2013-10-9. 'Azpeitiko idazleak' webgunea aurkeztu zuten, herriko euskarazko literatur ondarearekin eta hamazortzi idazleren nondik norakoekin hornitutakoa.
1953-10-9. Infantadoko duke Joakin Arteagaren ordezkariak eta administrazioko perituak eginiko balorazioak ikusi ondoren, Perdillegi baserriaren lurraldeei buruz honoko erabakiak hartu zituzten: 1. Joakin Arteagaren ordezkariari eta ondorengoei adieraztea administrazioa prest egon zitekeela orube guztia erosteko, Joxe Laskibar perituak azken irailaren 25ean sinatutako agiriak zioen bezala, 434.314 pezeta ordainduta. 2. Eskaintza ez bazen ontzat hartzen, aurrera jarraitu beharko zuela desjabetzaren espedienteak.
1930-10-9. Patxi Beldarrain eta 'Irutxinberri' neurtu ziren zezen-plazan, 8.000 metrotan lasterka. Beldarrainek irabazi zuen, 30 minutu eta hamabost segundotan.
1927-10-9. Amezketa eta 'Iperzelaite' neurtu ziren plazan lasterka, 11.300 metrotan. Aurrena atera zen garaile; 49 urterekin 44 minututan eta 10 segundotan egin zuen lana. Bigarrena 96 bira egitean gelditu egin zen.
1922-10-9. Alkateak adierazi zuen gestioak egiten ari zela herrian Lazareto bat egiteko, eta Karitateko Alaben zuzendariarekin eta errukietxeko juntarekin izan zituen harremanen berri eman nahi zuela. Hara zihoazen gaixoak zaintzeko bi lekaime jarriko zituzten, baldin eta herriak mila pezeta gehiagoko laguntza ematen bazien urtean. Alkatearen hitzak gustura entzun ondoren, herriko Osasun Juntarekin hitz egin eta Lazaretoa non egin zitekeen erabakitzeko ahalmen osoa eman zioten herriari.
1893-10-9. Plaza Txikiko 1. zenbakia zuen etxearen eroslerik ez agertzean enkantean jarri ondoren, Udalak erabaki zuen berriro jartzea enkantean, bigarren aldi hartan bederatzi mila pezetan. Azaroaren 14an jarriko zuten salgai.
1811-10-9. Utzitako haur bat aurkitu zuten Eizmendi baserriaren inguruan.
1678-10-9. Tolosan ospatutako Probintziako azken Batzar Nagusiak, Azpeitiak Iraetako zubia zaindu behar zuela agindu zuela kontuan hartuta -azken uholdeek eraman zuten- edo, bestela, Debako herriari ordaindu behar zizkiola zortziko 30 erreal, bat edo bestea aukeratzeko ahalmena eman zioten herriari. Idatzi baten bidez, Debako herriari esan zioten Debak berak egiten bazuen zubia, Azpeitia ahaleginduko zela zutik edukitzen Debak nahi zuen denboraldian.
1676-10-9. Kontuan izanik herriak eginiko eskaerari erantzunez nuntzioaren zentsurak herriratu zirela artxiboan falta ziren paperak aurkitu nahirik, eta parrokien bidez eman zituztela ezagutzera, hurrengo igandean jakinaraztea erabaki zuten, parrokien bidez, ondorengo igandean eskomikua irakurriko zutela.
1644-10-9. Herritar bereziekin egin zuten batzarra, eta enparantzan herria egiten ari zen dorrea zer egoeratan zegoen azaldu zuen Pedro Barreda korrejidoreak. Ordularia eta kanpaia jarri nahi zituzten bertan, eta horrela erabaki zuten agintari eta herritarrek. Aurretik zegoen dorre zaharra ere konpondu egin zuten, bide batez, arriskua gaindituz. Gaia eztabaidatu ondoren, batzarrean zeudenek proposamenak egin zituzten horretarako, euren artean 1.459 erreal osatuz. Laguntza handiagoa bildu nahirik, herritarren artean hurrengo egunetan Portu, Inazio Eizagirre, Antonio Altuna eta Juan Oñaz eskribaua izendatu zituzten eurekin harremanetan jartzeko.
1629-10-9. Behi eta ahari gutxi zen herriko lurretan haragi hornikuntza egiteko. Horregatik, lehen jaiegunean parrokien bidez hori adieraztea erabaki zuten, eta ganaduak herritik kanpo saltzea debekatu.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago