Urriaren 18an egingo dute Azpeitia-3H-Gasteiz ibilbideko azken etapa

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 1a, 10:14

Azpeitia-Gasteiz ekimenaren seigarren etapan parte hartu zuten mendizaleak, Gorbeiako gurutzean. (Lagun Onak MB)

Urriaren 18an Murgia eta Gasteiz artean 21 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta horrekin, otsailean hasi zuten egitasmoari amaiera emango diote mendizaleek. Irteeran parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute.

Azpeitia-3H-Gasteiz egitasmoko zazpigarren eta azken etapa antolatu du Lagun Onak mendi bazkunak urriaren 18rako. Etapaz etapa, Arabako hiriburura hurbiltzen aritu dira Azpeitiko mendizaleak, eta azken etapan, Murgia (Araba) eta Gasteiz lotuko dituzte. 

Mendizaleak 07:00etan abiatuko dira anbulatorio aurretik. 21 kilometroko eta 400 metroko desnibela izango ditu etapak, eta hainbat paraje ezagutuko dituzte ibilaldira batzen diren lagunek, besteak beste, Jugatxiko ermita, Arrotako mendilerroa eta Foronda.

Urriaren 18ko hitzorduan parte hartzeko izen-ematea ireki du Lagun Onakek. Mendi bazkuneko bazkideek hamabost euro ordaindu beharko dute txangoan parte hartzeko, eta gainontzekoek, hogei euro. Bestalde, ekimenaren amaiera ospatzeko afaria egingo dute Mendizaleak jatetxean, eta otorduan parte hartu nahi dutenek, 45 euro ordaindu beharko dute. Honako kontu korrontean egin beharko dute ordainketa, izen-abizenak zehaztuta: ES05 3008 0152 64 5416695822 (Rural Kutxa).

Rural Kutxaren Azpeitiko bulegoan ibilbiderako ordainketa egiten dutenek egitasmorako propio egindako kamiseta jasoko dute. Bestalde, Rural Kutxan kontua duten edota egiten duten ibilaldiko partaideek ibilaldiko ordaina berreskuratuko dute.

Otsailetik etapaz etapa

Azpeitia eta Gasteiz zazpi etapatan lotzeko egitasmoa otsailean abaitu zuten mendizaleek, eta egitasmoko azkenengo etapa izango da urrian egingo dutena. Hona hemen egindako etapak:

  1. Otsailaren 15a. Azpeitia-Zumarraga (30 kilometro). Izarraitz Birako eta Zazpi Kurutze mendi martxako ibilbideeak jarraituz, 30 kilometroko eta 1.600 metroko desnibela duen ibilbidea osatu zuten 86 mendizalek. Zenbait zatitan lokatz handi samarra topatu zuten arren, ez zen aurrera jarraitzeko oztopo izan mendizaleentzat eta "egunsenti nahiz eguraldi bikainaz" gozatzeko aukera izan zuten ibilaldiko parte hartzaileek.
  2. Martxoaren 15. Zumarraga-Zegama (24 kilometro). Arranoaitz mendia igo, eta Udanatik pasatu ostean, Aizkorriren magaletik Zegamarako bidea egin zuten 67 mendizalek. Eguraldi makurra izan zuten.
  3. Apìrilaren 12a. Zegama-Arantzazu (Aizkorri) (20 kilometro). 94 mendizalek osatu zuten hirugarren etapa. Zegamatik San Adrianera arteko bidea elkarrekin egin ostean, toki horretan bitan banatu zen taldea eta 75 lagun Aizkorrira igo ziren. Gero, talde guztiak Urbian egin zuen berriro bat, eta handik elkarrekin jaitsi ziren Arantzazura.
  4. Maiatzaren 31. Arantzazu-Leintz Gatzaga (27 kilometro). Arantzazutik abiatuta Elgea azpiko basoak, Andarto inguruak, Degurixa, Leitzgarate eta Makatzgain mendiak zeharkatu zituzten, ibilaldian parte hartu zuten 81 mendizaleek.
  5. Ekainaren 28a. Leintz Gatzaga-Otxandio (Anboto) (28 kilometro).

    58 mendizalek parte hartu zuten ibilaldian, eta bi taldetan banatuta egin zuten etapa, eta horietako talde batek Anbotoko gailurra igo zuen. Euskal Herriko hiru lurraldetan ibili ziren mendizaleak egitasmoko bosgarren etapan: Gipuzkoatik abiatu, Araban sartu eta Bizkaian bukatu zuten.

  6. Irailaren 13a. Otxandio-Murgia (Gorbea) (29 kilometro). 58 mendizalek osatu zuten egitasmoaren seigarren eta azkenaurreko etapa, Arabako lurretan murgilduz eta tartean egitasmoko Hiru Handietako hirugarren eta azkena igoz: Gorbeia. 
  7. Urriaren 18a. Murgia-Gasteiz (21 kilometro).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide