1939-12-27. Bustinzuriko enparantzatxoari izena aldatu zioten, eta plaka berria jarri zuten, 'Olazko Amaren plaza' izenarekin. Harzubiko errebalari, berriz, 'Felix Ortiz eta San Pelayo' izena ipini zioten. Urbano Azkue alkatearen tenienteak agertu zuen izen berriaren plaka Harzubian. Espainiako ereserkia jo zuen Musika Bandak, eta Ramon Etxaniz apaizak Ortiz goratu zuen.
1939-12-18. Herriko gauzainei gerrikoak, linterna, pistolak eta astean gau bat libre ematea erabaki zuten.
1939-11-13. Jesusen Bihotz Sakratuaren Esklaben buruak euren komentuko obrak jarraitzeko baimena eskatu zuen -aurrez, diru beharrean aurkitzean, eten egin behar izan ziren-, eta baiezkoa eman zioten.
1939-11-13. Alkatearen proposamen ontzat harturik, zera erabaki zen: 1. Bustinzuri plazari 'Olazko Amaren plaza' deitura jartzea. 2. Urrestillako plazari, 'Joxe Antxieta beneragarria' deitura jartzea. 3. Harzubiko errebalari, 'Felix Ortiz eta San Pelayoren hiribidea' deitura jartzea. 4. Behar zen tokian, herriko patroi bezala Olazko Andre Maria izendatzeko gestioak egitea.
1939-10-16. Franco jeneralak Loiolara bisitaldia egin zuen hilaren 14an, eta azpeitiarrek une hartan bizi izan zuten "pozaren" berri aktan idaztea erabaki zuten, Franco "gogoz txalotu" zutelako.
1939-10-16. Villa Pakea inguruko San Jose ermita lurrera botatzea erabaki zuten.
1939-10-14. Loiolara bisitaldia egin zuen Francisco Franco Espainiako jeneral nagusi eta diktadoreak.
1939-9-18. Batzarrak hasi aurretik 'Aita Gurea' errezatzea erabaki zuen Udalak, Espainiako Gerran hildako herritarren alde. Guztien izen eta argazkiak album batean biltzea erabaki zuten, udaletxeko areto nagusian jartzeko.
1939-9-14. Gestora Batzordea sortu zuten herrian, gobernadoreak gutun bidez aurreko batzordea ezerezean uztea agindu zuelako. Gobernadoreak izendatu zuen batzorde berria hau zen: alkate Inazio Egaña, lehen teniente Urbano Azkue, bigarren teniente Manuel Mozo, sindiko Joan Joxe Iriarte, eta gainontzekoak Joxe Bikendi, Nikolas Uzin, Joxe Aizpuru, Inazio Martinez, Bonifazio Azkue, Zeferino Garmendia, Martzelino Agirrezabalaga, Balendin Larrañaga eta Andres Lapazaran.
1939-9-13. Harzubiko kaleari 'Avenida de don Felix Ortiz y San Pelayo' deitura ematea erabaki zuten.
1939-6-14. Alkateak, Martzelo Gibert arkitektuak zenbait zinegotziri erakutsitako proiektuen berri eman zuen. Proiektu horietako bat hilerrian panteoiak egitea proposatzen zuena zen. Bestea, berriz, Perez Arregi enparantzatxoan altxatu nahi zen monumentua, gerran hildako herritarrak gogoratzeko. Bien maketak prestatzea agindu zuen. Proiektu horiek gauzatzeko Udalak diru bilketa egiteko batzordea sortu zuen. Kide hauek zeuden: Etxeberria Olaizola eta Egaña zinegotziak, 'San Inazio Errekete' tertzioko teniente Manuel Mozo, Justo Martinez sarjentua eta Joxe Mari Garmendia soldadua, Damaso Azkue eta Ladislao Segurola industriarien artetik, Bixente Guibert dendarien aldetik, eta Elizaren aldetik Kaxiano Garaialde erretorea edo haren ordez izendatutakoa.
1939-5-18. Aginduak betez, udaletxeko balkoitik Nafarroa enparantza nagusian bildutako herritarren aurrean, Franco jeneralak 1936ko uztailaren 19an Espainiako armadaren buruzagitza hartu zuela eta gerratearen azken berriko proklamak irakurri zituen alkateak.
1939-4-24. Ikusirik Joxe Olazabal arkitektuari ezinezkoa egiten zitzaiola hilerriko mausoleoa eta Perez Arregiko monumentuaren proiektuak prestatzea, lan bera Martzelo Giberti ematea erabaki zuten.
1939-4-10. Enparantza nagusiko 2. zenbakia zuen etxea Clemente Egañari saldu zioten, 90.000 pezetatan.
1939-4-10. Damaso Azkuek, aurrez altzari fabrika izan zen tokian etxe bat egiteko proiektua aurkeztu zuen, eta hori osasun delegatuari pasatu zioten.
1939-4-10. Roman Azkueri, Azkue y Compañia lantegiari solairu bat altxatzeko baimena eman zioten.
1939-2-27. Guardia Zibilaren kuartela izandako enparantza nagusiko etxea saltzea erabaki zuen herriak, enkantean jarriz 90.000 pezetako prezioan.
1939-2-13. Alkateak Jordana Espainiako ministroari bidali zion telegramaren berri eman zuen: "Ruego a VS transmita invicto Generalismo Franco, la alegria con que todo el pueblo de Azpeitia ha celebrado cierre frontera causante tantisimos daños, y reiterado su inquebrantable adhesion salvador España. ¡Viva España!''.
1938-12-28. Udalak, udaletxe zaharreko lehen, bigarren eta hirugarren solairuak eta urtean 1.050 pezetako errenta ordainduz, Espainiako Falange Tradizionalistari ematea erabaki zuen.
1938-11-28. Tolosako alkateak bidali zuen gutunarekin bat egitea erabaki zuen Udalak, Sanz Rodriguez ministroa zorionduz. Izan ere, ministroak esan zuen Espainiako institutuak euskara hizkuntza ikasketak eskaintzeko denbora gutxiren barruan antolatuko zituela.
1938-10-24. Alkateak Francisco Franco jeneralari bidali zion telefonemaren berri eman zuen. Bertan, Francoren gorespen bigarren urtea betetzean, herriak Espainiako Gerran, nahiz eta biztanle gutxi izan, 47 errekete eta 21 soldadu martiri izan zituela adierazi zuten, eta harekiko hautsi ezinezko lotura berritu zuten.
1938-9-28. Urrestillako parrokian izandako sutea itzaltzen ahalegindu zirenek eginiko gastuak ordaintzea erabaki zuten.
1938-6-10. Joxe Mari Iriondo Unanue kazetaria, aurkezlea eta idazlea jaio zen, Urrestillan.
1938-5-23. Hilaren 6an herrian ospatuko zen jaialdira alkateak Franco jenerala gonbidatu zuela jakinarazi zuen.
1938-5-9. Esklabetako Zuzendariak diru laguntza eskatu zuen, aurreko urtean Espainiako armada ikastetxean egon zelako, egokitze lanak egiten nahi zituelako, bertako 130 bat ikasle neskei erantzuteko. Urtean, 500 pezeta ematea erabaki zuten.
1938-4-25. Felipe Oiarzabalek herriko Enparantza Nagusiko 1. zenbakia zeukan etxearen behean harategi bat zabaltzeko gogoa adierazi zuen, eta horretarako baimena eskatu zuen. Udalak baiezkoa eman zion, baina aurrez altxor kuotaren %25 ordaintzekotan.
1938-3-28. Apirilaren lehen egunetik, herriak urteetan zabalik izan zuen harategia ixtea erabaki zuen, prezioak ez zirelako errespetatzen.
1938-3-14. Hilerrian panteoi bat egitea erabaki zuten, 'San Inazio' tertzioko erreketeak hilobiratzeko, eta Perez Arregi plazan, berriz, monumentu bat altxatzea haiek gogoratuz.
1938-3-2. Ladislao Segurola, Martzial Uzin, Damaso Azkue, eta Agirre eta Konpainia lantegietako nagusiei hauxe gogoraraztea erabaki zuten: derrigortuta zeudela Gipuzkoako eta Donostiako banketxeetatik Udalaren fidantzarekin ateratako dirua ordaintzera.
1938-2-14. Udalak, aho batez, hilerrian panteoi bat altxatzea erabaki zuen, Jainkoa eta Espainiaren aldeko gurutzadan euren bizia Jainkoaren eta Espainiaren alde eman zuten 'San Inazio tertzioko' soldaduek hilobitzat izan zezaten. Era berean, Perez Arregi enparantzatxoan monumentu bat altxatzea ere erabaki zuten, Espainiako azken gerratean bizia eskaini zuten Azpeitiko semeak gogoratuz.
1937-12-15. Roman Azkueri baimena eman zioten Azkue y Compañia altzari lantegia handitzeko, Raimundo Alberdi arkitektuaren planoen itxuran.
1937-7-12. San Inazio festetan elizkizunak ez beste ekintza guztiak ezerezean uztea erabaki zen, Espainiako Gerra garaia baitzen. Elizkizunei behar bezalako ospea ematea erabaki zuten, Errepublikaren legeek kanporatutako jesuitak berriro Loiolan baitziren.
1937-7-12. Alkateak jakinarazi zuen erretorea, epailea eta Angela Vega -Ortizen alarguna- lagun zituela, 250 pezetako laguntza banatu zuela Jainkoa eta Espainiaren alde, beraien bizia eman zuten herrian jaio eta parrokian bataiatutako sendikoen artean. Bestalde, artean banatzeko geratzen ziren Felix Ortiz eta San Pelayok bidali zituzten 5.000 pezeta eta 1.250 pezeta. Azpeitiarrak izanik, nahiz eta Urrestillan bataiatuta egon, bizia galdu zuten beste zenbait erreketeren sendiei laguntza bera ematea erabaki zuten.
1937-6-21. España korazatu berriarentzat diru laguntza emateko zerrenda zabaldu zuen Udalak. Honek mila pezeta eman zituen.
1937-4-5. 'San Inazio' tertzioko Juan Joxe Elorza, Inazio Iriarte eta Modesto Etxeberria hiltzean, eta haien gorpuak Azpeitiko udaletxeko aretoan jartzeko, Udalak erabaki batzuk hartu zituen: hiletara joatea, Azkoitiko Gerrako Junta Karlistari Musika Banda eskatzea eta Olaizola zinegotziak ezerezean eskaintzen zuen panteoian gorpuak hilobiratzea.
1937-1-11. Herrian egin ziren umeen euskal izen aldaketei buruz gobernadore zibilak idatzi bat egin zuen. Azterketa bat egiten ari zela zioen, eta bitartean inolako neurririk ez hartzeko agindu zien agintariei.
1936-12-14. Alkatearen proposamena onartuta erabaki zuten erregistro zibilean eta parrokiko bataio liburuan haurrei emandako euskal izenak espainieraz jartzea.
1936-11-25. Komandante militarrak adierazi zuen Alemaniak eta Italiak Franco jeneralaren gobernua aitortu zutela. Ondoren, Udalak haien kontsulatuetara zorionak emanez idaztea erabaki zuen, baita Portugalgoari ere.
1936-11-2. Udaleko langileen zerrenda onartu zuten, eta euren postuetatik kendu zituzten langileen zerrenda ere onartu zuten.
1936-10-26. Etxeberriak eginiko proposamena ontzat harturik, Plaza Nagusiari 'Plaza Mayor de Navarra' deitura ematea erabaki zuten ordu arteko 'Plaza Mayor de la República'-ren ordez. Horrez gain, 'Sabino Arana Goiri' deitzen ziotenari 'Plaza Txikia' jartzea ere erabaki zuten.
1936-10-14. Udal berria osatu zuten, probintziako Gerrarako Karlista juntak izendatutako hamahiru zinegotzirekin. Roke Astigarraga aukeratu zuten alkatetzarako, Kruz Mari Etxeberria lehen teniente, Galo Barrena bigarren eta Toribio Azkue hirugarren, Kasto Orbegozo sindiko, eta Prudentzio Olaizola, Antonino Aranguren, Andres Lasa, Joan Joxe Egiguren, Inazio Orbegozo, Joxe Aizpuru, Joan Azpeitia eta Inazio Egaña zinegotzi.
1936-9-30. Kruz Mari Etxeberria, Kasto Orbegozo, Galo Barrena, Roke Astigarraga eta Toribio Azkue bildu egin ziren, eta Etxeberriak jakinarazi zuen Azpeitian Espainiako armada hilaren 20an sartu zenean, eskuin aldeko pertsona gehienak falta izatean alkate izendatu zutela, eta berak egoki ikusten zuen zinegotzi taldea izendatzeko ahalmena eman ziotela, baldintza bakarra izanik Espainiako mugimendu nazionalaren aldekoak izatea, eta horrela izendatu zituela haiek. Une hartan bertan egin ziren karguen jabe. Alkatearen proposamena ontzat hartuta, aurreko Udalak hartutako erabakiak ezerezean uztea erabaki zuten -Oñatz eta Elosiaga auzoetan zabaldutako bigarren eskolak bertan behera uztea, esaterako-.
1936-9-20. Mola jeneral errebeldearen (Francoren aldekoak) aginduetara zeuden tropak sartu ziren Azpeitian.
1936-8-19. Deialdian gehiengo bat ez zen osatu. Herriko agintari hauek bildu ziren: Ziriako Agirre, Antonino Olaizola, Joxe Manuel Agirre, Luis Goenaga, Manuel Olazabal eta Miguel Irureta. Batzarrean erabaki zuten auzoetako alkate eta zinegotzien bidez baserritar guztiei albistea pasatzea, udaletxera zenbat gari zeukaten adieraztera ager zitezela esanez, eta zalantzarik izan ez zezaten honoko bando hau eman zioten bakoitzari: "Publikoari jakinarazten zaio, irinaren produkzioa eta kontsumoa kontrolatzeko, herriko juntak probintzikoarekin bat eginda, honoko arauak eman dituela: 1. Gordeta den gari guztia edo aurtengo uztaroan jaso beharrekoa, inolako aitzakiarik gabe udal biltegietara eraman beharko da, bakoitzak zenbat behar duen aitortu ondoren kopuru hori hazitarakoa itzuliko zaio, eta alkatetzaren bidez beharreko agiria emango zaio. Jakitera ematen den garia baino gehiago izanez gero, ahalmena du herriko juntak garia kentzeko eta behar den zigorra ezartzeko. 2. Prezioa, ehun kiloko 45 pezeta izango da, eta ordainketa unean eta inolako gasturik kontuan izan gabe egingo da. Garraioa juntak egingo du. 3. Errenta garian ordaintzeko ohitura duenak, derrigorrezkoa du udaletxean agertzea garia ematean, nagusia edo ordezkariarekin. 4. Debekatuta da errotetan gari eskaintza, eta derrigorrezkoa da herri biltegian egitea. Azpeitian, 1936ko abuztuaren 19an, Ziriako Agirre".
1936-8-7. Lantegietako nagusiei langileei bost eguneko soldata ordaintzeko alkateak egindako proposamena aho batez onartu zuen Udalak. Ordainketa uztailaren 27tik abuztuaren 1era bitartekoa izango zen, eta aurreko baldintza beraietan.
1936-8-7. Alkatearen proposamenari erantzunez, Udalak Horn gorteetako diputatua hiltzean bere sentimendua agertzea erabaki zuen, honoko telegrama hau bidalita: "Redaccion Euzkadi. Biotz biotzez samindu dira Azpeitiako Udal gizonak Horn aldun agurgarriaren eriotzean. Goian bego. Endorea".
1936-8-3. Alkatearen proposamena ontzat hartuta, Oiarzabal eta Alzuru zinegotziei gutun bat idaztea onartu zuten, une larri haietan agintari guztiek bat egin behar zutela eta batzarretara agertzeko eskatuz.
1936-8-3. Udalean aho batez onartu zuten zinegotziek guardiak txandaka egiteko alkatearen proposamena. Guardiak gaueko hamarretatik goizeko seietara izango ziren, eta zinegotzi bakarrak egingo zuen gau bakoitza. Egun hartan bertan ordena alfabetikoan hastea erabaki zuten, alkatea izan ezik, egunean zehar bertan egon behar izaten zuelako.
1936-7-29. Udalak langabezian ziren ezkongabeei egunean bi pezeta ematea eta ezkonduei hiru pezeta ematea erabaki zuen, Frente Popularrarekin eta ELArekin eginiko bileraren ondoren.
1936-7-25. Frente Popularrak, Euskal Langileen Alkartasunak eta Euzko Alderdi Jeltzaleak aurkeztutako idatzia irakurri ondoren, Udalak herriko nagusiei langileei sei eguneko soldata aurreratzeko eskatzea erabaki zuen. Hori egiteko ezinean zen nagusiari Udalak aurreratuko zion agindua betetzeko beharrezko zuena. Aurreratutakoa langileek beharrezko zituzten orduak sartu ondoren itzuliko zuten. Bestalde, herriko nagusi eta bankuen aurrean Udala egin zen langileen berme. Udalak herriko banku batean edo gehiagotan 50.000 pezetako kontu bat zabaltzea ere erabaki zuen, eta gestio guztiak egiteko alkatea baimendu zuen. Langileen sendiak nolako egoera larrian ziren ikusita, alkateari langabezian zirenei laguntza emateko baimena eman zioten; herriari azaldu beharko zion eginikoaren berri.
1936-7-23. Joxe Antonio Oiarzabal alkatearen dimisioa onartu zuten, eta Ziriako Agirre aukeratu alkatetzarako, Antonino Olaizola lehen tenientetzarako, Joxe Mari Aramendi bigarren teniente izateko eta Joxe Mari Sorozabal hirugarren tenientetzarako.
1936-7-23. Olaizolak adierazi zuen telegrama bidali ziola gobernadore zibilari, esanez bat egiten zuela Errepublika Gobernuarekin eta sortu berria zen mugimendu nahikaria kondenatzen zuela. Korporazioan idatzia ontzat hartzea eskatu zuen, eta horrela egin zuten, aho batez.
1936-7-23. Udalak aho batez erabaki zuen urte horretako zekorketak bertan behera uztea, Iruñeko eta Tolosako musika bandak ez ekartzea, ezta dultzainik ere, Errepublikaren aurkako altxamendua sortu baitzen.
1936-7-21. Ziriako Agirre, Antonino Olaizola, Joxe Mari Aramendi, Joxe Manuel Agirre, Joxe Mari Sorazabal, Joxe Antonio Arruti, Joxe Mari Altuna, Manuel Olazabal eta Demetrio Alberdi bildu ziren. Ziriako Agirre alkateordea zen, eta batzarrean Joxe Antonio Oiarzabal alkateak dimisioa eskatuz egindako idatzia irakurri zuten. Idatzian gaixo zela zioen, eta aho batez dimisioa ontzat hartu zuten. Ziriako Agirre alkateordeak beste idatzi bat ere aurkeztu zuen, berehala alkatetza hartzea ezinezkoa zitzaiola esateko, sendian sortutako beharrei erantzun beharrean baitzen. Bigarren teniente bezala Antonino Olaizola izendatu zuten, bitartean.
1936-7-20. Udalbatzar berezian, Espainian hasi zuten gerra gogoan izanda Udalak legaltasunez osatu eta agintaritzan zen gobernuarekin bat egin eta hari laguntzea erabaki zuen.
1936-7-13. Alkateak herriko festetan ospatu nahi zen entzierroaz gobernadorearekin hitz egiteko batzordea izendatzea proposatu zuen. Olaizola zinegotziak erantzun zion entzierroa egitea erabaki zenean adierazi behar zuela alkateak proposamena, eta ez orain Nafarroako zezenak erosita zirenean.
1936-7-6. Herriak Nafarroako zezenak erosi zituen eta entzierroa ospatu edo ez eztabaidatu zuten; gehienek baiezkoa eman zuten.
1936-5-26. Euzko Nekazarien Bazkuna elkarteko lehendakariaren gutuna jaso zuten, ekainaren 14an herrian Nekazari Eguna ospatuko zela esanez. Udalari inolako ordainketa gabe Musika Banda, zezen-plaza, Azoka plaza eta mila pezetako diru laguntza eskatu zioten eskutitz hartan. Baiezkoa eman zuen.
1936-5-26. Hilerria erosteko Udalak eginiko 15.875 pezetako proposamena Gasteizko apezpikuak ontzat hartu zuela adierazi zuen alkateak. Gainera, eskriturak sinatzeko ahalmena berari ematea erabaki zuten. Ondoren jakinaraziko zuen alkateak berak hilerrian zegoen kapera ez zela sartzen erosketa horretan eta elizarena izaten jarraituko zuela. Bide bat utzi zuten bertarako, baina beste guztiei bezala zerga ezartzeko eskubidea zuten bertan hilobia emandakoan.
1936-5-26. Alejandro Etxeberriak honoko eskaera zuzendu zuen, idatzian arrazoi batzuk agertu ondoren: 1: enkante publikoan alokatu zioten Guardia Zibilaren koartel zaharraren kontratua ezerezean uztea. 2: Udalak hartutako erabakia bertan behera uztea; hau da, azken hiru hilabeteetako ordainketa barkatzea. Lehen puntua ontzat hartzea erabaki zuen Udalak, baina 678'50 pezeta ordaintzea eskatuz. Berriro alokagai jartzea onartu zuen.
1936-5-19. Hilaren 31n herrian ospatuko zen Aberri Egunaren egitaraua aurkeztu zuen Olaizola zinegotziak. Frontoia, zezen-plaza, Musika Banda eta txistulariak inolako ordainketa gabe eskaintzea erabaki zuen Udalak.
1936-5-12. Manuel Azaña zoriontzea erabaki zuten, Espainiako Errepublikako presidente izendatu zutelako. Laguntza erregutu zioten, Hego Euskal Herriko Estatutua ontzat hartzeko.
1936-5-10. Clemente Arrue herritarra eta Agerre azkoitiarra 8.000 metrotan neurtu ziren, zezen-plazan. Lehenenak irabazi zuen, 27. 56ko denboran.
1936-4-21. Azpeititik Loiolarako errepidea egiteko Diputazioari proiektua eta aurrekontua osatzeko eskatzea erabaki zuten.
1936-4-13. Zinegotzi batzuek Ormaetxe baserri inguruan zegoen ermita botatzeko egindako eskaera onartu zuten. Hondamenean zelako eta inolako zerbitzurik eskaintzen ez zuelako egin zuten eskaera.
1936-4-2. Espainiako Ministroen Kontseiluko presidenteari, Heziketa Publikoko Ministroari eta probintziako Gestora Batzordeko Presidenteari telegramak bidaltzea erabaki zuten; auzoetako eskola eta probintziako herri eskoletan ez ezik, Euskal Herriko eskola nazionaletan hizkuntza elebitasuna jartzea erregutu zuten.
1936-4-2. Udaltzainek erabiltzen zuten txanoaren ordez euskal txapela erabiltzea erabaki zen, euskal inskripzio bat erantsirik. Aldaketa bera egin zuten iturgin eta garbitzaileekin.
1936-3-24. Ziriako Agirre alkateordeak parrokiaren hilerria erosteko eginiko proposamena ontzat hartu zuten, bi alderdiak harremanetan jarri eta 15.875 pezeta eskainiz herriaren aldetik.
1936-3-24. Herriko sindikatuei eta profesional elkarteei langabezian ziren langileen zerrenda eskatzea erabaki zuten, adina, ofizioa, ezkonduak edo ezkongabeak ziren adieraziz, herriko lanetan egokiago jartzeko.
1936-3-24. Herriko Artxiboko sarreran burdinezko atea jartzea erabaki zuten. Miguel Iriarteri agindu zioten lana.
1936-3-24. Miguel Aizpururi Auzaraza inguruan etxebizitza eta tailerra egiteko baimena eman zioten.
1936-3-17. Aratz-Erreka auzora eginiko errepidea inauguratzeko egitaraua ontzat hartu zuten. Suziriak hil honen 28 arratsaldez eta ondorengo egunean goizez, meza nagusia hamarretan, hori bukatu eta umeen artean gozokiak banatuko zituzten, eta berehala bazkari ofiziala egingo zuten bertara joandako agintariekin.
1936-3-3. Aratz-erreka auzora eginiko errepidea hilabete hartako 29an inauguratzea erabaki zuten.
1936-2-25. Zinegotzi batzuen eskaera kontuan izanik, astearteko azokan txerri tokiak berriro enparantza nagusian jartzea erabaki zuten.
1936-1-12. Antzibarrena baserrian jaio zen Imanol Lazkano bertsolaria.
1936-1-5. Joxe Aranburu 'Keixeta' aizkolari urrestildarrari omenaldia eskaini zioten Azpeitian.
1935-12-28. Alkateak jakinarazi zuen hurrengo urteko urtarrilaren 5ean jaialdiak ospatuko zirela herrian, Joxe Aranburu 'Keixeta' aizkolariari omenaldia eskainiz. Udalak erabaki zuen antolatzaileei ezerezean ematea zezen-plaza.
1935-12-19. Euskaltzaleak Elkarteko Probintziko zuzendari juntaren izenean, Ildefonso Gurrutxagak herriko Udalari idatzi zion, elkartearen proiektua agertuz euskal kultura indartzeko, eta otsailean Bertsolari Eguna ospatuko zela esanez Donostian, aurrez antolatzen zirela zenbait herritan bertsolarien arteko kanporaketak, eta horietako bat Azpeitian izango zela -lurraldeko bertsolarien arteko lehiaketa urtarrilaren 1ean, meza nagusiaren ondoren-. Bide batez, Azoka plaza horretarako erabiltzeko eskatu zuen, eta bertsolari eta epaileentzako oholtza. Sarrera txiki bat kobratzeko baimena eman zioten. Udalak oholtza jartzea erabaki zuen, eta jaialdiei ezartzen zieten zerga ez kobratzea.
1935-10-31. Herriak Espainiako Gobernuko Barne Ministerioari eskaini zion kuartel berriaren eskritura irakurri eta ontzat hartu zuten.
1935-8-8. Udalak Guardia Zibilarentzat erositako eraikinean egindako obren likidazioa onartu zuen.
1935-5-12. Arriya I.ak Agiñetari hiru segundoko aldearekin irabazi zion, Tolosan. Sei enbor 72'' ebakitzen (35'37'') urte askoan errekorra izan zen marka.
1935-4-4. Alkateari ahalmena eman zioten Espainiako Justizia Ministeriora idatzi eta gainontzeko gestioak egin ondoren, herriko lurrak izendatzeko honoko zazpi baserri hauek: Mandiolatza-handi, Mandiolatza-txiki, Berrasoeta-goena, Berrasoeta-dorre, Berrasoeta etxeko azpia, Berrasoeta etxeko goikoa eta Berrasoeta-barrena.
1935-3-28. Guardia Zibilaren kuartela egitea Inazio Urangak errematean hartu zuen.
1935-3-21. Urrestillatik Aratz-Errekara errepidea egiteko, herriak Gipuzkoako Kutxa Probintzialari 125.000 pezetako kreditua eskatzea erabaki zuen, kontuan izanik herriak %35 ordaintzen zuela.
1935-3-7. Martzelo Guibertek Guardia Zibilaren kuartela egiteko eginiko proiektua onartu zuten, eta enkantean jartzea erabaki zuten.
1935-3-1. Suhiltzaileek etxeetan txirrinak jartzeko egin beharreko gastua onartu zuten.
1935-2-21. Herriko suhiltzaile bakoitzaren etxean txirrin bat jartzea erabaki zuten, deialdiak egiteko kanpaia alde batera utziz.
1935-2-21. Frantzisko Korta eta beste zenbait merkatarik eginiko eskaerari erantzunez, ganadu ferietan enparantzan egiten zen txerri erakusketa Santiago kalera aldatu zuten.
1935-2-7. Luminor zinema aretoko zuzendari Ziriako Eliasi urtean 450 pezetako zerga ezarri zioten.
1935-1-24. Herriko erlijio eta antzeko elkarte zibilek eginiko eskaera aztertu zuten agintariek. Enparantza nagusian eta beste zenbait tokitan dantza debekatzea eta kalejirak ohitura ez bihurtzea eskatzen zen. San Inazio jaietan ere, hiru gauetan bakarrik musika jartzea eta Musika Bandak dantzarako doinuak jotzen zituenean, vals baten ondoren solteko hiru pieza jotzea, era horretan txandatuz, eskatzen zen. Margaritas elkarteak ere bat egin zuen eskaera horrekin beste idatzi baten bidez. Alkateak, batzarra inolako erabakirik hartu gabe moztu zuen, baina zinegotzi batek adierazi eta gero, Musika Bandaren arautegia aldatuko zela, garbi utziz dantza heldua ez zuela Udalak herrian sartu.
1935-1-17. Aurrez Oiarzabal eta Landa lantegia izandako eraikina 90.000 pezetan erostea erabaki zuten, bertan Guardia Zibilaren koartela kokatzeko.
1934-12-27. Lazareto eraikinean, tuberkulosiaren aurkako eritegia jartzea erabaki zuten. Errukietxean toki bat prestatuko zuten bitarterako.
1934-12-13. Solfeo Eskolaren eta Udal Musika Bandaren arautegi berria onartu zuen Udalak.
1934-12-13. Alkateak jakinarazi zuen arkitektu batek lagunduta Guardia Zibilarentzat egin nahi zuten kuartela eraikitzeko San Millango markesaren lur sail batean izan zirela, baina ez zuela inolako erabakirik hartuko nolakoa egingo zen erabaki arte.
1934-12-6. Alkateak San Millango markesarekin lur sail batzuk erosteko tratuan ibili zela adierazi zuen. Lur sailok Guardia Zibilarentzat kuartela egiteko erosi nahi zituen Udalak, eta prezio onean lortu, gainera. Lurrak eskuratuta, Udalak Martzelo Gibert arkitektuarekin harremanetan jartzeko erabakia hartu zuen, lur horiek aztertu eta proiektu horri buruzko iritzia eman zezan.
1934-11-29. Probintziko Guardia Zibilaren komandantziako zuzendariak esan zuen herrian zeukaten kuartelak ez zuela behar bezalako erosotasunik ofizial bat eta zazpi guardia bizitzeko, eta kontuan izanik beste herri askotatik euren kuartela zabaltzeko eskaera egiten ziotela, herriari neurriak hartzea erregutu zion. Alkateak gaiari buruz harremanak izan zituen Guipuzkoano eta Donostiako banketxeekin, baita Oiarzabal eta Landa lantegiko jabeekin ere, eraikina nerosteko asmoz, eta Udalak batzorde baten bidez gestioak egiten jarraitzea erabaki zuen.
1934-9-4. Joxe Alzuru alkateak zuzendurik bildu ziren Ziriako Agirre, Antonino Olaizola eta Joxe Mari Aramendi tenienteak, eta Luis Goenaga, Demetrio Egiguren, Frantzisko Arregi, Joxe Antonio Arruti, Joxe Mari Sorozabal, Emeterio Alberdi, Markos Urbistondo, Manuel Olaizola eta Miguel Irureta zinegotziak. Agirrek galdetu zuen ea noren aginduz bildu ziren, eta Alzuruk erantzun zion gobernadoreak eginiko eskaerari erantzunez elkartu zirela, eta bere talde politikoarekin hitz egin ondoren hartu zuela alkatetza. Agirrek, orduan, Kontzertu Ekonomikoa defenditu nahirik izan zen Joxe Antonio Oiarzabal alkatearekin bat eginik zela adierazi zuen, eta bere talde nazionalistaren izenean protesta egiten zuela Alzuru alkatetzan zelako; gauza bera egin zuen, Euzko Nekazarien Bazkuna elkartearen izenean Olaizolak, eta Agirrerekin batera batzarra utzi zuten bi taldekoek. Gehiengoa osatu ezinik, Alzuru alkateak ezerezean utzi zuen batzarra.
1934-8-23. Ziriako Agirre presidenteak adierazi zuen herriaren interesak defenditzeko ahalegindu zen Joxe Antonio Oiarzabal alkatearekin bat egin zuela. Aho batez ontzat hartu zuten Oiarzabalen dimisioa, eta agintaritzan ziren beste guztiek ere uko egin zioten alkatetzari. Alkaterik gabe, batzarra ezerezean gelditu zen.
1934-8-21. Eperzelaite eta Iturriaga lasterka neurtu ziren zezen-plazan. Lehenena erretiratu egin zen.
1934-8-14. Ziriako Agirre lehen tenienteak jakinarazi zuen gobernadorearen aginduz atzo berak hartu zuela alkatetza, Joxe Antonio Oiarzabal bere postutik kenduta baitzen. Aho batez Oiarzabal alkatearekin bat egitea erabaki zuten, Kontzertu Ekonomikoa eta Herrien Autonomia defendituz egoki eta indartsu jokatu baitzuen hilaren 12an egindako hauteskundeetan. Udaletxea indar publikoek hartu zuten, Oiarzabal alkatetzara ahalik eta azkarren itzultzeko eskatzeko.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago