2019-10-3. Lapatxeko konpostatze planta behin betiko ixtea onartu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak.
2019-10-3. Alaitz Olaizolak 'Nork agintzen du?' liburua aurkeztu zuen Donostian.
2015-10-3. UEMAko lehendakari izendatu zuten Josu Labaka Azpeitiko zinegotzia, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Azpeitian egindako batzar nagusian.
2015-10-3. Izarraitz Igeri Elkarteak 30. urteurrena ospatu zuen.
2011-10-3. Patxi Arotzarena, Hazparneko alkateordea, hil zen, 43 urte zituela.
2002-10-3. Auzarazako errotonda egokitzeko lanak hasi zituzten. Errotonda itxi eta zubitik zetorren bidearen mailara altxatu zuten.
1991-10-3. Josu Bereziartua eta Benantxio Irureta Azpeitia Everest'91 espedizioko kideak gailurretik 88 metrora gelditu ziren.
1988-10-3. Lapatx zabortegia inauguratu zuten ofizialki.
1963-10-3. Antxieta Etxearen aurrealdearen zati handi bat lurrera erori zen.
1929-10-3. Herriko frontoia egin zeneko mendeurrena betetzean, hura konpontzea eta urtea adierazten zuen harria garbitzea erabaki zuten. Urteurrena zela-eta jaialdiak prestatu nahi zituen batzordeari diru laguntza ematea ere erabaki zuten, urteurrena garrantzitsua zelako.
1917-10-3. Plaza Nagusian egindako kioskoari buruzko kontuak ikusi ondoren -Ramon Kortazarrek prestatuak; 6.951,90 pezeta ziren- eta, guztiak ongi aztertu ondoren, aho batez erabaki zuten ontzat hartzea eta Frantzisko Larrañaga kontratistari azken zatiaren ordainketa egitea. Herriak 2.500 pezeta aurreratuak zizkion Larrañagari.
1917-10-3. Alkateak jakinarazi zuen nahiz eta enkantean jarri aurreko uztailean Azpeititik Tolosara bitarteko garraioa autoz egiteko aukera -egunean bi bidaia eginez, eta urtean sei mila pezeta kobratuz-, inork ez zuela zerbitzu hori hartu. Tolosak, Azpeitiak eta tarteko herriek, ordea, zerbitzua martxan jartzeko gestioak egiten jarraitu zutela adierazi zuen alkateak, eta Danborenea eta Konpainia enpresarekin harremanak izan ondoren, hura zerbitzua egiteko prest zela, urtean zortzi mila pezeta ordaintzen bazioten. Diru kopuru hori era honetan osatuko litzateke: Espainiako Estatuak sei mila pezeta, Diputazioak mila, Tolosak 330, Azpeitiak berrehun, Errezilek 250, Albizturrek ehun, Bidaniak ehun eta Goiatzek 50 pezeta. Udalak aho batez erabaki zuen berari tokatzen zitzaiona ordaintzea, eta alkateari ahalmena ematea agiria sinatzeko.
1887-10-3. Frantziska Iriarteri ordaindu egin zioten Espainiako erregeei ongi-etorria egiteko egindako lana -banderak eta alfonbrak jaso zituen-. Balaguer, Coll eta Ripoll dendako nagusiari ere ordaindu zioten, erregeei emandako freskagarriengatik.
1835-10-3. Herria diru gehiegirik gabe zegoen. Hala ere, herritarrek, larri egon arren, janari eta edari asko aurreratzen zizkieten bertara joandako tropei. Horrela jarraitzea ezinezkoa zela ikusirik, herriaren hondamen osoa Diputazioari ezagutzera ematea erabaki zuten, eta adierazi agintariei ezinezkoa egiten zitzaiela euren postuetan jarraitzea. Hala, ahalmena eman zioten alkateari, pertsonalki egin zezan gestioa. Diputazioari zera jakinarazi beharko zion: diru laguntza ematen ez zuen bitartean ezingo zuela herriak jarraitu tropari eguneroko zatikoak ematen, eta derrigorrezkoa egiten zitzaiola aurreratutakoa berehala kobratzea.
1834-10-3. Izurriteak herritar asko kutsatu zituen, eta neurriak hartu nahirik bildu ziren agintariak. Higinio Frantzisko Elorza, Joxe Mari Lasarte, Juan Bixente Oñate eta Gabriel Kabredok osatzen zuten Herriko Osasun Juntari nola jokatu aztertzeko ahalmen osoa ematea erabaki zuten.
1692-10-3. Juan Apaeztegi maisu arkitektuak parrokiko erretaula ordaintzeko eskatu zuen, eta herriak erabaki zuen Tomas Korta eta Frantzisko Mendizabal kapitainei eginiko lanari buruzko iritzia eskatzea.
1597-10-3. Prozesioak egitea erabaki zuten, Donostian eta beste zenbait tokitan izurritea zegoelako.
1580-10-3. Pedro Oiarzabalek auzi bat jarri zuen Joanes Ibarraren aurka, honek esklabu bat hil omen zuelako.
1573-10-3. Parrokian Ebanjelio aldeko horma bat erori egin zen, eta nola geratu zen jakitea erabaki zuten.
1572-10-3. Udaletxean obrak egiten ari zirenez, herriratzear zen korrejidorearentzat etxe bat aurkitzea erabaki zuten. Bustinzuri hartu zuten, hilean bi dukat ordainduz.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago