2018-3-4. Xabier Aranburu 'Guzta' Urrestillako bizilagunak Urrezko Harri-jasotze Txapelketa irabazi zuen, Izarraitz pilotalekuan jokatutako finalean.
2012-3-4. Ionut Alin Zincak irabazi zuen Zuzenien Mendi Lasterketa Bertikala.
2005-3-4. Garikoitz Etxeberria 'Kafe' aske gelditu zen, lau urtez behin-behineko kartzelaldian egon ondoren 'Haika-Segi auzia'-gatik. Hurrengo egunean omenaldia egin zioten plazan.
2005-3-4. Ibon Odriozolak CAF-Elhuyar sarietako hirugarren saria jaso zuen Lasarte-Orian, Txitxardin Beltza jatetxean.
1993-3-4. Udalak Karmelo Etxegarai Ikastolari diru laguntzak moztea erabaki zuen, baldin eta sare pribatuan jarraitzea erabakitzen bazuen.
1982-3-4. Parrokiaren eskuetan zen hilerria Azpeitiko Udalaren eskuetara pasa zedin, horretarako sorturik zen batzordeari agindu zioten hilerriak izan beharreko arautegiaren eta ordenantzen ikerketa egiteko.
1926-3-4. Alkateari ahalmena eman zioten San Agustingo arkuetan zen kioskoa kentzeko, bukatuta zegoelako Albara Aistarani horretarako emandako epea.
1907-3-4. Urrestillan Eperkua zubitik Errezilera bitarteko bidea konpontzen ari zirenei 140 zatiko ematea erabaki zuen herriak.
1907-3-4. Egindako hutsuneak gogoan izanik, herriari elektrika argia eman zion Eladio Manuel Odriozolari 50 pezetako isuna ezartzea erabaki zuten.
1903-3-4. Zezen-plaza berria egitea enkantean jartzeko baldintzak irakurri eta onartu zituen herriak.
1903-3-4. San Sebastian egunean eta astearte karnabalera bitarteko igandeetan kaleratu ziren zezenak ordaindu zituzten.
1903-3-4. Alkatearen mozioa onartuz, udaletxeko balkoietarako esekiak eginaraztea erabaki zuten.
1896-3-4. Udaletxe zaharrean nesken eskola bat jartzeko aurrekontua onartu zuten.
1859-3-4. Juan Amezua organu-egileak agertu zituen kexa eta diru beharrari erantzunez, 20.000 erreal aurreratzea erabaki zuten, baina Santesteban maisuak aurkitutako akatsak kentzeko eta eguberrietarako organoa bukatzeko eskatuz.
1810-3-4. Enparan errotan herriak zuen partea erosi nahian, Inozenzio Ogarriok eginiko 25.000 errealeko eskaintza aztertu zuten, eta berriro almodenan jartzea erabaki. Norbaitek diru gehiago ez eskaintzean, Ogarriorekin berekin harremanetan jartzea onartu zuten.
1777-3-4. Urte horretan bertan erre zen Arantzeta baserria berritzeko otea eskatu zuen Miguel Alzagak, karobi bat erretzeko Leizeaga inguruan, eta hari erantzutea ontzat hartu zuten.
1777-3-4. Loiolako Erret Ikastetxe irudiak egiteko behar zituelako, gaztainondoak ebakitzeko baimena eman zioten Joxe Etxeberriari.
1766-3-4. Askatasunean mistela eta pattarra saltzea debekatu zuten, ikusita nolako kaltegarriak ziren osasunarentzat eta sendien hondamena sortzen zutelako.
1689-3-4. Alondegitik pasatu eta zergak ordaindu gabe salmentak egiten zituztenei herriaren aldetik isuna ezarri eta beraien aurkako auzia jarriko zietela adieraztea erabaki zuten.
1516-3-4. Ordainketa batzuk egin zituen Azpeitiak, izurritea zen herrietatik hurbiltzen zirenak zaintzen guardia egin baitzuten herriaren sarreretan.
1516-3-4. Burutik erabat nahasturik herrian agertu zen fraide bat Iruñera eraman zutelako, 2.000 marai ordaindu zizkioten Juan Martinez Larraar-i.
1516-3-4. Herrian ziren txerrien zerrenda osatu zuten, 865 txerrirentzat jasotako ezkurra banatu ahal izateko.
1516-3-4. Leizeaga eta Ixtioren artean bidea egitea erabaki zuten, baita herria eta Badiola tartean ere.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago