2021-7-17. Kristina Gonzalezek eta Iker Lorencek irabazi zuten auto klasikoen XVIII. Azpeitia Hiria Rallya.
1987-7-17. Ilunpe Elkarteak antolatuta Zesar Valverde I. Pilota Oroimenekoa jokatu zuten.
1968-7-17. Nikolas Zubeldiak Kasino Hotela lurreratzeko baimena eskatu zuen, hura eta Vista Alegre frontoia zen tokian kirol leku bat egokitzeko, eta Roberto Martinezek egindako proiektua aurkeztu zuen. Udalak baiezkoa eman zion.
1934-7-17. Miguel Zendoiaren eskaerari erantzunez, Udalak zezen-plazan herriak antolatzen zituen ekintza guztietarako ordaindu gabeko sarrerak errukietxean zirenei eskaintzea erabaki zuen.
1905-7-17. Urrestillara ura emateko egin behar ziren lanak enkantean jartzeko baldintzak onartu zituzten.
1893-7-17. Urrestilla eta Nuarbe auzoetako kontrabandoa zaintzeko, Manuel Odriozola izendatu zuten.
1893-7-17. Herriak ardoa, likoreak eta antzeko edariak saltzen zituzten tabernariei agindu zien genero sarrerekin eta irteerekin liburu aparteko bat izatea, egun bakoitzekoa garbi agertzeko.
1835-7-17. Baionatik Joxe Manuel Enparanek idatzi zuen gutunaren berri eman zuten; herriak aurreratutakoak kobratzeko Frantziako Gobernuari eskaera egin behar zitzaiola zioen. Udalak eskaera zuzentzeko Enparani ahalmena ematea erabaki zuten.
1780-7-17. Herriak San Agustin eta Santo Domingo komentuei 1773ko uztailaren 16an gauean argiak jartzeko eskatuz idatzitako gutunak erantzun gabe zirela-eta, berriro idaztea erabaki zuten, adieraziz herriak zer gertatu zen jakin nahi zuela.
1763-7-17. Landeta baserritik Kurutzeako lurraldera bitartean bide berria egin zuten, eta Harzubira bitartean jarraitzea erabaki.
1733-7-17. Inazio Ibero maisuak herritik Loiolara bitarteko bidea zabaltzeko ideia aurkeztu zuen baina, horretarako lur zati batzuk hartzea derrigorrezkoa zenez, Udalak gestioak egitea erabaki zuen.
1694-7-17. Diputazioak agindu zuen herri guztietan alarde nagusiak egitea abuztuaren 10ean, eta herrian taldeak osatu zituzten. Tiro ariketak ere egin zituzten herritarrek, hogei dukateko isunaren azpian. Igande eta jaiegunetan ere arma ariketak egitea agindu zuen Diputazioak, herritarrek taldeka banatuz. Udalak alarderako deialdia egitea erabaki zuen, 18 urtetik 60ra bitartekoentzat. Parrokien bitartez alarderako deialdiari uko egiteak 500 maraiko isuna izango zuen ordaintzat, nahiz eta herritarra izan edo biztanlea.
1596-7-17. Santiago egunean alardea egitea erabaki zuten. Arratsaldeko ordubietan Madalenan bilduko ziren herritar eta biztanleak, armak zituztela, berrehun maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela zigorraren azpian.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago