Eguna: 1-19

  • 2021-1-19. Festarik gabe ez ohiko San Sebastian bezperan, emakumeak danborradan atera zirela 40 urte bete ziren egunean, aurkeztu zuten 'Amamaren danborra' dokumentala Soreasu antzokian Paola Motok (zuzendaria) eta Alaitz Olaizolak (gidoigilea). COVID-19ak eragindako neurri murriztaileekin baina festa giroan egin zuten aurkezpena, danbor talde desberdinetako 40 emakume danborjoleren parte-hartzearekin.
  • 2021-1-19. San Sebastian bezperan danborradarik ez zen egin, COVID-19aren pandemia tarteko. Ikastetxeetan, aldiz, egin zituzten barne mailako danborradak. Kaleko festarik ezean, udalak egindako gonbitarekin bat egin zuten hainbat herritarrek, eta leiho eta balkoietan jo zituzten danborradako piezak gauean.
  • 2020-1-19. Uztarriak, Erlo Telebistak eta Urola Kostako Hitzak San Sebastian bezperako festaren zuzeneko emanaldia egin zuten lehen aldiz.
  • 2020-1-19. Pastoraltza eta Nagusilan taldeetako boluntarioak omendu zituen Azpeitiko Udalak, San Sebastian bezperako danborradan.
  • 2020-1-19. Helduen danborradan, hiru talde berri atera ziren estreinakoz: Ilunpe, Inpernue eta Izarraitzpe.
  • 2018-1-19. Arrantzaleak taldeak 50. urteurrena bete zuen helduen danborradan. 1981ean taldearekin danborra jotzen atera ziren lehen emakumeak igo ziren udaletxera omenaldia eta oroigarria jasotzera.
  • 2017-1-19. Iraurgi Saskibaloiaren taldeak lehen aldiz parte hartu zuen San Sebastian bezperako helduen danborradan.
  • 2015-1-19. Helduen danborradan 50 urte bete zituzten Landeta-Egizale eta Gure Ametsa taldeak, eta Gure Ametsako zuzendari Manuel Altuna 'Kanpaxa', omendu zituzten udaletxean, gauerdian bandera igo ondoren. Plazan, talde guztiak elkarturik, Gure Esku Dago-ren abestia jo eta abestu zuten.
  • 2013-1-19. Otsailean 'Euskaldunon Egunakaria' itxi zutela hamar urte betetzen zirela-eta, eta euskal prentsari aitortza egin eta gertakari hura ekarri zuten gogora danborradan.
  • 2012-1-19. Danbor talde berri batek hartu zuen parte helduen danborradan: OƱatzbideko gastadoreen taldeak.
  • 2012-1-19. Imanol Elias Odriozola idazle eta historialaria omendu zuen Azpeitiko Udalak helduen danborradan.
  • 2011-1-19. Lau talde berri atera ziren aurreneko aldiz San Sebastian bezperako helduen danborradan: Loiolatxo, Loiolabide-Zahar, Oilagorra eta Zulozabal. Guztira 25 danborjole eta barrikajole taldek osatu zuten danborrada.
  • 2007-1-19. Espainiako Auzitegi Gorenak Jarrai, Haika eta Segi "talde terroristak" direla erabaki zuen. Garikoitz Etxeberria azpeitiarrari eta beste 22 kideri seina urteko gartzela zigorra ezarri zien.
  • 2004-1-19. Helduen danborradan Oilo Soro talde berriak parte hartu zuen; hemezortzigarrena.
  • 2003-1-19. San Sebastian bezperako danborradan Julian Barrenetxe Abesbatzak lehenegoz hartu zuen parte. Aurreko urtean iskanbila izan zen herrian beste ohiko taldeez gain, leku faltagatik, beste inork ezin zuela-eta hartu parte.
  • 2001-1-19. Joxe Arruti 'Oriyo' omendu zuen danborradak.
  • 1999-1-19. Udal Festa Batzordean egin zituen urteak gogoan izanik, Kepa Ibarzabal omendu zuen danborradak.
  • 1991-1-19. Izarraitz frontoian jokatu zuten Euskadiko Sokatira Txapelketa, goma gainean. Nuarbe taldeak irabazi zuen 680 kilotan txapela.
  • 1989-1-19. Jose Luis Frantzesenak sortutako 'Agurre' eta 'Alarde II.a' estreinatu zituzten danborradan.
  • 1988-1-19. Jose Luis Frantzesenak sortutako 'Mandioko Polka' doinua estreinatu zuten danborradan.
  • 1986-1-19. Jose Luis Frantzesenak sortutako 'Soreasuko Sebastian' doinua estreinatu zuten danborradan.
  • 1982-1-19. Omenaldia eskaini zieten danborradaren sortzaile Baltasar Iglesias eta Zezilio Apaolaza apaizei. Bigarrenari ezinezkoa egin zitzaion Azpeitira etortzea, Ameriketan zegoelako orduan.
  • 1980-1-19. Herriko kaleetan danborradarako bozgorailuak jarri zituzten.
  • 1965-1-19. Helduen danborrada ez zen izan.
  • 1959-1-19. Helduen lehen danborrada kaleratu zuten Azpeitian.
  • 1957-1-19. Haurren lehen danborrada egin zuten herrian; arratsalde erdian kaleratu zuten.
  • 1914-1-19. Katekista Damak Olatzen zuzentzen zuen eskolarentzat urtean ehun pezetako laguntza ematea erabaki zuten.
  • 1851-1-19. Euskal Probintzietarako Espainiako etxalde administrariak, egindako eskaerari erantzunez, herriari gogorarazi zion Santo Domingo komentua eman ziotela Guardia Zibilaren kuartela egiteko eta ibiltari tropak bertan gelditzeko.
  • 1813-1-19. Korrejidorea egon zen herriko agintarien aukeraketan.
  • 1785-1-19. Goiazko Udalari, bertako udaletxerako, herriko teilarian egindako mila teila ematea erabaki zuten.
  • 1785-1-19. Era guztietako gurdiak herriko pasealekuetan ibiltzea debekatu zuten, zortzi errealeko isuna jarriz.
  • 1674-1-19. Juan Apaeztegi maisuari maisu arkitektu batekin parrokiko erretaula nagusirako Aingeru Goardakoaren irudia egiteko tratua egin zezan eskatu zioten. Bide batez, pulpituen gaineko txapelak egiteko eskatu zioten, eta gero haiek urreztatzeko.
  • 1652-1-19. Ofizio Santuko Komisaria zen Frantzisko Zelaiaran eta Frantzisko Landa apaizak agertu ziren udalbatzarrean baimena eman ondoren zenbait eskaera egin zizkioten herriari. Eskaeretako bat parrokiko elizaren teilatua konpontzeko izan zen. Hauek kanporatu ondoren hartu zituzten erabakiak herriko agintariek.
  • 1652-1-19. Parrokiko etxezain Inazio Oriari diru kontuen berri emateko eskatu zion herriak.
  • 1582-1-19. Frantziskanen arduradunari komentua egiteko herriko basoetan zuhaitz gehiago ez zezan ebaki albistea ematea erabaki zuten. 5.000 haritz baino gehiago ebaki zituen ordurako eta ziren haritz guztiak ere gutxi izango zirelako komentuan egitea nahi zen guztirako.
  • 1582-1-19. Zumarragako eta Urretxurako bidea egokitzea erabaki zuten, gari gehien bertatik herriratzen zutelako.
  • 1582-1-19. Herritarrek arma erakusketa egin zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan