Eguna: 11-18

  • 2017-11-18. Imanol Arregi 'Iturbide' pandero-jotzailearen 'Iturbide, igitai jolea' biografia liburua eta diskoa aurkeztu zituen Euskal Herriko Trikitixa Ellkarteak. Udaletxeko areto nagusia txiki gelditu zen Amagoia Gurrutxagak idatzitako lanaren aurkezpenean.
  • 2008-11-18. 'Azpeitia.net' Udalaren webgune berritua jarri zuten martxan. Diseinu zein eduki aldetik guztiz eraberritu zuten.
  • 2003-11-18. Fernando Morillo idazleak haur eta gazte literaturari dagokion Euskadi Literatura Saria jaso zuen, 'Izar malkoak' lanarekin.
  • 1971-11-18. Herriko Oargi Elkartearen ekintzak joan zen irailetik mozturik gelditzen zirela jakin zuten gobernadore zibilak idatzitako gutun baten bidez, Udalak emandako lokal batean egiten zituztelako euren antolaketak. Handik aurrera ezinezkoa egiten zitzaion modu librean edariak saltzea, dantzak kaleratzea eta abar; horretarako derrigorrezkoa zen aurrez gobernadore zibilaren baimena lortzea.
  • 1926-11-18. Udalari abenduaren 15ean amaituko zitzaion epea lurraldeko epaitegiari buruz hartuko zuen erabakia agertzeko, Espainiako Gobernuko Ministerioak bidalitako telegrama irakurri ondoren gogorarazi zutenez, eta aurrekontuak prestatzeko iritzia berehala aurreratzeko ere eskatzen zioten. Telefonema baten bidez erantzun zuten: datorren urtean bere gastuak ordaintzen jarraitzeko asmoan zela herria.
  • 1907-11-18. Ganaduen hiltegiko likidazioa onartu zuten, Manuel Etxabe obraren zuzendariak aurkeztu eta gero. Haren lanaren kontuak ere ordaintzea erabaki zuten.
  • 1896-11-18. Herrian zen lurraldeko lehen instantziako Epaitegiak gutun bidez zioen ekin ziola berriro lanari eta herriari bere zerbitzuak eskaintzen zizkiola.
  • 1896-11-18. Errepidearekin bat egiten zuen Loiolako zubia Probintziako Batzordeari zabaltzea eskatzea erabaki zuten, zinegotzi baten mozioa onartuz.
  • 1872-11-18. Meliton Izeta zinegotziak Espainiako Gobernuko Bizkortze ministroari liburutegi itxurazko bat eskatzea proposatu zion; mutikoen eskolako maisu Leontzio Benturak zuzentzeko eta, egokia izango zenez, maila guztietan kultura lantzeko. Udalak proposamena ontzat jo eta eskaera egitea erabaki zuen.
  • 1852-11-18. Hilaren 17an eguerdiko hamabiak aldera herria egoera larrian izan zela aipatu zuten, Bustinzuri errebaleko 15. zenbakiko etxeak su hartu zuelako, eta haize bihurri eta handia medio arriskuan jarri zituelako bere kontrako etxeak ez ezik urrutian zeuden beste zenbait ere. Azkenean, aipaturiko etxe hura baino ez zen gelditu hauts bihurturik, sua menperatzen egindako lanari esker. Parrokiko apaizei hilaren 21ean, igandez, meza nagusia eta 'Te Deum' abesteko gonbitea egin zieten idatziz, eskerrak emanez, agintariak bertara joanez korporazioan. Batzordea izendatu zuten herritarren artean laguntza aurkitzeko.
  • 1846-11-18. Alkateak, Miserikordiako presidente bezala, esan zuen nolatan hartu zuen politiko nagusiak hilaren 5ean idatzitako gutuna, eta bertan probintziaren benefizentzia zentroa jartzeko asmoa agertzen zela. Ondoren, Juntan gaiari buruz hitz egitean, erabaki zuten herriko Miserikordiak Udalaren diru laguntzarik ez jasotzea, baizik eta partikularrak egiten zituzten eskaintzekin jarraituko zuela aurrera eta ez litzatekeela egokia izango horiek galtzea.
  • 1829-11-18. Diputazioak idatzitako ofizioaren berri eman zuten, eta jakinarazi zein zen elizkizunen eta jolasen ordutegia Fernando VII.a eta Maria Cristina Borbonen arteko ezkontza ospatzeko. Udalak hilaren 22an meza nagusia ospatzea eta 'Te Deum' kantatzea erabaki zuen, agintariak parrokian korporazioan partaide zirela; aurrez apaizei albistea pasatu zieten. Enparantzan zezenketa antolatzeko Tomas Iturbe izendatu zuten, eta bezperan iluntzean eta egunekoan argiak piztu zituzten herrian.
  • 1554-11-18. Pedro Ugartek herriarekin eskritura sinatu zuen, Pagaola eta Korostorzu inguruko basoetan 600 oinkada gaztainondo landatzeko 11 urtean, bi hosto aldi egitean herriaren eskuetara pasatuz.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan