Astelehen kutsuko asteazkena da gaur herrian, baina udalaren esanetan, "aho zapore onekoa"; izan ere, erakundearen arabera, "primeran" joan dira karnabalak. Mikel Odriozola Festa batzordeburuak esan duenez, egunero eta ekitaldi guztietan jendetza ibili da kalean, eta sortu den "giroa" nabarmendu du hark.
Jai Karnabalean berrikuntza bat izan zela aipatu du Odriozolak: Azoka Plazan arratsaldean egin zuten Astindu armayuek! festa. Udalaren laguntzaz Azpeitiko LGTBIQ+ taldeak antolatutako ekitaldia "arrakastatsua" izan zela esan du, eta jendetza izan zela DJ La Fulanaren emanaldiaz gozatzen.
Astelehen Karnabalean, berriz, mozorroak izan ziren protagonista. Festa batzordeburuaren ustez, "ikusgarria" izan zen goizean eta gauean herritarrek egin zuten irudimen erakustaldia. Hark eskerrak eman dizkie herritarrei, mozorroak prestatzen hartutako lanagatik eta jendaurrean horiek erakusterakoan sortutako saltsagatik. "Saria merezi zuten talde mordoa zeuden aurten, eta ea datozen urteetan ere halako maila duten mozorroak ikusten ditugun".
Karnabaletako egitaraua igandeaz eta astelehenaz haratago ere izaten dela azpimarratu du udalak. Erakundeak esan duenez, kaldereroen konpartsarekin, euskal inauterien kalejirarekin, sokamuturrarekin eta astearteko ekitaldiekin ere izan da jendetza kalean. Besteren artean, gainera, Udal Musika Bandak ostiral gauean Sanagustin kulturgunean eskaini zuen guatekea ekarri du gogora Odriozola zinegotziak. Izan ere, hark esan duenez, harrera oso ona izan zuen hitzorduak.
Festak egin ahal izateko lana egitea egokitu zaien eragileak eta langileak ere izan ditu gogoran Festa batzordeburuak, eta haiei denei eskerrak eman dizkie. Halaber, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak indarkeria matxistari lotutako salaketarik ez dutela jaso azaldu du udalak, ezta lapurreta saiakera salaketarik ere.