2019-8-31. Agerraldi jendetsua egin zuten Sanagustin kulturgunean 11/13 sumarioko auzipetuen alde.
2011-8-31. IƱaki Etxarte loiolatar deportatua atxiki zuten Venezuelan, beste bi deportaturekin batera Kubatik itsasontzi batean zihoazela.
1928-8-31. Gobernadore zibilak uztailaren 17an sinatutako gutun baten berri eman zuten, hil bereko 11n Espainiako Gobernu Ministerioak Azkoitiko eta Azpeitiko herriek zituzten mugak finkatzen emandako ordena errealarekin batera. Ordenaren aurka administraritzako baliabidea jar zitekeen eta, Udala emandako erabakiarekin konforme ez zenez, Herri Estatutuaren 156. artikulua bete nahirik baliabide hori aurrera eramatea merezi zuen edo ez jakiteko Julian Elorza eta Inazio Perez Arregi herritar eta abokatuei txostena eskatzea erabaki zuten.
1928-8-31. Urrestillatik Aratz-erreka auzora bitarteko errepidea egitea erabaki zuten, eta interesatzen zitzaien jabeei 20.000 pezetako diru laguntza ezarri zieten.
1891-8-31. Vista Alegre frontoiko enpresak egindako eskariari erantzunez, baimena ematea erabaki zuten ahari apustuak bertan jokatzeko.
1828-8-31. Aratz-erreka auzoko eliza eta apaiz etxeaz hitz egin eta erabaki zuten errematerako jarririk ziren baldintzei beste batzuk eranstea. Errematean hartzen zuenak urtea amaitzerako hasi beharko zuen lana eta, gutxienez, elizako atearen altuera emanda izan beharko zuen. Baita hurrengo urteko San Miguel egunerako guztia amaituta izan ere, betiere emandako itxura gordeta eta agindutako materialak erabilita. Ondoren, herriak izendatuko zuen perituak ikusiko zuen egindako lana.
1809-8-31. Herriari dirua aurreratuta zuten pertsonei zor zietena ordaintzea erabaki zuten, eta herriaren lurrak eskaini zizkieten horrela nahi zutenei. Gainera, tratu horri lehentasuna eman zioten, herriarentzat ez baitzen kaltegarria.
1809-8-31. Burgosera (Espainia) egindako garraioan idiak galdu zituztenei herriko lur zatiak emanez ordaintzea erabaki zuten, baina aurrez jaso nahi zuten lurraldea seinalatuz txostena aurkeztea derrigorrezkoa zuten. Eskatutako lurraldea emango zieten, herriarentzat kaltegarria ez bazen.
1808-8-31. Herri Batzar nagusian onartu zituzten hilaren 24an troparen garraioak egiteko prestatutako baldintzak.
1806-8-31. Herri Batzar nagusian korrejidoreak hilerriaz emandako aginduen berri adierazi zuten. Gai horretaz gestioak egiteko izendatutako batzordeak ere hilerri berria kokatzeko tokiari zegokionez bere iritzia azaldu zuen. Parrokiari zegokionez, Madalena inguruko tokia aukeratzea erabaki zuten, batzordeak proposatutako bat zelako, eta Urrestillakoa, berriz, batzordeak proposatzen zuen bakarrean egitea erabaki zuten.
1806-8-31. Herriko sendagilearen postua hutsik zen eta sei sendagile aurkeztu ziren postua bereganatu nahian. Ondorioz, Udalari guztien informeak biltzeko baimena eman zioten, bai justiziaren aldetik bai euren herrietako erretoreen aldetik, batez ere zintzotasuna eta jakituria jakite aldera. Ondoren Herri Batzar nagusian aurkeztuko zituzten informe horiek, aukeraketa egiteko.
1782-8-31. Alkateak jakinarazi zuen Frantzisko Xabier Altube tenientearekin egon zela. Honek agertu zion bera herritik kanpo izan zenean zergatik ez zuen nahi izan alkatetzaren makila jaso, baita deitutako Herri Batzar nagusia bertan behera uzteko erregutu ere. Horrela egitea erabaki zuten, udaltzainen bidez albistea herritarrei jakinaraziz.
1517-8-31. Langile batekin eta herriaren aginduz Domingo Eizagirreri Burgosera (Espainia) egindako bidaiaren gastuak ordaintzea erabaki zuten. Parrokiak izan beharreko itxuraz harginen artean iritziak jasotzera joan ziren.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago