2020-8-5. Sanjuan denda omendu zuten Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak, haren 50. urteurrenean.
2011-8-5. Iurgi Caminos aurkeztu zuen Iraurgi SBk, Lan Mobel taldeko entrenatzaile berria. Jon Txakartegiren lekukoa hartu zuen Caminosek.
1912-8-5. Uztailaren 29an datatutako gutunean, Karmelo Etxegaraik agertutako sentimendua aktan idatzita uztea erabaki zuten. Etxegaraik jakinarazi zuen ezinezkoa zitzaiola gonbidatuta zen herriko festetan partaide izatea.
1907-8-5. Autoek herriko kaleak abiada handian igarotzen zituztela-eta kexa ugari jaso zelako, alkatetzak udaltzainei azkenaldian gobernadore zibilak gaiari buruz emandako aholkuak betetzeko agintzea erabaki zuten. Bide batez, herri sarreran abiada murriztea aginduz kartel batzuk ipini zituzten.
1891-8-5. Inazio Mari Artetxek, berea zen Urola Kafetegia gaueko hamaikak bitartean eta egun berezietan hamabiak bitartean zabalik izateko eskatuz idatzitako instantzia gobernadoreak Azpeitiko Udalari bidali zion, erabakia hartzeko eskatuz. Ordenantzek kafetegi eta taberna guztiak gaueko hamarretan itxi behar zirela agintzen zutela, eta Udalari aldaketa egitea ezinezkoa zitzaiola erantzutea erabaki zen, nahiz eta gogoa izan beste ordenantza bat prestatzeko, batak eta besteak nolabait desberdinduz.
1814-8-5. Manuel Olaizola udaltzainak herriko agintarien aurka hitz egin zuen azken egunetan. Udalak neurriak hartzea erabaki eta idazkariaren bidez batzarrera deitzea erabaki zuen. Batzarrean jokaeraren berri agertu zioten, besterik gabe, baina bide berean jarraituko balu legez zigortu eta bere agintaritza postua galduko lukeela azaltzen zioten. Olaizolak guztien aurrean esan zuen ez zuela berriro horrelakorik egingo.
1794-8-5. Hiria aurreko egunetik frantziarren menpean zen albistea jaso zuten Donostiatik. Eta Diputazioari probintzian izan zitezkeen Frantziako indarren aurka nola jokatu behar zen jakiteko bere aginduak eskatzea erabaki zuten.
1788-8-5. Juan Paskual Txurruka lizentziatuak -Onura Planaren epaileak- Araz edo Otos auzoko parrokiaz zenbait xehetasun adierazi zituen.
1788-8-5. Hilaren lehen egunean Loiolara prozesioa egin eta bertan meza santua ospatu ondoren, ohiturari jarraituz parrokiko apaizei eskerrak agertzea erabaki zuten.
1759-8-5. Parrokiko Vera Cruz erretaula amaituta entregatu zuten.
1685-8-5. Loiola etxearen lurraldeak mugatzeko AlcaƱicesko markesarekin eginiko gestioen berri eman zuten. Markesak zioen bere ordezkari Juan Larraar parrokiko apaiza izendatu zuela. Larraarekin harremanetan jartzeko herriak Joseph Iturriaga izendatu zuen.
1685-8-5. Herri Batzar nagusian agintariei Izarraitzen egiten ari ziren izoztegia aztertzeko eskatu zieten, lanean ziren harginak eskrituran adierazitako harria jartzen ari ziren edo ez jakiteko. Bestalde, lanen amaiera erabat atzeratu zenez, ahalik eta azkarren bukatzeko behar ziren langileak jartzea erabaki zuten.
1669-8-5. Pedro Beltran Oiarzabal erregidoreari Frantzisko Zelaiaran parrokiko erretorearen etxera joateko agindu zioten, parrokiko bi kanpaiak funditzeko eskritura egitean lekuko izateko eskatuz. Berehala itzuli zen Beltran, neskameak erretorea kanpoan zela esan ziolako. Hurrengo eguneko goizean dorretik bi kanpaiak jaistea erabaki zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago