2015-11-27. Kaluse taldeak lehen diskoa aurkeztu zuen, zuzenean, Gaztetxean.
2015-11-27. Valverde drogeriak Gipuzkoako Bazkundearen '10 Bitxiak' sarietako bat jaso zuen.
2014-11-27. 'Mugarria' aurkeztu zuen Uztarriak, Kultur Koordinakundearen 16 eta aldizkariaren 15 urteko ibilbidea jasotzen duen ikus-entzunezkoa.
2014-11-27. Ildefonso Gurrutxaga eta Garate Anaia kaleak lotzeko igogailua inauguratu zuten.
2009-11-27. Valentina Agirreren liburuxka biografikoa aurkeztu zuen Uztarria Komunikazio Taldeak. Olatz Prat kazetariak idatzi zuen liburua.
2009-11-27. Azpeitiko Udalak Urrezko Bikain Ziurtagiria jaso zuen.
1987-11-27. Alkateek idatzi bat sinatu zuten, Eusko Jaurlaritzari abenduaren 31 arteko epea emanez Urola trenari buruz emandako hitza betetzeko.
1911-11-27. Alkateak esan zuen, zinegotzi guztiek zekiten bezala, San Inazioren eguna -uztailaren 31-, jaiegun bezala izatetik astegun bihurtu zela, azkenaldian emandako aginduen bidez. Haren iritziz, eta santuaren jaioterri bezala, Udalak zerbait egin beharko luke gauzak lehengo eran jartzeko. Hala, aita santuari eskaera zuzentzeko idatzia egitea proposatu zuen, aurrez Gipuzkoako herri guztiek sinatuz idatzia. Karmelo Etxegarai herritarrari eskatu zioten idatzia prestatzeko.
1905-11-27. Dionisio Soroetak Azkoititik Zumarraga bitarteko zatian Urolako tranbia elektrikoaren enkantea egitear zela esan zuen gutun baten bidez. Ondoren, beharreko neurriak hartuko zituela agindu zuen, ahal zen azkarren tranbia martxan jartzeko.
1882-11-27. Ikusirik herriak egiten zuen gastuaren neurrian ez zela lortzen argikuntza, Poliziaren Batzordeak proposatu zuen lehenik, Tolosa, Bergara, Irun, Beasain eta Oñatin nolako argikuntza zuten eta nolako emaitzak lortzen zituzten jakitea, bere kostuaren berri ere jakinik; bigarrenik, datu horiek jaso bitartean, honoko neurriak hartzea: a) kalitate oneko gasolina erabiltzea; b) jakinekoak ziren akatsak zuzenduz, farolak egokitzea. c) ohiko farolak baino gehiago piztea, zerbitzu ona eskaintzeko herritarrei. Udalaren aldetik, horrela egitea erabaki zen.
1882-11-27. Otso bat herriratu zuenari, sari bezala pezeta bat ematea erabaki zuten.
1847-11-27. Aszensio Inazio Altunak hilaren 19an idatzitako gutun baten berri eman zuten -Madrilen zegoen hura-. Bertan Espainiako Gobernuko Barne ministroarekin egon zela eta hileko lehen egunean emandako ordena errealari buruz hari xehetasun guztiak ematen saiatu zela zioen; hau da, Urrestilla Elosiaga eta Nuarbe auzoekin bat eginik herri bezala sortzeari buruz, eta horretaz probintziko politiko nagusiak zeukan jokaera eta neurriak ezerezean uzteko eskaerari buruz. Eskutitzean, ministroak politiko nagusiari bidalitako gutuna jaso berri zuela aipatzen zuen, eta emaitza pozgarria eta azkar baterako arrazoia zela adierazten zen, lehen kolpea bat-batean gelditu baitzen, herriaren mesedetan.
1823-11-27. Gogoan izanik Gorostidi jeneralari bidalitako txostenean Inazio Ibero agertzen zela herriko agintaritza eskuratzerik ez zutenen zerrendan -74 urte zituen-, zerrendatik kendu eta jubilatuenean sartzea erabaki zuten. Probintzia osoari eman zioten aldaketaren berri.
1744-11-27. Alkateak jakinarazi zuen hilaren 12an utzitako haur bat aurkitu zutela Loiolako atarian eta, ahalegin guztiak egin bazituzten ere nork utzi zuen jakiteko, ezinezkoa egin zitzaiola. Herriaren kontura haurra hazteak gastuak sortuko zituela kontuan izanda, Iruñeko Ospitale Nagusira eramatea erabaki zuten, ohiko diru laguntza emanez.
1644-11-27. Borboiko Isabel erreginaren hiletak egiteko zenbait erabaki hartu zituen herriak.
1597-11-27. Parrokiko teilatua errematean hartu zuen Pedro Beriztain maisuak.
1570-11-27. Juan de Alemania flamenkoa udalbatzarrean agertu zen, Elola kaperako organoa konponduko zuela esanez. Herriak tratua egin zuen harekin.
1570-11-27. Gares eta Martzilla edo inguruetatik ekarri beharko zuten ardoaren hornikuntza egiteko, herriak eskritura sinatu zuen mandazain nafarrekin.
1497-11-27. Martin Martinez Atxaran eta haren emazteak testamendua egin zuten, eta herriko parrokian Atxaran-Arteaga kapera sortu.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago