Hamarkada: 1700

  • 1709-10-28. Izarraizko izoztegian egindako lanei buruz maisuek emandako iritzien berri adierazi zuten.
  • 1709-10-20. Berriro adieraztea erabaki zuten, parrokien bidez, debekaturik zela garia edo artoa herritik kanpo saltzea, zortzi mila maraiko isunaren mehatxupean.
  • 1709-9-3. Herri Batzar nagusian adierazi zuten herriaren banderapean Espainiako erregearen zerbitzura boluntario moduan soldadu joateko prest zirenek, bakoitzari ematen zizkioten bost dobloiren gain eskatzen zutela eguneko soldata bat. Irteteko eguna heldu bitartean, egunean hiru erreal eta erdi ematea erabaki zuten.
  • 1709-8-11. Herri Batzarrean probintziak erregeari eskainitako 500 soldadu osatzeko herriak aukeratu beharrekoez hitz egin zuten. 18 urtetik 60 urte bitarterakoak izan behar zuten soldaduek eta Donostia, Hondarribia eta Pasaiako portuetara joan behar zuten. Parrokien bidez deialdia egitea erabaki zuten, aurreko arratsaldean zozketa egiteko deialdira zortzi gazte soilik bildu baitziren. Soldadu bakoitzari urrezko bi ezkutuko lau dobloe emango zizkioten, baita jantziak eta armak ere. Gehienez urte bakar bat igaro beharko zuten kanpoan, gerrateak jarraituko balu beste 25 soldadu aukeratuko baitzituen herriak haien ordez joateko. Ostegunean egingo zuten zozketa, goizeko zortzietan.
  • 1709-6-24. Parrokiko 'Bataio' kaperako barrotegia egiteko arduradun Frantzisko Inazio Sorarrainek adierazi zuen langintza hori Juan Eizmendi errezildar maisu eta arkitektuak egin zuela, eta barrotegia jada bere tokian jarrita zela. Beraz, ikusi eta egindako lana neurtzeko Inazio Bazasabal eta Martin Zaldua maisuak izendatu zituzten.
  • 1709-6-20. Frantzisko Inazio Sarrarainek eta Enparanek jakinarazi zuten Juan Eizmendi maisuak amaitu zituela herriak agindutako 'Bataio' kaperako obrak. Enparani agindu zioten lanak ikusteko maisuak aukeratzeko.
  • 1709-4-12. Jazinto Alzaga apaizak eginiko eskaerari erantzunez, Loisoro baserrian suteak sortu zituen kalteak ikusteko batzordea izendatu zuten.
  • 1709-4-7. Elormendiko San Pedro ermitaren teilatua konpontzea erabaki zuten, haizeak kalteak sortu zituelako.
  • 1709-1-27. Sagardoa saltzeko txanda zozketa egin zuten. Hiru saltzaile bakarrik agertu ziren sagardo hutsa zutenak eta hamabi urarekin nahastuta zutenak. Denak herriko sagarrarekin eginak ziren. Kanpoko eta herriko sagarrarekin eginiko sagardoa zutenak, berriz, sei saltzaile ziren.
  • 1708-2-3. Biztanleei deituta, Zestoara bitarteko bidea konpontzea erabaki zuten, ahalik eta saritu beharreko ofizial gutxien hartuz eta gehienbat eguerdiko ohiko freskagarriarekin konformatuko zirenak izanik horiek.
  • 1708-2-3. Hondamen osoan zen Egimendiko San Pedro ermita konpontzea erabaki zuten.
  • 1708-1-23. Sagardoa saltzeko txanden zozketa egin zuten. Hamar saltzaile ziren edari hutsa zutenak eta beste bik urarekin nahastuta zuten.
  • 1708-1-13. Espainiako erregeak herriari bertan saldutako pitxar ardoari zortzi maraiko zerga ezartzeko emandako baimena eman zuten ezagutzera.
  • 1707-9-30. Kontuan izanik Izarraitzen animalia asko zela -otsoak, basakatuak eta abar- eta arriskutsua zela bertako ganaduarentzat eta biztanleentzat, erabaki zuten ehun errealekin saritzea bizirik edo hilik animalia horietako bat edo gehiago herriratzen zuenari.
  • 1707-9-30. Herriko lurretan bigantxak zituztenei eguberriak bitartean guztiak etxera eramateko edota lurretatik kanporatzeko agintzea erabaki zuten.
  • 1707-9-11. Frantzisko Leturiondok idatzi zuen Madrildik, esanez herriarentzat lortu zuela hamar urtean zehar pitxar ardoari zortzi maraiko zerga ezartzeko baimena, eta bere gestioa 40 dobloi kostatu zela. Leturiondori eskerrak ematea erabaki zuten, eta ordainketa egitea -horretarako dirua bildu zuten-.
  • 1707-9-11. Espainian beste printze bat jaio zela jakitean, prozesioa eta meza santua igandean ospatzea erabaki zuten -'Te Deum' abestea ere bai-, eta hurrengo egunean zezenketa egitea Nafarroako zezenekin.
  • 1707-8-29. Diputazioak erreginak seme bat izan zuela jakinarazi zuen, eta parrokiko kanpaiak jotzea erabaki zuten. Komentuei ere gauza bera egiteko eskatu zieten, eta gauean herria argitu eta dantzak antolatu zituzten.
  • 1707-8-29. Zaldua maisuak bataioko kaperan egindako lanak entregatu nahi zituela-eta, Lazaro Lanzeira maisua aukeratu zuten lanak ikusi eta iritzia agertzeko.
  • 1707-7-19. Diputazioak kapitain nagusiaren gutuna bidali zuen, lurraldea defenditzeko guztiak gertu egon zitezela eskatuz, albisteek ziotenez berehala iritsiko baitzen etsaia Gipuzkoako itsasertzera. Herriak erabaki zuen agintariei ahalmena ematea bolbora, metxa eta beruna erosteko, eta dirua biltzeko horretarako. Bestalde, biztanleak armak eskuetan zituztela prest egon zitezen, guztiei hurrengo eguneko goizeko zortzietan enparantzan biltzeko albistea pasatzea erabaki zuten; horrela, gutxienez 300 bat lagun lehen deialdiari erantzuteko egoki prestaturik izateko. Lagun horiek armak erabiltzen trebetasunik handiena izan behar zuten.
  • 1707-6-19. 'Jainkoaren laguntzaz' haurdun zegoen erreginak, bere haurra egoki munduratuko zuelako itxaropenean, ospakizuna prestatu nahi zuten. Horretarako, Nafarroatik edo Gaztelatik sei zezen ekartzea erabaki zuten, eta suzirien jeinu bat ere erosi zuten.
  • 1707-5-9. Felipe V.a erregeak Valentzian (Herrialde Katalanak) lortu zuen garaipena ospatzea agintzen zuen Probintziaren gutunaren berri eman zuten. Igandean meza nagusi abestua eta prozesioa ez ezik, jaialdia antolatzea erabaki zuten.
  • 1707-3-13. Bezperan eginiko soldaduen zerrenda ikusi zuten. boluntario aurkeztu ziren Bautista Enparan, Fermin Beriztain, Frantzisko Larraza, Antonio Oiarzabal, Frantzisko Intxausti, Antonio Iturzaeta, Inazio Sarasua, Martin Elizomdo, Domingo Zendoia eta Domingo Goenaga.
  • 1707-3-13. Jakinean izanik Inazio Kerejeta ostalariak zahagietan erosten zuela ardoa, ondoren bere etxean nahi zuen prezioan saltzeko, inolako berririk eman gabe agintariei eta inork dastatu gabe, mila maraiko isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1707-3-12. Kalbarioko gurutzeak egokitzea erabaki zuten, bakar batzuk erorita eta beste batzuk apurtuta zeudelako.
  • 1707-2-25. Erregina haurdun zela jakinik, lehen astelehenerako zezenketa antolatzea erabaki zuen herriak.
  • 1707-2-20. Erregina haurdun zela jakitean, herriak errogatibak egitea erabaki zuen eta egun horretan bertan meza nagusia amaitzean 'Te Deum' abestea. Eta Mateo deunaren eguna ospatuz ostegunean, berriz, prozesioa egitea.
  • 1707-2-14. Arizubiagako burdinola alokatuta zuen Miguel Zuazolari baimena eman zioten konponketak egiteko herriko basoetan egurra ebakitzeko.
  • 1707-1-28. Herriak kobratzen zuen ardoaren zergari buruz lan handia egin zuen Pedro Inazio Zabalari arroa bat txokolate oparitzea erabaki zuten.
  • 1707-1-15. Abokatuen iritziak jaso ondoren, egun honetatik aurrera eta urtea amaitu bitartean, ardoari sei maraiko zerga ezartzea erabaki zuten. Esaten zen Espainiako erregeak 1658ko urriaren 16an eman ziola herriari baimena taberna guztietan saltzen zen pitxar ardoari zerga hori ezartzeko eta ordura bitartean 20.000 dukat jaso zirela, herriaren zorrak ordaintzeko, zuhaitz landaketak egiteko eta abar. Zerga horretaz gainera, beste zortziko txiki bat ere ezarri zuten, aurretik izandako ohitura bati jarraituz. Nahiz eta zerga horren bidez diru laguntza handia eskuratu, herriak orduan gutxi gorabehera zilarrezko 12.000 dukat zituen zorretan -7.000 dukat ordainketarako ziren eta beste 5.000 dukati ezin erantzunda zegoen-, eta ondorengo urteetan urteko 6.000 dukaten zorrak sortuko zirela adierazi zuten. Kontuak horrela, erregeari zerga horiek zerbait altxatzeko eskaera egitea erabakita zuela adierazi zuten.
  • 1706-10-17. Aurreko urteko urriaren 28an erre zen Aretxabaleta baserrian konponketa lanak egiteko baimena eman zioten Frantzisko Inazio Sorarrain jabeari.
  • 1706-7-16. Donostian ospatutako Gipuzkoako Batzar Nagusiek hartutako erabakiaren berri eman zuten. Herri guztietako biztanleak armekin prestatuta izatea eskatzen zuten, sendi bakoitzean gutxienez alkabuz, moskete edo fusila izan behar zen, 50 errealeko isunaren azpian. Deialdia hil honen 30ean egitea erabaki zuten, egun guztian udaletxera sendi bakoitzetik bakar bat armak erakustera agertuko zen, eta horrela guztien zerrenda osatu.
  • 1706-5-21. Espainiako monarkia nola zegoen esanez albistea eman zuen Diputazioak, Soraluzetik Gaztelan barnera armada sartu zenean. Elizaren bidez deitzea erabaki zuten 18 urtetik 60 urte bitarteko gizaseme herritar eta biztanle guztiei, Trinitate egunean armak eskuetan zituztela, arratsaldeko ordu bietan bil zitezen. Armarik ez zutenek ere berdin agertu beharko zuten, guztien zerrenda osatzeko, baldin behintzat zigor gogorra jaso nahi ez bazuten.
  • 1706-5-21. Ehun erreal ordaindu zizkioten Felipe Zubimendiri parrokiko gangak garbitu zituelako, 140 ofizial lanean jarrita.
  • 1706-2-12. Diputazioak eginiko eskaerari erantzunez, soldaduen zerrendako guztiak martxoaren lehen egunerako Arrasatera bidaltzea erabaki zuten.
  • 1706-1-15. Gipuzkoako Batzar Nagusiak izango ziren herrian eta erabakiak hartu zituzten dena prestatzeko. Tartean, batzarkideek ostatu izango zituzten etxeak hautatzea: Inazio Beriztain zirujauarenean, Donostia, Errenteria, Usurbil eta Zarauzkoak; Pedro Zelaiaran jaunarenean, Hondarribia, Oiartzun, Asteasu eta Andoaingoak; Frantzisko Morenorenean, Azkoitia, Orio eta Hernanikoak; Maria Sustaetarenean, Arrasate, Bergara, Gatzaga bailara, Zizurkil, Zumaia eta Saiaz; Antonio Olazareginean, Segura, Zegamako batasuna, Areriko batasuna, Bozue handia batasuna eta Ataun; Katalina Urteagarenean, Deba, Mutriku, Getaria, Urretxu eta Legazpi; Katalina Mendizabalenean, Elgoibar, Eibar, Soraluze, Aizpurua batasuna eta Agisano batasuna; eta Arzadun jaunarenean, Urnieta, Berastegi, Elduaien, Astigarraga eta Zubiberria batasunakoak.
  • 1705-9-20. Alkateak jakinarazi zuen agintari nagusiengandik ontzat hartu zirela herriak prestatu zituen ordenantza berriak, ondoren beharrezko agiriak erakutsiz. Ohikoa zen bezala, herriko enparantzan pregonariaren bidez irakurtzea erabaki zuten, eta bertara deitu zituzten herritar guztiak eta eskribaua lekuko moduan. Ondoren, herriak hartzen zituen erabakiak idazten ziren liburuan jaso zuten hura ere.
  • 1705-9-12. Erregeak herriaren ordenantzak konfirmatu zituen.
  • 1705-8-27. Akotegi erregidoreak eta Domingo Segurola maisuak Lazaro Lainzerak planoekin egindako Atxarango presaz euren iritzia eman zuten, eta etxe horretako administrari Frantzisko Arrutiri presaren altuera zerbait gutxitzeko agintzea erabaki zuten, urak bidean kalterik ez egiteko.
  • 1705-8-13. Azkoitian zen Diputazioa eta hilaren 20an batzar berezia ospatzeko deialdia egin zuen, erregearen idazkari Joseph Grimaldik egindako soldadu eskaeraz erabakia hartzeko. Herriak bere ordezkariak aukeratu zituen.
  • 1705-8-13. Alkateak Egibar etxean saninazioetan inolako baimenik gabe ardoa saldu zutela jakinarazi zuen, eta erabaki zuten salaketa egin ondoren kartzelaratzea eta 50 dukateko isuna ezartzea.
  • 1705-8-13. Atxarango presa berria ikusteko Akotegi erregidorea eta Domingo Segurola peritua izendatu zituzten.
  • 1705-8-3. Probintziak Diputazioak soldaduak biltzeko esanez bidalitako gutuna irakurri zuen. Asmo horrekin herriratuko ziren ofizialak aurkezten zituzten agiriek esandakoaren arabera jokatzea erabaki zuten, aurrez behin baino gehiagotan egin bezala.
  • 1705-8-2. Diputazioak idatzi zuen, Frantzisko Joxe Enparan koronela Gipuzkoako lurraldera bere ofizialekin iritsi zela esanez, eta, bertako biztanleak erregearen Infanteriako Guardia Erregimendurako aukeratu nahi zituenez, herriari iritzia eskatu zioten, jokaera ez baitzen ezaguna. Hurrengo egunean bilera egitea erabaki zuten herritar berezienekin.
  • 1705-7-12. Amuko bide berria egiten jarraitzea erabaki zuten. Kexa batzuengatik lanak geldituta zeuden.
  • 1705-5-18. Herriak prestatu zuen Suteetarako Anaiartea onartu zuten, Madrilen.
  • 1705-3-23. Pregonariaren bidez jakinaraztea erabaki zuten herrian inork ez zezala gurdi egurra lau erreal eta erdi baino gehiago ordaindu. Mendiak erosita zituen Inazio Zuloagak aurrez Sistiaga aldean eta bi errealean jarriko zuela jakinarazi zuen. Zuloaga zigortzea ere onartu zuten, inolako baimenik ez zuelako bere eskrituratik aparte iruditzen zitzaion prezioa jartzeko.
  • 1705-2-8. Udalbatzar nagusian, herriari Inazio Segurolarekin zen auzia nolatan zen jakinarazi zioten. Idiak eta behiak herri barruan edukitzearen debekuaren berri eman zuten orduan, eta auziarekin aurrera jarraitzea onartu zen, Inazio Segurolaren etxeak herriko harresiaren barruan zeudelako.
  • 1705-2-8. Herriko mendiak ikatza egiteko erosi zituen Inazio Zuloagak, Mureziondo mendian ebakitzeko baimena emateko erregutu zuen, eta agindutako 2.000 dukat eta zor zituen beste zilarrezko 6.000 errealekin batera ordaintzeko epea luzatzea ere bai, dena Eguberrietan ordainduko zuela esanez. Zuloagaren eskaerari erantzuna emateko orduan, era guztietako iritziak agertu ziren udalbatzar nagusian. Azkenean bozketa eginik, aipaturiko mendia ebakitzeko baimena ematea eta ordainketa egiteko Eguberriak bitarteko luzapena ematea erabaki zuten; Juan Apaeztegik erabakiaren aurka egin zuen.
  • 1705-2-5. Enparan errotako maizterraren kexei erantzunez, gero konpontzeko teilatuaren egoera ikustea erabaki zuten.
  • 1705-1-16. Gragori Sarasuak zazpi urte aurretik Soreasu errota errentan eduki zuela esanez idatzi zuen. Eta hark utzitako tresna batzuk eta orduan jaso nahi zituenak han zeudela adierazi zuen. Udalak, Zuazola erregidoreak eskaerari erantzuna eman zezan agintzea erabaki zuen.
  • 1704-12-12. Lehen igandean parrokien bidez adierazi zuten saltzeko asmotan sagardoari uda nahastuta zeukaten guztiek ondorengo egunean udaletxera agertu beharko zutela arratsaldeko ordu bietan, eta han salketa egiteko txandak izendatuko zituztela zozketaren bidez.
  • 1704-11-30. Lorentzo Elizalderi Elizalde baserria zati handi batean erre egin zitzaiola-eta, berritze lanak egiteko egurra eskatu zuen. Udalak erdia ordaintzea erabaki zuen eta beste erdia ezerezean ematea.
  • 1704-11-7. Herriaren ardo hornikuntza egiten zuten nafar mandazainek euren ostatutzat herriko tabernak hartuz gero iskanbilak sor zitezkeela irudituta, tabernari guztiei euren etxeetan hornitzaileei ostatua eskaintzea debekatu zieten, eta eskribauari agindu zioten debeku horren berri idatziz ematea tabernariei, adieraziz ez betez gero gogor zigortuko zituztela.
  • 1704-10-12. Herriko errebaletan zirenei behiak edukitzen uztea erabaki zuten, baina herri barruan zirenei ez.
  • 1704-10-12. Suteetarako elkarteari buruz jarraitu beharreko arau batzuk onartu zituen herriak.
  • 1704-10-10. Manuel Altunak egurra eskatu zuen, erre zitzaion Akotegi etxea konpontzeko, eta Udalak erabaki zuen gaiaren berri Herri Batzarrean adieraztea.
  • 1704-9-26. Zazpi urte egin bitartean herriaren laguntzarekin Inesa Alberdik hazitako utzitako neskatxa ez zela lan bat aurkitzeko gauza izan ikusita, beste bi urtean ohiko laguntza ematea erabaki zuten.
  • 1704-8-22. San Agustin eguna nola ospatu eztabaidatu zuten herritarren artean, eta bozketa bidez erabaki zuten zer egin, oso iritzi ezberdinak agertu baitziren. Horrela, alkateak, fidelak eta erregidoreetako batek eskaintzen zituzten zezenkoez gain, beste bi zezenko ekartzea erabaki zuten, baita herrian zen korrejidorea gonbidatzea ere.
  • 1704-8-22. Urteetan hauteskundeetara herritar berezi gutxi agertu zen eta, inork ez aitzakiarik azaltzeko, herriak lortutako erreal probisioaren berri parrokien bidez jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1704-8-10. San Agustin komentuko prioreak egindako eskaera kontuan hartu eta, eliza nagusia egiteko maisuarekin tratua egin zuenez, lau urtean herriak ehun dobloi ordainduko zizkiola erabaki zuten.
  • 1704-8-10. Eizmendi auzoko ermitako lanak herriak amaitzea erabaki zuten.
  • 1703-11-22. Mandazain nafarrekin herriko ardoaren hornikuntza egiteko eskritura sinatu zuten. Herriari urtean 250 erreal eskaini zizkioten.
  • 1703-10-19. Enparan zubian zen sarrerako Andre Mariaren irudiaren teilatuan egindako lanen berri eman zuten, eta Joan Apaeztegi maisua aukeratu zuten guztia egokitzeko.
  • 1703-9-8. Bartolome Mugerza elgoibartarrarekin tratua egiteko eta harekin eskritura sinatzeko ahalmena eman zioten Joan Apeztegia erregidoreari, 'Bataio' kaperako burdinsarea egin ahal izateko.
  • 1703-7-30. Gregorio Aranburu, Jeronimo Sarasua, Joxe Joaristi eta Aszensio Larraar harginek Urrestillako eliza lauzatze lanak entregatu zituzten.
  • 1703-6-29. Herritarrek zituzten armen zerrenda egina zela adierazi zuten. Abilezia zeukaten eta ongi prestatuak ziren 120 mosketari eta 150 alkabuzari zeuden herrian, eta Diputazioari horrela jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1703-6-18. San Pedro egunean 18 urtetik 60ra bitarteko herritar eta biztanleak enparantzan bidu beharreko deia San Juan egunean parrokietatik adieraztea erabaki zuten. Deialdi horrekin probintziko itsasertzean zegoen Ingalaterrako armadari aurka egiteko soldaduen zerrenda osatuko zuten.
  • 1703-6-17. Diputazioak jakinarazi zuenez, Ingalaterra eta Herbehereetako armadak Frantziako itsasertza bonbardatzen ari ziren. Bonbardaketa mugatik 60 lekora gertatzen ari zen eta beldur ziren bertaratuko ote ziren. Horren aurrean, honako erosketa hauek egin zituzten: ehun anega gari, bi barrika bolbora eta beharrezkoa zen metxa. Horretarako eta beste gauza guztietarako Udalak gestioak egin zituen, zilarrezko bostehun dukat zentsuan hartzeko bezala.
  • 1703-6-17. San Agustin komentuko priore Domingo Goiri fraideak adierazi zuen duela lau urte eman ziotela baimena herriko basoetan egurra ebakitzeko obrari jarraitzeko. Baina nola garaian ez zen egin eta unean beharrekoa zen, eskaera bera zuzentzen zuela zioen. Sistiaga aldean eta mendi ikusleek seinalatuz, ebakitzeko baimena eman zioten, sakristia itxi eta bere teilatua egiteko behar zuelako.
  • 1703-4-21. Maiatzaren 11n Gatzagara irtengo zuten 28 soldadu herritarren zerrendaren berri eman zuten. Han onpainiak osatu ondoren, Madrilera abiatuko ziren. Sarjentu nagusi bezala Frantzisko Joseph Enparan joango zen; kapitain, Joxe Antonio Azkue; alferiz, Domingo Basazabal; eta sarjentu, Manuel Eizmendi. Tertzioko maisu bezala Tomas Idiakez IpiƱarrieta zuten.
  • 1703-4-21. Errenterian ospatutako Batzar Nagusiek herriei tokatzen zitzaizkien fogeraren zorrak ordaintzeko agindu zuten. Baina Azpeitiari ezinezkoa zitzaion zor zituen 3.000 erreal ordaintzea eta, beraz, basoak erosi zituen Inazio Zuloagari 1.800 erreal aurreratzeko eskatzea erabaki zuten.
  • 1703-3-19. Kanporatu behar zuten soldadu bakoitzari, eta irten bitartean, zilarrezko erreal bana ematea erabaki zuten.
  • 1703-3-8. Zortziehun dukateko zentsua hartzea erabaki zuen herriak, erdia Juan Larraarrengandik eta beste erdia aurki zitekeen tokitik.
  • 1703-3-8. Herriko hiru udaltzainei agindu zieten etxez etxe albistea pasatzeko: hemezortzi urtez gorako gazte guztiak astelehenean eta goizeko hamarretarako udaletxera ager zitezela, herriari tokatzen zitzaizkion 29 soldaduren aukeraketa egiteko.
  • 1703-3-2. Espainiako erregeak probintziari eginiko eskaerari erantzuteko, herriko elizetan boluntario alistatu nahi zuenik baldin bazen ager zedila adieraztea erabaki zuten, probintziak eskaintzen zuen jantzia ikusteko eta herriarekin soldataz tratu batera iristeko.
  • 1703-2-25. Aurreraturik, zilarrezko 800 dukat eskuratzea erabaki zuen herriak, Donostian eginiko batzar berezian hartutako erabakiari erantzuteko. Hau da, herriak prestatu behar zituen soldaduei jazkiak egiteko: kasaka, txupa eta galtzak, galtzerdiak, oinetakoak, kapela, bi alkandora eta bi korbata.
  • 1702-11-12. Erreginaren gutunari ongi-etorria egin zioten.
  • 1702-10-6. Eztabaidatu ondoren nolako istiluak eta borrokan sortzen ziren Larraar etxean taberna zabaldu zenetik -batez ere, bertara joaten ziren garraiozaleen artean-, han maiztertzan zenari gehiago ardorik ez saltzeko esatea erabaki zuten, hogei dukateko isunaren mehatxupean.
  • 1702-8-10. Diputazioak, erreal zedula bidez, Italiaren aurkako borrokan erregearen armak irabazle suertatzeko erregutuz errogatibak egitea eskatu zuen. Parrokiko apaizei hori lortzeko saia zitezen eskatzea erabaki zuten.
  • 1702-8-10. Herriak agindu bezala, eta ohiturari jarraituz, lurraldeko mugak ikusi zituzten. Sei urte igaro ziren azkeneko aldiz herriaren lurraldeko mugak ikusi zituztenetik.
  • 1702-3-31. Bataioko kapera ixteko zer egin zitekeen erabakitzeko, balkoiak eta zerraileak egiten zituen Bartolome Elorza maisu elgoibartarrari deitzea erabaki zuten.
  • 1702-3-31. Azken uholdeak izugarrizko kalteak egin zituelako Loiolarako bidean eta San Joxe ermitaren inguruan horma bat altxatzea erabaki zuten.
  • 1702-3-31. Enparan errotarako harri berri bat prestatzea erabaki zuten.
  • 1702-2-25. Pedro Beltran Oiarzabal eta Lorentzo Eleizalde aukeratu zituen herriak, bataio kaperako burdinsarea egiteko norbait aurkitu zezaten. Apaizek ehun ezkutuko limosna eman zuten eta beste zenbait laguntza ere jaso ziren.
  • 1702-2-5. Udalbatzar nagusian, ikatza egiteko egurra ateratzeko herriko mendien salmentak nola egin ziren adierazi zuten agintariek.
  • 1702-2-4. Parrokiko Bataio kaperan Elgoibarko Bartolome Elorzak egin zezakeen burdinsare bat jartzea erabaki zuten.
  • 1702-1-17. Herriaren mendietako egurra saltzeko arautegi berri bat onartu zuen Udalak.
  • 1702-1-8. Ipardain baserria egokitzeko -erre egin zitzaion-, herriak egurra eman zion Juan Mendizabal jabeari.
  • 1702-1-1. Aurrez Joseph Olanok, herriari 1.600 erreal eskainiz, alondegia bere gain hartuta bazuen ere, Juan Ariznabarretak ondoren, gehiago emateko asmoa agertuz, eskaintza egin zuen, eta herriak ontzat hartu eta berehala enkantean jarri zuen. Azkenean, Ariznabarretak 1.867 erreal eskaini eta alondegiaren kargua hartu zuen.
  • 1701-9-17. Parrokiko korurako eskailerari buruz alkateak jasotako iritziak kontuan izanik, Miguel Esnaolari zilarrezko sei erreal gutxiago ordaintzea erabaki zuten, akats batzuk zituelako -Esnaolak egin zuen obra-.
  • 1701-9-7. Miguel Esnaolak korurako eskailerarako egindako barandari buruz hitz egin zuten, Martin Zaldua maisuak ikusi eta adierazi zuelako akats batzuk zituela, eta Esnaolari halaxe adierazi zioten. Alkateari gaiari buruz erabakia hartzeko ahalmena eman zioten azkenean.
  • 1701-9-3. Domingo Zelaiaran eta Frantzisko Uzkudun apaizek adierazi zuten, parrokiko apaizen izenean,, zetozen eguberrietarako ehun ezkutuko limosna ematea erabaki zutela, 'Bataio' kaperako obrak ordaintzeko laguntza moduan.
  • 1701-8-10. Miguel Esnaolak parrokiko koruko eskaileraren baranda amaitu eta jarri zuen, eta lana ikusteko Martin Zaldua maisua izendatu zuten.
  • 1701-5-30. Martin Zaldua maisuarekin eskritura sinatu zuten, parrokiko 'Bataio' kapera egiteko.
  • 1701-5-2. Frantzisko Inazio Sorarrain eta Frantzisko Joxe BikuƱari ahalmena eman zieten Martin Zaldua maisuarekin bataioko kaperari buruz hitz egiteko.
  • 1701-4-7. Loiola erretoreak eskaini zuen laguntza kaskarra aktan idatzirik uztea erabaki zuten, Martin Zaldua maisuari parrokiko bataio kaperan obrak egiteko baimenik ez zuelako eman.
  • 1701-3-29. Parrokiko korurako eskaileraren baranda amaituta zegoenez, kolorea emateko Bergarako margolari batekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
  • 1701-3-29. Bataioko kapera apaindu nahian, bertan Martin Zaldua maisuari harrizko ganga bat egiteko eskatzea erabaki zuten.
  • 1701-3-7. Bere txanda betetzen korrejidorea herrian izanik, San Agustin komentuko sagrarioko giltza Ostegun Santu egunez hari eskaintzea erabaki zuten, kontuan izanik herria zela bertako patroia.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan