2021-3-13. Corrugadosen balizko berrikitzearen auzian, "oztopoak" ez jartzeko eta "eman beharreko pausoak emateko" deia egin zion aldundiak Azpeitiko Udalari.
2020-3-13. Koronabirusa zela eta, osasun larrialdi egoera deklaratu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta eskolak itxi zituen. San Martin egoitzako bisitak eten zituzten, kultur ekitaldiak eta kirol jarduerak bertan behera utzi zituzten...
2020-3-13. 'Ataraxia' disko berria plazaratu zuen Trini Fox musika taldeak.
2013-3-13. Azkue Literatur Saria jaso zuten IƱaki Arizmendi eta Nerea Urrestilla Urola Ikastolako ikasleek.
2011-3-13. Ruben Lanzek irabazi zuen XIII. Ikasberri Krosa. Senior nesken kategoriako lasterketa bertan behera gelditu zen, lasterkari bakarra aurkeztu zelako.
2001-3-13. Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolaturik Urola Erdiko Bertso Astea hasi zen.
1960-3-13. Joxe Mari Astigarraga eta Bitoriano Unanue neurtu ziren 125 kiloko harri zilindroarekin. Astigarragak 91 bider altxatu zuen 30 minututan, eta Unanuek 84 alditan.
1955-3-13. Bengoetxea eta Uranga neurtu ziren 5.000 metrotan, zezen-plazan, eta Bengoetxeak irabazi zuen (20 minutu eta 40 segundo). Urangak 22 minutu eta 29 segundo behar izan zituen.
1941-3-13. Mantekape deituriko arkuak erabiltzearren Felipe Oiarzabalek ordaintzen zuen 3'75 pezetako errenta ehun pezetara altxatzea erabaki zuten.
1931-3-13. German Alberdi izendatu zuen Udalak herriko sendagile.
1881-3-13. Urrestillako Kosme Damian Olaskoaga eta Azpiazu monsignore eta fraidea hil ziren herrian. Frantziskanen laguntzailea bertako elizan hilobiratu zuten.
1854-3-13. Alkateak proposatu zuen langileei eta artisauei lana eskaintzea, generoak garesti zirelako, eta hari eman zioten ahalmena enparantza aldera Santo Domingo komentuak zuen horma lurreratzeko.
1803-3-13. Ahalmen osoa eman zieten agintariei azkenaldian saldu ziren herriko lurraldeen kontuak aztertzeko, ondoren zorrak ordainduz.
1803-3-13. Hiru giltzako bi kaxa egitea erabaki zuten, haietako bat elizaren diruak jasotzeko eta bestea herriko lurraldeak saldutakoan jasotakoa gordetzeko. Giltza bat alkateak eta parrokiko etxezainak izango zuten, bestea lehen eta bigarren errejidoreek, eta hirugarrena diputatu zaharrenak.
1718-3-13. Kutxirain deituriko tokian ebakiko zen sukaldeetarako gurdi egurra erreal baten truke saltzea erabaki zuten, nahiko urruti zegoelako, eta bide txarra, gainera. Diruzainak emandako txartelarekin agertu beharko zuten egurra nahi zutenak asteazkenetik aurrera aipatutako tokian.
1707-3-13. Bezperan eginiko soldaduen zerrenda ikusi zuten. boluntario aurkeztu ziren Bautista Enparan, Fermin Beriztain, Frantzisko Larraza, Antonio Oiarzabal, Frantzisko Intxausti, Antonio Iturzaeta, Inazio Sarasua, Martin Elizomdo, Domingo Zendoia eta Domingo Goenaga.
1707-3-13. Jakinean izanik Inazio Kerejeta ostalariak zahagietan erosten zuela ardoa, ondoren bere etxean nahi zuen prezioan saltzeko, inolako berririk eman gabe agintariei eta inork dastatu gabe, mila maraiko isuna ezartzea erabaki zuten.
1696-3-13. Kaleko harriztatze guztia egokitu nahian, eskritura bat egitea onartu zuten.
1689-3-13. Alkateak jakinarazi zuen Loiolako Erret Ikastetxe erretore eta erlijiosoek herria gonbidatzeko asmoa zutela obraren lehen harria jartzean, eta Udalak erabaki zuen ehun mosketarirekin osatutako taldea osatzea, ekintza horretara joan eta salba bat bota zezaten.
1644-3-13. Parrokiko dorreko ordularia amaitua zuen Santiago Marigortak, eta hari ehun dukat zor zizkiotela adierazi zuten, apaizen aginduz ordu erdiak adierazteko lanak egin zituelako. Ordainketa egitea erabaki zuten, baina apaizei albistea pasatuz, herriari aurrez ezer esan gabe, ez zutelako horrela jokatzeko eskubiderik.
1589-3-13. Juan Otxoa Urangak eginiko deklarazioak gogorarazi zituzten, esanez apaiz asko zirela herrian, gehiago ere bai apaiz egin nahirik, eta herria hondamenean zegoela, tartean izanik batzuk oso gutxi zekitenak, eta apezpikuen aldetik erraztasunez ordenatzen zela jendea. Batzarkideen iritziak entzun ondoren, orduan behintzat, eginiko deklarazioei buruz herriaren aldetik gestiorik ez egitea erabaki zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago