Hamarkada: 1820

  • 1829-11-18. Diputazioak idatzitako ofizioaren berri eman zuten, eta jakinarazi zein zen elizkizunen eta jolasen ordutegia Fernando VII.a eta Maria Cristina Borbonen arteko ezkontza ospatzeko. Udalak hilaren 22an meza nagusia ospatzea eta 'Te Deum' kantatzea erabaki zuen, agintariak parrokian korporazioan partaide zirela; aurrez apaizei albistea pasatu zieten. Enparantzan zezenketa antolatzeko Tomas Iturbe izendatu zuten, eta bezperan iluntzean eta egunekoan argiak piztu zituzten herrian.
  • 1829-8-17. Errepide errealak herriari eskain ziezaiokeen mesedeaz hitz egin zuten, batez ere proiektaturik zen Elgoibar eta Tolosa bitartekoaz. Azpeitia ez ezik, Azkoitia, Albiztur, Goiatz eta Bidania errepidea egiteko prest ziren. Alkateari herrietako ordezkariekin harremanetan jartzeko ahalmena eman zioten.
  • 1829-5-31. Frontoiaren inguruan Juan de Dios Alzagak egin nahi zuen etxearen diseinua onartu zuten.
  • 1829-5-10. Elgoibartik Tolosara egin nahi zen errepideari buruz gestioak egiten ari zen batzordeko kide Aszensio Inazio Altunak zera idatzi zuen, erreal baimena lortu ondoren: herrien gain zegoela orain errepidea ordaintzeko zergak enkantean jartzea. Hilaren 17an errematea egitea erabaki zuten, unean bertan jakinaraziko ziren baldintzak oinarritzat harturik.
  • 1829-3-11. Jabeturik nolako mesedea sor zezakeen frontoi berria egiteko parrokiak zituen lurraldeak trukatzea, ahalik eta azkarren gestioak egitea eta apezpikuari, denbora galdu gabe, baimena eskatzea erabaki zuten.
  • 1829-2-26. Atzeratutako kontribuzioei aurre egiteko -1826 eta 1827. urtekoak-, guztira 14.700 errealeko zorra zegoen eta herriak sukalde bakoitzeko hamasei erreal kobratzea erabaki zuen.
  • 1829-2-22. Frontoia eta iturria egiten zituen kontratistak bere lana uztailaren 31rako amaituko zuela adierazi zuen, eta orduan 1.000 erreal eskura eman eta lau hilabetera beste 1.500 erreal emateko eskatu zuen. Alkateari gestioak egitea eskatu zioten.
  • 1829-2-8. Frontoi berria eta iturria egiteko zenbat toki behar zen jakiteko eskaera Mariano Laskurain arkitektuari zuzendu zioten, gero herriak Juan Mari Arteagari trukaketa egiteko asmoz, herriko teileriaren inguruan neurri bereko lurraldea eskainiz.
  • 1829-2-1. Frontoi berri bat eta iturria egiten ari zen herria, baina Simon Bidaurrek inguruan zuen baratza horretarako beharrezkoa zuenez, Bidaurrerekin konponketa batera iritsi bitartean lanak aurrera eramateko ez zen erabakirik hartuko.
  • 1828-12-14. Herri Batzar Nagusian, gazteentzat frontoi berria egitea erabaki zuten. Asmo hori aurrera eramateko batzordea izendatu zuten.
  • 1828-10-12. Herri Batzar nagusian jakinarazi zuten Elgoibartik Tolosara bitartean egin nahi zuten errepideari buruz eginiko gestioak onartu egin zituztela, eta gestio haien berri eman zuten.
  • 1828-9-21. Aratz-Erreka auzoan eliza egiteko sortu zuten batzordeko kide Santiago Segurolak idatzi zuen, esanez behar zen materiala bertara eramateko prest zirela auzotarrak, eraikina egingo zuen maisuari 170 peoi eskainiz. Eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1828-8-31. Aratz-erreka auzoko eliza eta apaiz etxeaz hitz egin eta erabaki zuten errematerako jarririk ziren baldintzei beste batzuk eranstea. Errematean hartzen zuenak urtea amaitzerako hasi beharko zuen lana eta, gutxienez, elizako atearen altuera emanda izan beharko zuen. Baita hurrengo urteko San Miguel egunerako guztia amaituta izan ere, betiere emandako itxura gordeta eta agindutako materialak erabilita. Ondoren, herriak izendatuko zuen perituak ikusiko zuen egindako lana.
  • 1828-7-13. Saldu edo hartzekodunei emandako herriko lurraldeen berri adierazi zuten, oraindik bakarren batzuek ordainketarik ez baitzuten egin. Udalak zorretan zirenei diruarekin agertzeko aginduz albistea ahalik eta azkarren pasatzea erabaki zuen.
  • 1828-5-4. Herrian zegoen larru fabrika bati buruz Gipuzkoako Diputazioak idatzitako gutunari erantzun zion Udalak, honela: "Urteak lantzen dituen larruak 3.000ra iristen dira, hiru erakoak, zekor, ahuntz eta ardia, guztiak herrirako gelditzen direla...".
  • 1828-3-19. Eliza eta apaizaren etxea egiteko, beraien lana eta izerdia eskaini zioten herriari Aratz-Erreka auzoko biztanleek.
  • 1826-11-26. Herri barruko etxeetan zen lastoa eta belarrari buruz azterketa egitea agindu zioten batzordeak adierazi zuen oso gutxi zegoela eta toki egokietan banaturik, gainera -tximinietatik urruti-. Horretaz gain, zioen sendi bakoitzak farola zeukala, gauez euren artean arriskurik gabe ibiltzeko.
  • 1826-11-15. Joxe Manuel Enparan eta Inazio Zabala Antxietak, gutun baten bidez, eskerrak eman zizkioten herriari, agintera iristeko zeuden herritarren zerrendan sarturik zeudelako berriro.
  • 1826-6-30. Herriak osatu beharreko Gipuzkoako tertziorako 52 baioneta eta ofizialak eraman behar zituzten sableak falta ziren. Alkateari Baionan edo beste nonbait horiek inguratzeko baimena eman zioten.
  • 1826-5-15. Bakoitzaren zuzentasuna kontuan hartuta, Gipuzkoako tertzioa osa zezaketenen aukeraketa egin zuten. Herriko agintariekin zerbitzua egin gabe gelditzen ziren herritarrak bildu ziren horretarako, denen artean zenbaiten jokaera politikoa neurtzeko. Horrela aukeratutakoen artean agertzen ziren: Manuel Etxeberria, Joxe Joakin Etxeberria, Joxe Oiarzabal, Joxe Bixente Bergaretxe, Juan Angel Otaño, Joxe Iparragirre, Joxe Olaizola, Joakin Amenabar, Joxe Inazio Iriarte, Agustin Iturriaga, Tomas Iturbe, Bernardo Iturriaga, Diego Abarrategi eta abar, 44 bat bitartean; Blas Antonio Arrieta kanpoan gelditu zen.
  • 1826-4-30. Egokia iruditu zen berriro, lehengo tokian bertan, torilak egitea etxebizitza batekin, baina beharrekoa ikusi zen horretarako zergaren bat ezartzea. Herrian saltzen zen haragiari, lau urtean zehar laurdeneko zerga jartzeko, alkateari gestioak egiteko ahalmena eman zioten -Espainiako erregearengandik baimena jaso bitartean-.
  • 1826-4-5. Herriari gelditzen zitzaizkion lurrak saltzeko baimena eman zioten Udalari, derrigorrezko zorrak ordaintzeko dirua lortzeko asmoz.
  • 1826-4-5. Soreasu errota eta Enparan errotaren erdia berreskuratzeko agintariei plan bat egiteko baimena eman zieten. Aurrez erosi zituztenei beraiek ordaindutako itzuliz, ordainketa egin zitekeela pentsatu zen. Bi errota horiekin egin nahi zen gauza bera lortu nahi zuten aurrez zezentokia izan zen etxearekin, eta hari buruz ere gestio berdinak egiteko ahalmena eman zieten.
  • 1826-4-5. Udaletxeko bigarren solairuan -garai horretan umeen eskola zen-, obrak egitea enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1826-3-15. Udaltzainen eskaerari erantzunez, bakoitzari galtzak, galtzerdiak eta oinetakoak ematea erabaki zuten, aginduz galtzak ospakizun bat izatean bakarrik jantzi beharko zituztela.
  • 1826-3-5. Ibarluze jauregitik Ugoiti zubira bitarteko bidea konpontzea erabaki zuten.
  • 1826-3-1. Alkateari eta idazkariari erret baimena lortzeko gaitasuna eman zieten, saldu gabe gelditu ziren herriaren lurrak berriro salgai jartzeko.
  • 1826-3-1. Urrestillako kaleetan hiru farol jartzeko baimena eman zioten alkateari.
  • 1825-3-23. Diputazioarekin harremanetan jartzea erabaki zuten, eta batzordea izendatzea, kostako bidea non zabaldu zitekeen jakiteko: Elgoibartik edo Elosutik.
  • 1825-3-18. Aratz-Erreka auzoko ordezkari bezala, Santiago Segurolak adierazi zuen bertako biztanleen nahia bertan eliza bat egitea zela.
  • 1824-10-5. Hemezortzi mikeletez osatutako taldea herrian jartzeko eskatu zuen Diputazioak, eta horretarako arautegia prestatu zuela zioen, gutunarekin batera bidali zuena. Horrela erabaki zuten Azkoitian ospatutako Batzar Nagusien aldetik, batez ere bakea zaindu, gaizkileek atxilotu eta polizia lanak egitea.
  • 1824-9-28. Korrejidorearen galdera bati erantzunez, jakinarazi zuten bolatokiak herrian bertan ez ezik, Orendandi eta Eskuztan zeudela -azken hori Mariaren etxe berrian-.
  • 1824-9-21. Parrokiko erretoreak ez zituen zabaldu nahi agindu errealak -ohitura zenez, herriak antzinatik pregonariaren bidez zabaltzen zuen dirua, kaleetan herritarrak biltzeko danborra joz ibili ondoren; Egunean erreal bat ordaintzen zioten pregonariari-. Kontuan izanik azken urteetan ez zuela herriak pregonaririk eta ez zuela, gainera, unean dirurik hari ordaintzeko, korrejidoreari iritzia eskatzea erabaki zuten.
  • 1824-9-21. Herriak eginiko eskaera bati erantzunez idatzi zuen Diputazioak, esanez ez zuela berak ahalmenik pitxar ardoari bi maraiko zerga ezartzeko baimena emateko, nahiz eta herria 'Tertzio' konpainiarentzat prestatzen ari zena izan.
  • 1824-9-5. Lurraldeko diputatuak jakinarazi zuen, garai hartan penintsulan ziren iskanbilak gogoan izanik, herriko Tertzioa konpainiari prestatzeko muniziorik gabe zegoela, kartutxo bakar bat gabe, eta herriari neurriak hartzeko erregutu zion. Beharrezko bolbora eta kartutxoak erostea erabaki zuten berehala, eta Diputazioari pitxar ardo bakoitzari bi maraiko zerga jartzeko baimena eskatu zioten, gastuei aurre egiteko.
  • 1824-8-22. Diputazioaren eskaera erantzunez, herriko lurraldean ziren tabernen zerrenda osatu zuten.
  • 1824-6-10. Bergarako Seminarioa Loiolara aldatzeari buruz idatzi zuen Granadako Dukeak, herriak eginiko eskaerari erantzunez. Dukeak nahiko gaixo zegoela agertu zuen eta zail egiten zitzaiola bertako arduradunekin harremanetan jartzea, berak aurrez ezagutzen zituenen ordez beste batzuk zeudelako.
  • 1824-5-12. Bergarako seminarioa Loiolako Ikastetxe Errealera aldatzeko eskaera Espainiako erregeari egin eta erantzunik ez jaso ez zenez, Granadako Dukeari idaztea erabaki zuten. Ezer aurreratu ote zen galdetu zioten, eta ahalik eta azkarren lortzeko ahaleginak egiteko, egokia iruditzen bazitzaien.
  • 1824-3-28. Desegindako Urrestillako Udalaren kontuak azaldu zituzten, 1822. urtekoak eta ondorengoaren lehen hiru hilabetekoak. 9.729 erreal airean gelditu ziren, justifikatu ezinik.
  • 1824-3-17. Ikusirik herriari ezinezkoa egiten zitzaiola bertan zen tropari janariak eta edariak ematea, Azkoitia, Zestoa, Errezil, Bidania eta Beizamako herriei idaztea erabaki zuten, haietako ordezkariekin bilera egin eta nola lagundu zezaketen jakiteko.
  • 1824-3-9. Domingo Espinosak Espainiako erregearentzat prestatutako idatziaren berri eman zuten; beste gauza batzuen artean zera esaten zen: "Independentzia deituriko gerratean herriak egin behar izan dituen gastu izugarriak eta etsaiak eginiko eskaerei erantzunez herritarrei ezarritako zerga handiak ordaindu ondoren, ezerezean gelditu behar izan du, beharrei erantzuteko ezinbestekoak zituen ondasun iturriak saltzera iritsiz, lurraldeak saldu beharrean, sendagileari bere lana ordaindu ezinean geldituz, eta ardoari lau maraiko zerga jarri beharrean aurkituz, behar-beharreko gastuei aurre egiteko, 5.000tik 6.000ra bitarteko biztanlegoa duen herrian...''. Ontzat hartu zuen herriak idatzia, hondamendian aurkitzen zela ikusita, batez ere bereak ziren basoak saltzean -urteetan zehar izan baitzituen dirua lortzeko iturri berezi, olagizonei ikatza egiteko emanez-.
  • 1824-2-3. Udalbatzarrean Inazio Gurrutxaga, Juan Joxe Zubillaga, Joxe Bikendi eta Joxe Antonio Larrañagak eginiko eskaria irakurri zuten. Herrian zen tropari laguntza ematean, haien idi pareak eta gurdiak galdu zituztela adierazi zuten, eta bizia galtzeko zorian izan zirela mendiz mendi ihesi egin behar izan zutelako. Eskarian jakinarazi zuten, gainera, euren ordez lan bera egiteko aukera zuten beste zenbait jauntxo lasaitasun osoan gelditu zirela. Herritarren artean eskaera egiten zutenei laguntza emateko diru bilketa bat egitea erabaki zuen Udalak.
  • 1824-1-9. Sute batek erabat hondatu zuen Enparan kaleko 12. zenbakiko etxea.
  • 1824-1-9. Herri barruan abereak eta garoa edo lastoa edukitzea debekatuz, aurrez emandako aginduak zaindu eta betearaztea erabaki zuten.
  • 1823-12-9. Agustindar fraideen probintzial Joxe Caballerok idatzi zuen: Iruñeko apezpikuaren ordezkari Juan Joxe Errazti apaizak ez ziola utzi nahi izan itxita zen San Agustin komentutik ezer ateratzen, eta komentua uztean han gelditu zirela bitxi, irudi eta aldareak. Herriak erabaki zuen erantzun aurretik herriko apaizekin harremanetan jartzea.
  • 1823-12-2. Espainiako Gobernuko Ogasun Ministerioak emandako agindu/ordena errealaren berri jakinarazi zuten. Agindu/ordenak zioen herriari/Udalari baimena ematen ziotela Santo Domingo komentua botatzen egingo zuten gastuaren ordain gisa, han geratuko zen material baliagarria jasotzeko. Bide batez, bertan enparantza zabaltzeko eta Guardia Zibilarentzat kuartela egiteko planoak agertu ziren.
  • 1823-11-27. Gogoan izanik Gorostidi jeneralari bidalitako txostenean Inazio Ibero agertzen zela herriko agintaritza eskuratzerik ez zutenen zerrendan -74 urte zituen-, zerrendatik kendu eta jubilatuenean sartzea erabaki zuten. Probintzia osoari eman zioten aldaketaren berri.
  • 1823-11-25. Herritar bereziekin bildurik eta, probintziak aginduta bezala, herritarren zerrenda osatu zuten: batetik, agintea eskura zezaketenak zeuden eta, bestetik, Frantziako indarrekin bat eginik ibili zirenak.
  • 1823-11-22. Herriak aurreko hilaren 31n Granadako Dukeari Bergarako Seminarioko ikasketak Loiolako Ikastetxe Errealera aldatzea eskatu zion. Dukeak hilaren 17an idatzitako gutunaren berri eman zuten, eta hark esaten zuen zenbait gestio-eta egiten jarraituko zuela, herria eta herritarren mesederako izango zelako. Udalak hari eskerrak ematea erabaki zuen.
  • 1823-10-25. Agustin Iturriagak jakinarazi zuen Joan Bautista Altube eta biak Granadako dukearekin egon zirela, Bergarako Seminarioa edo Irakaskuntza Loiolako Ikastetxe Errealera aldatzeko eskatuz, eta eskerrak emanez, bide batez, aurretik herriaren alde egin zituen lanengatik. Gestioak egitekotan gelditu zen dukea. Manuel Igartua agenteri idaztea erabaki zuten, gestioak egiteko herriaren ordezkari izendatzeko, Espainiako errege Fernando VII.arekin bat egin izan zuelako betidanik.
  • 1823-10-21. Hilaren 6an Diputazioak sinatutako zirkularraren berri eman zuten: hilaren 3an argitaratu zela ohiko kazetan nola lehorreratu zen hil hartako lehen egunean Espainiako erregea, bere sendiarekin, Puerto de Santa Marian (Espainia), espainiar eta frantziarren artean, eta erabaki zuten hilaren 4an 'Te Deum' abestea eta herriak argitzea gauean. Kontuan izanik Azpeitiko herria beti fidela izan zela errege Fernando VII.arekin, Diputazioari zera erantzutea erabaki zuten: hartu eta berehala abestu zela parrokian 'Te Deum', eta ospatu zirela gainontzeko jaialdiak, haien artean zekorketak eta dantzak, eliza guztietako kanpaiak jo ondoren.
  • 1823-10-19. Herri Batzar nagusian, eta ongi sakondu ondoren, batzordea izendatzea erabaki zuten Bergarako Hezkuntza Seminarioa Loiolako Erret Ikastetxera pasatzeko gestioak egin zitzan. Batzordea Joxe Antonio Altubek, Agustin Iturriagak, Inazio Ramon Arozenak, Joxe Inazio Altunak, Ramon Iberok eta Juan Bautista Altubek osatu zuten.
  • 1823-10-19. Herriarentzat lortu nahi zen tituluari buruz hitz egin zuten, eta Espainiako erregeari idatzia bidali zioten, Fernando VII.arekin beti fidel jokatu zutela adieraziz. Agintarien aldetik gestioak egitea erabaki zuten.
  • 1823-9-24. Diputazioak erantzun egin zion herriak eginiko kontsultari -Inazio Ibero lizentziatua, Inazio Mari Zabala 'Antxieta' eta Joxe Inazio Zuazola izan zitezkeen edo ez agintaritzan galdetu zuten, haiek Espainiako Konstituzio erregimenarekin bat eginik izan zirelako-. Diputazioaren arabera, herriko alkateak jaso behar zituen haien deklarazioak, emandako aginduak gogoan izanik. Azkenik, Gorostidi koronelari gutuna idaztea erabaki zuten gertatzen zenaren berri emanez, berak adieraz zezan, inolako oztoporik ez bazuen behintzat, haiei buruz nolako iritzia zeukan, eta zenbaterainoko zerikusia izan zuten Espainiako Konstituzio erregimenarekin. Udalari iruditzen zitzaion horrekin bat eginik izan zirela.
  • 1823-9-23. Diputazioak eginiko eskaerari erantzunez, Espainiako Konstituzio erregimenaren aurka boluntario armak hartu zituzten herritarren zerrenda egin zuten. 74 gazte ageri ziren bertan.
  • 1823-9-21. Osasun Juntarekin batzarra egin zuten, eta Diputazioak bidalitako gutuna irakurri. Hauxe zioen gutunak: Lezoko erromeriatik herriratu zirenak, Pasaian sartu ez baziren behintzat, aske gelditu zitezkeela, egun bakar batzuk euren etxeetan egin ondoren izurrite itxurarik ez izanda behintzat. Pozik jakin zuten, bestalde, Pasaian indarra galtzen ari zela izurritea.
  • 1823-9-17. Herriko Osasun Junta bildu zen, hilaren 15ean koarentena betetzeko agindua eman zieten pertsona batzuk kalean zirelako. Bakoitzari bi pezeta eskatzea erabaki zuten, hurrengo goizean bertan ordaindu beharrekoa, egun batez kartzelan egon nahi ez bazuten behintzat.
  • 1823-9-17. Benito Irazusta sendagileari San Miguel ermita ikusi eta ahal zen azkarren iritzia agertzeko eskatu zioten, lazareto bat martxan jartzeko asmoz.
  • 1823-9-15. Herriko Osasun Junta bildu zen, Lezoko erromeriatik herriratu ziren pertsona batzuk Madalenako ermitaren inguruan guardia egiten ari zirenek geldiarazi zituztela jakin zutenean. Herriko idazkariari eskatu zioten haiei agintzeko koarentena bat egin beharko zutela euren etxeetan, kutsaturik balira-edo.
  • 1823-9-14. Pasaian izurritea zela esanez Diputazioak bidali zuen albistea kontuan hartuta, herrian guardiak jartzea erabaki zuten.
  • 1823-8-19. Herri Batzarrak emandako ahalmena kontuan izanda eta probintziko Batzar Nagusiak agindutakoa betez, agintaritzara iristeko zerrendatik honoko hauek kentzea erabaki zuten: Joxe Manuel Enparan, Joxe Luis Larragoien, Benito Eizagirre, Bernardo Urrutia, Frantzisko Urdapilleta, Joxe Serafin Arzamendi eta Gregorio Muro. Erregimenaren aurkako izan ziren beste batzuez, berriz, Diputazioari kontsulta egitea erabaki zuten; Inazio Ibero, Martin Larrunbe, Inazio Mari Antxieta eta Joxe Inazio Zuazolaz, hain zuzen ere.
  • 1823-8-17. Herri Batzar nagusian Diputazioak uztailaren 27an idatzitako ofizioa ezagutzera eman zuten. Bertan, hilaren 13an hartutako erabakia dekretutzat jotzea onartu zela adierazi zuten. Joxe Inazio Altunak adostasuna adierazi zuen, baina Juan de Dios Alzagak eta bere pareko ziren beste herritarrak, agintaritza eskuratzerik ez bazuten ere, herritarren zerrenda nagusitik ez ziren kentzen. Probintziako Batzar Nagusiak emandako agindua, ordea, bete eta aurrez hartutako erabakia onartu zuten.
  • 1823-8-17. Herriarentzat titulu bat lortzeko helegitea egin zitekeela adierazi zen, gobernuarekin izandako lotura eta eskainitako laguntzak horretarako ezaugarriak ematen baitzituen. Baina asmoa alde batera utzi zuten, garai egokiagoan egingo zela esanez.
  • 1823-7-8. Diputazioak gutun baten bidez adierazi zuen herrietan osatutako miliziei armak erabiltzen erakusteko eta behar ziren armak eta munizioak erosteko derrigorrezkoa zitzaiola lau egunen barruan 18 urtetik 40ra bitartekoen zerrendak ezagutzea, baita zenbat konpainia ziren ere. Agindua beteta konpainiak honela osatzea erabaki zuten: bigarren konpainia zerrendan sartu gabe gelditutako kaletarrekin eta Izarraizpe auzokoekin osatu zen, guztira 90 lagun; hirugarren konpainia Loiola eta Oñaz auzoetakoekin, guztira 95 lagun; laugarren konpainia Elosiaga eta Odria auzoetakoekin, 88 lagun; bosgarren konpainia Aratzerreka eta Urrestilla kaleko etxeetan bizi zirenekin, 77 lagun; seigarren konpainia Eizagirremendia azukoekin, 66 lagun; Lehen konpainia aurrez osatua zen, 90 lagunekin.
  • 1823-7-1. Ekainaren 7an eta 23an Diputazioak idatzitako gutunei erantzunez, herriko tertzioetako lehen konpainiako ofizialak izendatu zituzten, eta armak banatu zituzten bera osatzen zutenen artean.
  • 1823-7-1. Herriko sendagile Benito Irazustak, hemendik aurrera Urrestillara zabaldu beharko zuenez zerbitzua, eskritura egitea eskatu zuen, eta jakinarazi zuen azken hiru hilabeteko soldata zor ziotela.
  • 1823-6-30. Jesuitak berriro Loiolara itzuli ziren.
  • 1823-6-17. Batzordea izendatu zuten zazpi auzoetako baserri guztietan zeuden fusilak jasotzeko. Bide batez, batzordeak zerrenda osatu behar zuen baserri horietan ziren 18 urtetik 40 bitarteko gizaseme guztiekin.
  • 1823-6-10. Diputazioaren agindua bete zuten. Diputazioak bidalitako zerrendan, erregearen gobernuaren aurka zeudenei armak jasotzea erabaki zuten. Gauza bera egin zuten antzeko gainontzeko guztiekin. Ondoren, arma guztiak udaletxera eraman behar zituzten, eta alkateari justizia banatzeko eskatu zioten, ahalik eta zakarren herriaren defentsararko jendea prestatzeko.
  • 1823-6-7. Diputazioak bidali zuen gutuna erantzutea erabaki zuten, honakoa esanez: herria betidanik erregearen zerbitzari zintzoa izan zela, baina une horretan herria defenditzeko inolako armarik gabe zeudela, eta probintziak egoera aldatzeko neurriak hartuko zitueneko itxaropena zutela.
  • 1823-5-24. Diputazioak hil honen 20an idatzitako ofizioa irakurri zuten. Espainiako Gobernu Probisionaleko Juntak, aurreko hilaren 6an eginiko proklamazioan esan bezala, erlijiosoek hutsik utzi zituzten komentuak, eskaera egiten zutenen eskuetan jarriko zituela aginduz. Gainera, haietan eskolak jartzea eskatu zuten, 1820ko martxoaren 7an gertatutako atentatuaren aurretik erabakirik zen bezala. Agindu guztia betetzea erabaki zuten.
  • 1823-5-10. Diputazioari erantzutea erabaki zuten, aurrez bezala orain begirune osoa zuela herriak Fernando VII. Espainiako erregea eta haren gobernuarengan. Beraz, unean gertatzen zenaren berri herritarren artean ezaguna zenez, misio espiritualen beharrik ez zutela esan zioten.
  • 1823-5-10. Manuel Arrietak emandako erantzunaren berri eman zuten, eta eskribauari haren etxera joan eta Urrestillak zor zituen probintziko zergen berri eskatzea erabaki zuten, ahalik eta azkarren Diputazioari erantzuteko.
  • 1823-5-3. Urrestillan agintaritzan izan zirenei kontuak eskatzeko agindu zion Diputazioak Udalari.
  • 1823-4-29. Diputazioak, datu gehiago eskuratu eta beste zerbait erabaki bitartean, Frantziako urre eta zilarrezko txanpona, bakoitzak adierazten zuen balorean, onartzeko agindu zuen, eta Udalak horren berri eman zuen gutun baten bidez.
  • 1823-4-25. Komandante generalak eskatuta eginiko deialdiari erantzunez bildu zen udalbatzar nagusia. Bertan izan zen generala, eta Udala berriro 1820ko martxoaren 7an zegoen bezala osatu behar zela agindu zuen, baldin eta aurrez aldaketarik egin ez bazen. Aldaketak eginik zeudela esatean baina herria oraindik Urrestillaren jabetza eskuratu gabe zela, berehala egin beharko zela jakinarazi zuen. Herriak haren agindua betetzea erabaki zuen.
  • 1823-4-25. Joxe Domingo Bikuña eskribauak egun honetako datarekin eman zuen herriaren aldetik egin zen Urrestillaren jabetzaren berri, hauxe esanez: Konstituzioaren garaian puntu batzuetan jarririk ziren mugarriak bota eta apurtu ondoren, Urrestillara iritsi zela alkatea, bertako enparantzan eta kaleetan paseatu zela, eskuetan justizia makila erreala eramanez eta, jabetzaren ezaugarri bezala, beste ekintza batzuk ere egin zituela, inolako kontraesan eta oztoporik gabe, lekuko izanik...
  • 1823-4-24. Urrestillak eman zuen erantzuna ikusirik eta Espainiako Gobernuak emandako agindua kontuan izanik, Udalak erantzutea erabaki zuen: Udalak ez zuela bertan ziren beste agintaririk ezagutzen, guztiak 1820ko martxoaren lehen eguna bitartean jarraitzen zuela eta, hilaren 18an agindu zitzaien bezala, euren postuak uzteko eskatuz. Urrestillara alkatea bera joatea ere erabaki zen, beste agintari batzuek eta bere udaltzainak lagundurik, lehenik gobernu konstituzional garaian jarritako mugarriak kentzeko eta ondoren Urrestilla eta bere lurraldearen jabetza har zezan; eskribauak guztiaren berri jaso zuen.
  • 1823-4-18. Hilaren 9an Espainiako erregeak emandako aginduaren berri eman zuten; Udala osatzen zutenek postuak utzi eta, aurrez, 1820an ezerezean utzitako kide beraiek osatu behar zutela esan zuten. Horrela, orduan bertan osatu zuten Udala.
  • 1823-4-3. Herrian zegoen troparen komandanteak eginiko eskaerari erantzutea erabaki zuten, esanez ezinezkoa egiten zitzaiola herriari ezer ematea, inolako ondasunik gabe baitzegoen, kontutan izanik eguneroko aurrerapenak egiteko ere zerga batzuk altxatu behar izan zituztela: pattarrari, olioari, baleari, xaboiari, gatzari eta abar.
  • 1823-4-1. Aurrez ezerezean utzitako Urrestillako Udala berrezarri zuten.
  • 1823-3-22. Diputazioak idatzitakoaren berri hurrengo egunean eta meza nagusian pulpitotik irakurtzea erabaki zuten. Gainera, euskaraz ulertzera emanez jendeari, eta erantsiz ondorengo egunean 20 urtetik 25 urte bitarteko gazte guztiek goizeko hamarretarako udaletxean egon beharko zutela.
  • 1823-3-21. Auzoetako ordezkariek apaiz batekin bat eginik, 20 urtetik 25 urte bitarteko gizaseme gazteen zerrenda egin zuten parrokiko bataio agiriak ikusita.
  • 1822-12-7. Udalak deituta Miguel Pizarro, Joxe Antonio Altube, Agustin Iturriaga, Bernardo Urrutia eta Juan Bautista Altube bildu ziren arratsaldean. Izan ere, altxatuta ziren taldeek egindako eskarien inguruan neurriak hartu nahi zituzten, aurreko egunean bertan ezezkoa eman eta udaletxean mehatxua jaso baitzuen. Iturriagak, ordea, bildutako batzordea erabakia hartzeko ez zela inor adierazi zuen, eta bertan behera gelditu zen bilera.
  • 1822-12-7. Miguel Soroa kapitainari idaztea erabaki zuten, indar bat herriratu zezala eskatuz, unean Zestoan zen hogei bat laguneko taldea gauean Azpeitira hurbilduko zen beldur.
  • 1822-12-7. Hurrengo egunean, meza nagusiaren ondoren, herritar guztiekin biltzea erabaki zuten, Udalari ezinezkoa zitzaiolako erabakirik hartzea orduko larrialdi egoera hartan.
  • 1822-6-16. Zulaika apaiza buru zela, 60 gazte herritar mendiratu ziren gauez, Beizamako apaiza Frantzisko Joxe Ezeizaren eta bertako zirujau Frantzisko Inazio Gorotidiren aginduen zain egon gabe.
  • 1822-3-2. Ikusirik herrian zen troparen komandante Bixente Pinzonek eginiko eskaera, Gaspar Jauregi koronelari idaztea erabaki zuten, protesta bat eginez, unean zen tropa herritik joatean beste bat ez bidaltzeko eskatuz, sakrifizio handiak egin zituelako herriak.
  • 1821-9-25. Joan Bautista Altube erregidoreak jakinarazi zuen San Inazioren zilarrezko irudia Gasteiztik herrira ekarri zutela eta dagoeneko parrokian zegoela, emandako agindua beterik hala.
  • 1821-7-8. Politiko Nagusiari artxibari eta mendietako inspektore postua ezerezean uzteko erabakia ontzat hartzeko eskatu zioten, herriak zituen artxibaria eta mendietako inspektorea alferrikakoak baitziren.
  • 1821-5-29. Herritar batzuek Espainiako Konstituzioaren aurka armak eskuetan izan zituztela kontuan izanik, komandanteari haien patenteak jasotzeko eskatzea erabaki zuten, eta horretarako zerrenda prestatu zioten.
  • 1821-3-30. Urrestilla herriarengandik bereizteari buruz Diputazioak bidalitako gutunari erantzunez, protesta egitea onartu zuten, herriaren arrazoiak entzun nahi ez zituelako. Egin nahi zen injustiziarekin jabetuz, dena Kontseilu Nagusiaren jakinean jartzea erabaki zuten: Urrestilla betidanik egon zen bat eginik herriarekin; gainera, espedientea osatzeko erabili ziren datuak faltsuak ziren eta lau edo bost bakarrik ziren Urrestillaren izenean nahasketa sortu zutenak, nahi zuten eran euren lurraldea zabalduz.
  • 1821-3-27. Diputazioak, dekretu bidez, Martin Ugartemendia perituak proposatu bezala, herria eta Urrestilla arteko mugarriak jartzea agindu zuen.
  • 1821-3-20. Frantziak 1812ko apirilaren 20tik ezarritako bagaia kontribuziorik ez ordaintzea erabaki zuten, probintziako korrejidoreak horrela jakinarazi ondoren.
  • 1820-12-22. Ikusita Urrestillako udal konstituzionalak ez ziola erantzunik ematen Azpeitikoak eginiko gutunari, kobratutako zergei buruz likidazioa aurkeztea eskatuz Inazio Genaro Jauregiri ahalmena ematea erabaki zuten, Urrestillara joan eta aurtengo urteko kontuen likidazioa egiteko.
  • 1820-12-5. Eskribauak herria eta Urrestillaren artean sortutako banatzeari buruzko espedientea aurkeztu zuen, perituek prestatutako planoen berri emanez. Herriak erabaki zuen Joxe Manuel Enparan herriz kanpo zegoenez azken egunetan, haren ordez Altube eta Zulaika izendatzea gestioak egiteko.
  • 1820-11-20. Elosiaga eta Araz auzoetako biztanleek txosten bat egin zuten, eta zioten ez zutela gogoko Urrestilla Azpeitiko herritik banatzea, ez zuelako gauza hoberik sortuko eta bai lehen zena ezerezean utzi. Txostena politiko nagusiari bidaltzea erabaki zuten.
  • 1820-11-20. Herriko Miserikordiari buruz probintziak idatzitako gutuna kontuan izanik, herriak erantzun egin zion, urriaren 6an idatzitakoan egindako galdera jakin nahirik: herriratu beharko zuten behartsuen gastuak nork ordaindu behar zituen, herriak edo probintziak, eta barkatzeko eskatuz gaizki ulertu bazen. Probintziaren aldetik ontzat harturik zenez, herriek euren Miserikordia izatea erabaki zuten, Azpeitikoak ere horrela jarraituko zuela, eta 70 edo 80 behartsu gehiagorentzat tokia prestatuko zuela, betiere behartsu bakoitzeko probintziak 50.000 erreal aurreratzen bazituen.
  • 1820-10-12. Milizien arautegia bidali zuen probintziako politiko nagusiak, eta erabaki zuten erretoreari parrokiaren bidez jakinarazi zezan eskatzea. Araudiak zioen hemezortzi urtetik 50 bitarteko gizonezko guztiak milizia zerbitzua egitera derrigortuak zirela, eta zerrenda osatzeko agertu beharko zutela etxe bakoitzetik bakarren batek hurrengo astean udaletxera, harekin batera zenbat bizi ziren azal zezan.
  • 1820-10-4. Politiko nagusiak eginiko eskaerari erantzunez, herriak Loiolako Ikastetxeko Liburutegiaren kargu egitea erabaki zuen, eta inbentarioa hari bidaltzea ahalik eta azkarren.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan