2018-10-27. Imanol Eliasek idatzitako 'Matxinada' antzerki musikala taularatu zuten herriko ehun lagun inguruk Soreasun. Azpeitiko Kultur Mahaiaren ekimenez ondutako ikuskizunarekin hasi ziren 2018ko Euskal Antzerki Topaketak.
1966-10-27. Alkateak adierazi zuen Aita Betharramdarrekin eginiko kontratuan jarritako baldintza bat hamar urteko iraupena izatea zela. Honek, aldiz, bost urterako baino ez zuela sinatu nahi zioen. Udalak erabaki zuen bost urterako egitea, urte horretako abuztuaren 20an hasita.
1941-10-27. Herriak unean zuen egoera ekonomiko eskasaz jabeturik, Musika Banda ezerezean uztea erabaki zuten.
1862-10-27. Alkateak Santo Domingo komentua izandako eraikinean kuartel berria egiteko baldintzak eta aurrekontua jakitera eman zituen. Eraikinaren luzera guztian, ibaira bitartean arkuak egin zituzten. Udalak erabaki zuen guztia ontzat hartzea eta errematean jartzea azaroaren 4an.
1814-10-27. Ezpeleta komandanteak idatzitako gutunaren berri eman zuten. Tiro batzuk botatzeagatik Guadalajara erregimenduko sarjentuek nekazari bat atxilotu zutela adierazi zuten. Horrez gain, nekazarien aldetik ez ezik, beraiek zaindu behar zituztenen aldetik ere astakeriak egiten zirela adierazi zuen gutunak. Gertatu zenaren berri probintziaren jakinean jartzea erabaki zuen Udalak, modu horretan herria igarotzen ari zen une gogorra adieraziz.
1748-10-27. Herri Batzar Nagusian erabaki zuten agintariek herriko karkaba guztiak garbiaraziko zituztela, horretarako etxebizitza bakoitzeko maiztertzan zenari bere nagusiari ordaindu behar zionetik sei erreal kenduz.
1719-10-27. Donostiara joan ziren hiru konpainietako ofizialei ordaindu beharrekoa erabaki zuten.
1715-10-27. Ahotsa eta botoa zuten herritar guztiei, Eguberri egunera bitartean euren ondasunen berri herriko agintariei agertu beharko zietela agindu zieten.
1715-10-27. Manuel Alzaga alkatea eta Martin Saloguen erregidoreari eman zieten ahalmena herriaren izenean. Parrokiko erretorea, Joseph Itirriaga eta Joseph Enparan ere partaide izan ziren, azken bisitaldian apezpikuak organoari buruz emandako agindua betez, horretarako behar ziren eskriturak sinatuz eta gestioak eginez.
1715-10-27. Herri barruan txerriak haztea nahi zutenek hurrengo egunerako udaletxean horretarako baimena eskatuko beharko zutela parrokiaren bidez adieraztea erabaki zuten.
1684-10-27. Armarik gabe ziren herritar guztiei bi hilabeteren barruan ezpatak, mosketeak eta alkabuzak erosi beharko zituztela adieraztea erabaki zuten. Bestela, emandako epea amaitzean zigortuak izango ziren.
1677-10-27. Unean herrian zegoen Joseph Portocarrero korrejidoreari dolumina agertzea erabaki zuten, Maria Manuela Prado emaztearekin zeukan alaba hil egin baitzen. Bezperako iluntzeko zortzietan hilobiratua izan zen herriko parrokian, Elola kaperan, eta, haren patroia herria zenez, kandelak pizturik jendetza handia bildu zuten. Dolumina agertzeko Domingo Arregi erregidorea eta Tomas Korta kapitaina izendatu zituzten; horiek berehala Portocarreroren etxera joan ziren eta udaletxera itzuli, korrejidoreak bertara etorri nahi zuelako. Berriro joan eta korregidorearekin itzuli ziren; honek esker sutsuenak agertu zizkion herriari eta bertako seme bat bezala hartzea nahi zuela eskatu zuen, sekula ahaztu ezinezko laguntza jaso zuelako Azpeitian. Horrez gain, bere jakituri guztia herriaren alde lana egiteko eskaini zuen.
1673-10-27. Herriko basoak zaindu behar zituztenak izendatu zituzten, eta herriak zenbait agindu eman zizkien.
1627-10-27. Elizari zabalera handiagoa eman nahirik, Urrestillako elizaren ondoan ziren lurraldeen erosketako eskritura sinatu zuten.
1568-10-27. Parrokiko etxezain Amador IƱiguez Alzagak elizaren itxurak eta iritziak aurkeztu zituen. Herriak Joan Lizarazu urretxuar maisu harginari deitzea erabaki zuen, ikusi eta iritzia ager zezan.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago