Irailaren 13rako Azpeitia-3H-Gasteiz egitasmoko seigarren etapa antolatu dute mendizaleek

Nerea Uranga 2025ko ira. 3a, 08:45

Gorbeiako gurutzea. (Lagun Onak MB)

Irailaren 13an Otxandio eta Murgia artean 29 kilometroko ibilbidea egingo dute, Gorbeiarako igoera aukeran dela. Irteeran parte hartu nahi duten mendizaleek irailaren 11rako eman beharko dute izena. Azpeitia-Gasteiz egitasmoko azkenaurreko etapa da.

Azpeitia-3H-Gasteiz egitasmoko seigarren etapa antolatu du Lagun Onak mendi bazkunak irailaren 13rako (larunbata). Otxandio (Bizkaia) eta Murgia (Araba) arteko 29 kilometroko ibilbidea egingo dute, tartean, Gorbeia (1.481 m) tontorra igoz, "egitasmoko hirugarren eta azken handia".

Bizkaia eta Araba artean egingo duten mendi ibilbidean, "naturgune ederrak" zeharkatuko dituztela azaldu dute mendizaleek, eta Euskal Herriko gailur ezagunenetako bat zapaltzeko aukera izango dutela. 

Helduentzako egun osoko ibilaldia da irailaren 13koa, eta 1.300 metroko desnibela du. Anbulatorio aurretik irtengo dute mendizaleek, 07:00etan.

Irteeran parte hartzeko izena eta ordainketa irailaren 11 (osteguna) baino lehen egin beharko da Lagun Onak MBren webgunean. Lagun Onak MBko bazkideek 15 euro ordaindu beharko dute eta gainontzekoek 20 euro.

Izen ematearen ordainketa ES05 3008 0152 64 5416695822 (Rural Kutxa) kontu korronte zenbakian egin behar da parte hartzaile bakoitzaren izen-abizenak jarrita. Rural Kutxaren Azpeitiko bulegoan ibilbiderako ordainketa egiten dutenek egitasmorako propio egindako kamiseta jasoko dute. Bestalde, Rural Kutxan kontua duten edota egiten duten ibilaldiko partaideek ibilaldiko ordaina berreskuratuko dute.

Otsailetik etapaz etapa

Azpeitia-·3H-Gasteiz etapakako egitasmoko azkenaurreko etapa izango da irailaren 13koa. Zazpigarrena eta azkena, Murgia eta Gasteiz artekoa, urriaren 18an egitea aurreikusita dute Lagun Onak MBkoek.

Azpeitia eta Gasteiz zazpi etapatan lotzeko egitasmoa otsailean abaitu zuten mendizaleek. 

Hona hemen egindako etapak eta falta diren biak:

  1. Otsailaren 15a. Azpeitia-Zumarraga (30 kilometro). Izarraitz Birako eta Zazpi Kurutze mendi martxako ibilbideeak jarraituz, 30 kilometroko eta 1.600 metroko desnibela duen ibilbidea osatu zuten 86 mendizalek. Zenbait zatitan lokatz handi samarra topatu zuten arren, ez zen aurrera jarraitzeko oztopo izan mendizaleentzat eta "egunsenti nahiz eguraldi bikainaz" gozatzeko aukera izan zuten ibilaldiko parte hartzaileek.
  2. Martxoaren 15. Zumarraga-Zegama (24 kilometro). Arranoaitz mendia igo, eta Udanatik pasatu ostean, Aizkorriren magaletik Zegamarako bidea egin zuten 67 mendizalek. Eguraldi makurra izan zuten.
  3. Apìrilaren 12a. Zegama-Arantzazu (Aizkorri) (20 kilometro). 94 mendizalek osatu zuten hirugarren etapa. Zegamatik San Adrianera arteko bidea elkarrekin egin ostean, toki horretan bitan banatu zen taldea eta 75 lagun Aizkorrira igo ziren. Gero, talde guztiak Urbian egin zuen berriro bat, eta handik elkarrekin jaitsi ziren Arantzazura.
  4. Maiatzaren 31. Arantzazu-Leintz Gatzaga (27 kilometro). Arantzazutik abiatuta Elgea azpiko basoak, Andarto inguruak, Degurixa, Leitzgarate eta Makatzgain mendiak zeharkatu zituzten, ibilaldian parte hartu zuten 81 mendizaleek.
  5. Ekainaren 28a. Leintz Gatzaga-Otxandio (Anboto) (28 kilometro).

    58 mendizalek parte hartu zuten ibilaldian, eta bi taldetan banatuta egin zuten etapa, eta horietako talde batek Anbotoko gailurra igo zuen. Euskal Herriko hiru lurraldetan ibili ziren mendizaleak egitasmoko bosgarren etapan: Gipuzkoatik abiatu, Araban sartu eta Bizkaian bukatu zuten.

  6. Irailaren 13a. Otxandio-Murgia (Gorbea) (29 kilometro).
  7. Urriaren 18a. Murgia-Gasteiz (21 kilometro).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide