen Hamaikua ikuskizuna, herriko plazan. 
  • 18:30. San Inazio eguneko zezenketa, zezen plazan. 
    • Toreatzaileak: Emilio de Justo, Borja Jimenez eta Victor Hernandez. 
  • 19:00. Oria txaranga, Landeta auzotik herriko plazara. 
  • 19:00. Poteo musikatua Burrumbaren eskutik, Alde Zaharrean. 
  • 20:00. Etxera jantokia, Azoka Plazan. 
  • 20:30. Parrillada, herriko plazan. 
  • 21:30. Eskuzko pilota partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan: 
    • 1. partida: Egiguren V.a-Salaberri II.a eta Alberdi II.a-Lizeaga
    • 2. partida: Zabala-Zabaleta eta Laso-Iztueta
  • 22:00. Leihotikan taldearen kontzertua, Txosnagunean. 
  • 23:00. Su festa, Pirotecnia Pabloren eskutik, Izarraizko Atean. 
  • 23:30. Neomak taldearen kontzertua, herriko plazan. 
  • 00:30. Streetwise taldearen kontzertua, Txosnagunean. 
  • 02:30. Kontzertua, Txosnagunean. 
Abuztuak 1, larunbata, San Inazio bigarrena
  • 10:00. Azpeitiko Udal Musika Bandaren, Arrasateko gaiteroen eta Izarraitz txistulari taldearen goiz eresia. 
  • 10:30. Udal ordezkariek ongietorria egingo diete Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei, Loiolako basilikaren atarian. 
  • 10:30. Lurraren defentsan makroproiekturik ez! lelopean elkarretaratzea, Loiolan.
  • 11:00. Meza nagusia Loiolako basilikan, parrokiako nahiz Julian Barrenetxea abesbatzekin eta Itziar Urbieta organistarekin. 
  • 11:00. 15. Bakailao Txapelketa, herriko plazan. 
  • Ondoren, prestatutako bakailaoen dastaketa. 
  • 12:00. Txerokiak taldearen emanaldia, herriko plazan. 
  • 12:30. Arno ganadutegiko zezenekin entzierro txikia, Done Jakue kalean. 
  • 12:30. San Inazio bigarrenez toreatuko dituzten Ana Romero ganadutegiko zezenen aukeraketa, zezen plazan. 
  • 17:00. Apar festa, Balentina Agirre plazan. 
  • 17:30. Arno ganadutegiko zezen txikiak, Done Jakue kalean. 
  • 17:30. Kuadrilla Arteko III. Olinpiadak, Alde Zaharrean. 
  • 18:30. San Inazio bigarren eguneko zezenketa, zezen plazan. 
    • Toreatzaileak: Morenito de Aranda, Jesus Enrique Colombo eta Ismael Martin.
  • 18:30. Fanfarre Betijai, kalerik kale. 
  • 19:00. Eraman Jai Alai Gara elkarteak antolatuta, zesta punta jaialdia, Izarraitz pilotalekuan. 
  • 20:00. Etxera jantokia, Azoka Plazan. 
  • 21:30. Iratzar taldearen erromeria, Olazko Amaren plazan. 
  • 22:00. Tapia eta Leturia, Txosnagunean. 
  • 22:30. Harrobi Dantza Betikalaren eskutik, Geure(r)a ikuskizuna, herriko plazan. 
  • 23:30. Los Zopilotes Txirriaos taldearen kontzertua, herriko plazan. 
  • 01:00. Hazas taldea, Txosnagunean. 
  • 02:30. Kaparrak taldea, Txosnagunean. 
Abuztuak 2, igandea, San Inazio hirugarrena
  • 06:00. Incansables txaranga, kalerik kale. 
  • 07:00. Marques de Saka ganadutegiko bigantxak 16 urtetik gorakoentzat, Done Jakue kalean. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide