Eguna: 1-22

  • 2021-1-22. Sanagustin kulturgunearen 10. urteurreneko egitaraua prestatzeko Herri Batzordea eratu zuten Kultur Mahaiak, Kulturaz kooperatibak, bi udal taldeek (EH Bildu eta EAJ) eta norbanako batzuek.
  • 2013-1-22. Jesus Larrañaga EAJko zinegotzi eta bozeramaileak dimisioa eman zuen.
  • 2011-1-22. Jon Paredes Manot 'Txiki' (Zarautz) ETAko militantea hil zuten balen zorroak Lazkaoko artxibategiaren esku utzi zituen haren familiak, Nuarben eginiko ekitaldi batean. Txiki Angel Otaegi nuarbetarraren egun berean fusilatu zuen Francoren errejimenak, 1975eko irailaren 27an.
  • 2010-1-22. Jabi Agirre epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, ETAko kidea izatea egotzita.
  • 1991-1-22. San Agustin elizan Loiola 91 batzordeak Jesusen Lagundiak Paraguaiko lurretan eginiko lanaren berri jasotzen zuen erakusketa zabaldu zuen.
  • 1989-1-22. Iñaki Azpiazu apaizari omenaldia eskaini zioten. Apaiz ikasketak egin zituen Gasteizen, eta Frantzian erbesteratuta jazarpenean zirenei laguntzen ahalegindu zen. 'Gernika' batailoiko kaperaua izan zen. Geroago Argentinara pasatu zen, Buenos Aires hirian Euskaltzaleak zuzenduz. Gizarte mailako bultzatzaile handia izanik, idazle bezala ere lan egokiak argitaratu zituen 'Anayak', 'Euzko-Deya', 'Gernika' eta 'Gure Herria' aldizkarietan; gogoan edukitzekoak dira 'Siete meses y siete dias en la España de Franco' eta 'El caso del clero vasco' lanak.
  • 1979-1-22. Parrokian korura igotzeko eskaileraren ganga erori zen.
  • 1956-1-22. Joxe Elorza Kortaberri eta Joxe Mari Oteiza aizkolariak neurtu ziren; zortzi enbor 45'' eta beste bi 72'' zituzten lanerako. Kortaberrik irabazi zuen 30'18'' denborarekin. Oteiza erretiratu egin zen zortzigarren enborrean, 29' 07'' denbora eginda.
  • 1906-1-22. Zelai Luzeko zuhaitzak atera eta berriz ere landatzeko aurrekontua onartu zuten.
  • 1902-1-22. Azoka plaza estali berrian kalte batzuk gertatu zirela jakin zenean, hura guztia aztertu ahal izateko udalbatzarrean batzorde bat izendatu zuten.
  • 1797-1-22. Parrokiaren atariko lanak jarraitzea erabaki zuten, eta horretarako behar zen dirua aurkitu behar zela.
  • 1784-1-22. Urri ziren artoa eta garia herrian eta 40.000 errealen generoa erosteko erabakia hartu zuten agintariek.
  • 1784-1-22. Herrian saltzen zen ardoa, mistela eta pattar pitxar bakoitzeko lau maraiko zerga zuen jarrita herriak, biltzen zen dirua errukietxeari emateko. Zergak luzapena izan zezan, agintariek aurrez bezala baimen erreala lortzea erabaki zuten.
  • 1784-1-22. Gramatika irakasle bat herriratzea onartu zuten, hari ordainketa egiteko edariei bi maraiko zerga gehituz, aurrez erregearen baimena lortuta.
  • 1784-1-22. Herriko txistulariari herriko enparantza edo beste zenbait tokitan diru bilketa egitea debekatu zioten, baina herritik kanpo egin zezakeela ere jakinaraziz; esate baterako, Loiolako atarian Pedro donearen egunean edo Inazio donearen bederatziurrenean ere toki berean.
  • 1719-1-22. Organo berria amaitzear zegoelako, parrokiko etxezain eta apaizak herriari organojole edo organista bat izendatzeko eskatu zioten.
  • 1682-1-22. Deialdi bat izaten zenerako eta herriko soldadu konpainia 50 pertsonako lau zatitan osatuta egon zedin, lau kabo izendatu zituzten. Kapitain, berriz, Frantzisko Mendizabal, Tomas Korta, Antonio Azkue eta Frantzisko Inazio Sorarrain Enparan izendatu zituzten.
  • 1682-1-22. Beizamako Udalaren gutun bat jaso zuten, esanez frantziarren aurka bertatik irten beharreko soldaduek Azpeitiko konpainiarekin bat eginik joateko asmoa zutela, eta berehala eman zieten baimena Beizama ordezkatuko zuten Juan Arregi, Martin Otaegi eta Juan Lopez Aginagari batzarrean agertzeko eta nahi bera jakinarazteko. Azpeitiko agintariek benetan pozik hartu zuten beizamarren gogoa. Baiezkoa eman zieten, sarjentu batekin Beizamako soldaduak bat egiteko Azpeititik joango zirenekin.
  • 1682-1-22. Azkoitian Jesusen Lagundiak zuen Ikastetxeko erretore aita Miguel Lazkibar agertu zen, probintziko Manuel Arce korregidorea Loiolara iristear zenaren albistea hartuta zuela esanez, eta erreginaren izenean Etxe Santuaren jabetza hartzeko zetorrela korrejidorea. Bestalde, erretoreak erregutu zuen azpeitiar agintariek Loiolan izatea ekintza horren lekuko, eta erretoreari eskerrak emanez bertan izango zirela erantzun zioten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan