Zazpi etaparen ostean, helmugara iritsi da Azpeitia-3H-Gasteiz egitasmoa

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 21a, 12:22

Lagun Onak mendi bazkunak otsailean abiatu zuen Azpeitia-3H-Gasteiz ekimena, eta larunbatean egin zuten azken etapa. 64 mendizalek osatu zuten Murgia eta Arabako hiriburua lotzen dituen 21 kilometroko ibilbidea.

Lagun Onak mendi bazkunak otsailean abiatu zuen Azpeitia eta Gasteiz zazpi etapatan lotzeko egitasmoa, eta ehunka kilometro oinez egin ostean, larunbatean Arabako hiriburura iritsi zen 64 mendizalek osatutako taldea.

Azkenengo etapan, Murgiatik (Araba) abiatu ziren mendizaleak, eta Jugatxiko ermita, Arrotako mendilerroa nahiz Foronda zeharkatu zituzten 21 kilometroko ibilbidea osatzeko, harik eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazara iritsi ziren arte. Azpeitira itzuli zirenean, Mendizaleak jatetxean egindako afari batekin ospatu zuten Azpeitia-3H-Gasteiz bidearen amaiera. 

Hona hemen egitasmoan egin dituzten etapen zerrenda:

  1. Otsailaren 15a. Azpeitia-Zumarraga (30 kilometro). Izarraitz Birako eta Zazpi Kurutze mendi martxako ibilbideeak jarraituz, 30 kilometroko eta 1.600 metroko desnibela duen ibilbidea osatu zuten 86 mendizalek. Zenbait zatitan lokatz handi samarra topatu zuten arren, ez zen aurrera jarraitzeko oztopo izan mendizaleentzat eta "egunsenti nahiz eguraldi bikainaz" gozatzeko aukera izan zuten ibilaldiko parte hartzaileek.
  2. Martxoaren 15. Zumarraga-Zegama (24 kilometro). Arranoaitz mendia igo, eta Udanatik pasatu ostean, Aizkorriren magaletik Zegamarako bidea egin zuten 67 mendizalek. Eguraldi makurra izan zuten.
  3. Apìrilaren 12a. Zegama-Arantzazu (Aizkorri) (20 kilometro). 94 mendizalek osatu zuten hirugarren etapa. Zegamatik San Adrianera arteko bidea elkarrekin egin ostean, toki horretan bitan banatu zen taldea eta 75 lagun Aizkorrira igo ziren. Gero, talde guztiak Urbian egin zuen berriro bat, eta handik elkarrekin jaitsi ziren Arantzazura.
  4. Maiatzaren 31. Arantzazu-Leintz Gatzaga (27 kilometro). Arantzazutik abiatuta Elgea azpiko basoak, Andarto inguruak, Degurixa, Leitzgarate eta Makatzgain mendiak zeharkatu zituzten, ibilaldian parte hartu zuten 81 mendizaleek.
  5. Ekainaren 28a. Leintz Gatzaga-Otxandio (Anboto) (28 kilometro).

    58 mendizalek parte hartu zuten ibilaldian, eta bi taldetan banatuta egin zuten etapa, eta horietako talde batek Anbotoko gailurra igo zuen. Euskal Herriko hiru lurraldetan ibili ziren mendizaleak egitasmoko bosgarren etapan: Gipuzkoatik abiatu, Araban sartu eta Bizkaian bukatu zuten.

  6. Irailaren 13a. Otxandio-Murgia (Gorbea) (29 kilometro). 58 mendizalek osatu zuten egitasmoaren seigarren eta azkenaurreko etapa, Arabako lurretan murgilduz eta tartean egitasmoko Hiru Handietako hirugarren eta azkena igoz: Gorbeia. 
  7. Urriaren 18a. Murgia-Gasteiz (21 kilometro).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide