2017-9-21. Kataluniari babesa adierazteko eta "jasaten ari diren jazarpena salatzeko" adierazpena onartu zuen Udalak, urriaren 1eko galdeketaren atarian.
2017-9-21. Migel Angel Elustondok (H)Ilbeltza beka irabazi zuen, urtebeteko epean eleberri beltz bat egiteko.
2013-9-21. Joseba Albizuk mendi bizikletako maratoi erako Euskadiko Txapelketa irabazi zuen, Lesakan.
2007-9-21. Azpeitia eta Azkoitia elkartzen dituen bidegorria inauguratu zuten.
2001-9-21. Nuarbe Sokatira Taldeak zilarrezko domina irabazi zuen Suitzan, Europako lur gaineko 640 kilotako Txapelketan.
1952-9-21. Olazko Andre Mariaren koroatzea ospatu zuten.
1903-9-21. Pozik jaso zuten Hego Euskal Herrian Obra Publikoen zuzendaria ingeniariak bidali zuen albistea: Azkoitia eta Zumaiaren arteko Urola tranbiaren kontzesioa.
1885-9-21. Santiago kalea eta Kristina plazatxoa lauzatzean eginiko gastuak ontzat hartu zituzten.
1885-9-21. Harzubia eta Goiko kaleko biztanle batzuek idatzia aurkeztu zuten, herriari errukietxeko juntaren aurrean gestioak egin zitzala eskatuz, soberan zeukaten urarekin iturria jartzeko ondoen iruditzen zitzaien tokian, herritarrentzat ongarria izango zelako. Eskatutako gestioa egitea erabaki zuten.
1876-9-21. Herriak eginiko eskaerari erantzunez, Agustin Iturriagak eta Baltasar Ansolak txostena aurkeztu zuten, herriak martxan jarri nahi zuen bigarren mailako hezkuntzari buruzkoa, OƱatiko Unibertsitateko irakaslea izan zen Joxe Domingo Gerrikagoitiarekin harremanak izan ondoren. Urriaren 1etik herrian katedra izango zela agindu zuten, eta herriaren aldetik hiru mila erreal ordainduko zizkiotela lehen urtean, herritar ikasle bakoitzaren aldetik hamar erreal jasoko zirela hilean irakasgai bakoitzeko (kanpokoek hamasei erreal hilean irakasgai bakoitzeko). Urtea amaitzean ikusi beharko zuten herritarren laguntza txikiagoa izan zitekeen, baina irakasleak urtean sei mila erreal jasotzen zituela gutxi gorabehera. Eginiko gestioak ontzat hartu zituen herriak, eta bere berri irakasleari ematea erabaki zuten.
1851-9-21. Azpiroz perituak eginiko txostena Angel Segurari -Indokoa etxearen jabeari- pasatzea erabaki zuten, denbora galdu gabe hondamenean zituen hormak lurrera zitzan, eta zerbait atzeratu bere atzealdea, plano geometrikoak agertu bezala. Garai hartan sortzear zen kale berri bat -Santiago kalea-, eta bertako etxeak ez ziren batere parekatuak -batzuk luzeagoak besteak baino-, nahiz eta guztiek Eliz kalean izan aurrealdea.
1828-9-21. Aratz-Erreka auzoan eliza egiteko sortu zuten batzordeko kide Santiago Segurolak idatzi zuen, esanez behar zen materiala bertara eramateko prest zirela auzotarrak, eraikina egingo zuen maisuari 170 peoi eskainiz. Eskerrak ematea erabaki zuten.
1824-9-21. Parrokiko erretoreak ez zituen zabaldu nahi agindu errealak -ohitura zenez, herriak antzinatik pregonariaren bidez zabaltzen zuen dirua, kaleetan herritarrak biltzeko danborra joz ibili ondoren; Egunean erreal bat ordaintzen zioten pregonariari-. Kontuan izanik azken urteetan ez zuela herriak pregonaririk eta ez zuela, gainera, unean dirurik hari ordaintzeko, korrejidoreari iritzia eskatzea erabaki zuten.
1824-9-21. Herriak eginiko eskaera bati erantzunez idatzi zuen Diputazioak, esanez ez zuela berak ahalmenik pitxar ardoari bi maraiko zerga ezartzeko baimena emateko, nahiz eta herria 'Tertzio' konpainiarentzat prestatzen ari zena izan.
1823-9-21. Osasun Juntarekin batzarra egin zuten, eta Diputazioak bidalitako gutuna irakurri. Hauxe zioen gutunak: Lezoko erromeriatik herriratu zirenak, Pasaian sartu ez baziren behintzat, aske gelditu zitezkeela, egun bakar batzuk euren etxeetan egin ondoren izurrite itxurarik ez izanda behintzat. Pozik jakin zuten, bestalde, Pasaian indarra galtzen ari zela izurritea.
1694-9-21. Eztabaidak sortu zirela-eta, Tomas Leiarizti maisuak San Agustin komentuko obrak uztea erabaki zuen.
1579-9-21. Parrokian obrak egin zituztenez, elizak altuera txikiena zuen aldera pasatu zuten aldare nagusia, eta herriak erabaki zuen bertan ziren aulkiak egoki eta eroso banatzea, inolako kalterik jaso ez zezaten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago