2014-9-10. Patxi Azkargorta hil zen, Azpeitiko Ikastolaren sortzaileetakoa eta Ilunpe Pilota Elkartearen aurreneko lehendakaria.
2008-9-10. IƱaki Alkortak 12-18 hilabeteko eta erditu gabeko abelgorrien kategorian txapela irabazi zuen Ordiziako ferian.
1995-9-10. Joxe Mari Sagardogi 'Lanbritx' motorista hil zen, Azpeitia eta Zestoa bitartean -Lasaon- gertatutako auto istripuan. Une hartan Yamaha-Folch talde ofizialeko kidea zen, eta benetan karrera onak egina zen Espainian (Jaraman, Albaceten, Xerezen, Aragoiko Sari Nagusian), Herrialde Katalanetan eta abar.
1976-9-10. Batzar berezian mozioa aurkeztu zuen alkateak, azken egunetan probintzian ezagututako bortxakeri ofiziala salatuz. Bilera baketsuak eta manifestazio lasaiak mozteko indarkeria erabiltzea, armak erabiliz, ohitura bihurtu zen Ordena Publikoaren jokaeran: aurreko igandean, Donostian, balaz zauritu zituzten bi lagun, Konstituzioko plazan jaialdia ospatu zen unean indarkeria itxuragabea erabiliz egun horretan bertan; Gros auzoko danborrada moztu zuten asteartean; eta hilaren 8an eta 9an gertakizun odoltsuak izan ziren Hondarribia eta Pasaian, larri zaurituz bost lagun, eta Jesus Mari Zabala Erasun gaztea tiro batez hil egin zen, probokazioa izanik guztia herriarentzat. Gertakizunak gogoan izanik, alkateak honoko puntuak onartzea proposatu zion udalbatzarrari: 1. Bat egitea une haietan Hondarribiko Udala eta herria bizitzen ari ziren momentu larriarekin. 2. Indar publikoek eskubide txikienak ere hautsi egiten zituztela salatzea. 3. Gertatuaren berri ongi jakin ondoren, neurririk gogorrenak hartzeko erantzukizuna eskatzea. 4. Udalentzako oinarrizko garantia eskatzea botere publikoei, antzeko jokaerarik ez zela izango adieraziz. 5. Espainiako erregeari eta Gobernuko presidenteari desakordioa agertzea, Gipuzkoako gobernadore zibilak, Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak eta gertaerekin zerikusia izan zuten gainontzekoek izan zuten jokaerarekin.
1946-9-10. Lagun Onak Mendi Bazkuna sortu zuten.
1902-9-10. Arte eta Ofizio Eskola herrian jartzeko proiektua aurkeztu zuen Joxe Iarza zinegotziak, eta hiru arlotan banatu zuen egitasmoa: 1. Artistikoa. 2. Komertziala. 3. Nekazaritza eta Abeltzantza.
1900-9-10. Esteban Elzaurdik bigarren mailako heziketa ikastetxea jartzeko telegrafoaren etxeko bigarren solairua proposatzen zuen, eta horri buruz hitz egin zuten, ikusirik ez zela egokia. Iritzi asko agertu ondoren, bozketa baten bidez onartu egin zuten, nahiz eta bi zinegotzi behintzat kontra agertu.
1883-9-10. Zinegotzi batzuek adierazi zuten, herriko zenbait okindegitan ibili ondoren, lau librako ogiek 1.800 gramo pisatzen zutela gehienez, 1.968 gramo beharrean. Okin guztiei deitzea erabaki zuten, eurekin harremanetan jarri ondoren, lau libra deituriko ogia 1.968 gramokoa egin zezaten.
1866-9-10. Joxe Manuel Abalia parrokiko erretoreak Udala batzordea sortzera gonbidatu zuen, berekin bilera bat egin ondoren, apaiz etxea egiteko gestioak aurrera eramateko asmoz. Izeta eta Etxaniz erregidoreak izendatu zituzten herriaren izenean batzorde hori osatzeko.
1866-9-10. Garai hartan konponketak egiten ari ziren hilerrian. Meza santua emateko kapera bat gabe gelditu ez zedin eta, Etxaniz erregidorearen proposamena ontzat harturik, eraikin bat altxatzea erabaki zuten, ahal zela Santo Domingo edo San Agustin komentuetako aldare bat jarriz bertan.
1653-9-10. Diputazioak idatzi zuen, esanez izurritea zela Frantziako zenbait tokitan, eta herriak erabaki zuen guardiak jartzea herriaren sarreretan.
1596-9-10. Nafarroako erretoreordeak albistea bidali zuen, esanez frantziarren inbasioa espero zuela lau edo bost egunen buruan eta jendea prest edukitzeko eskatuz. Herriak gerraren beharrei erantzuteko 600 dukat aurkitzea erabaki zuen.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago