2017-9-18. Azoka Plazako Elikagune berriaren kudeaketa Artxara kooperatiba elkarte txikiari esleitu ziola jakinarazi zuen Udalak, hamar urterako emakidarekin.
2011-9-18. Lan Mobel ISBk saskibaloiko Euskal Kopa irabazi zuen herriko kiroldegian, Aurteneche Maquinaria Araba taldea 92-85 menpean hartuta.
1999-9-18. Euskal Herri osoko hautetsiek Udalbiltza nazio erakundea sortu zuten, Bilbon egindako ekitaldian. Han izan ziren Azpeitiko EAJ, EH eta EAko udal ordezkariak.
1986-9-18. Aitonena jubilatuen egoitzako estatutuak onartu zituzten.
1939-9-18. Batzarrak hasi aurretik 'Aita Gurea' errezatzea erabaki zuen Udalak, Espainiako Gerran hildako herritarren alde. Guztien izen eta argazkiak album batean biltzea erabaki zuten, udaletxeko areto nagusian jartzeko.
1932-9-18. Madrazo zinegotziak proposatu zuen udaletxeko balkoian Espainiako banderarekin batera zintzilikatzeko ikurrina erostea, baina ez zuten erabakirik hartu.
1899-9-18. Ofizio baten bidez, gobernadoreak onartu egin zuen alkatearen jokaera, ezerezean utzirik eraikin publikoetan Jesusen Bihotz Sakratuaren plakak jartzeko erabakia.
1893-9-18. Amue eta Errekaldera bitartean eginiko bideari buruz obren maisuak eman zuen iritzia ikusita, azken zatia Miguel Agirreri eta Joxe Frantzisko Etxanizi ordaintzea erabaki zuten.
1855-9-18. Probintziako gobernadore Eustakio Amilibiak zuzendutako batzarra egin zuten agintariekin, Osasun Juntarekin eta sendagileekin. Izurriteak jota hil zen Domingo Mari Etxabe alkatea gogoratu ondoren, Udala osatzeko batzordea izendatu zuten, eta Aszensio Inazio Altuna alkate.
1750-9-18. Diputazioak hilaren 9an sinatutako gutun baten berri eman zuten, erreal agindu batekin batera: Portugalgo erregea hil zelako lutua jartzea agindu zuten, eta betetzea erabaki zuten.
1735-9-18. San Joxeren ermitatik Egibar baserrira bitarteko bidearen zabalkuntzan eginiko gastuaren berri eman zuten, eta ordaintzea erabaki.
1695-9-18. Parrokiko erretaula nagusian jarri behar zituzten irudiak egiteari buruz Juan Larrar apaizak jakinarazi zuen prestaturik zirela Valladoliden (Espainia), eta ordaindurik, gainera, azken bi irudiak egoki urreztaturik. Egileak zorretan gelditzen zena ordaintzea eskatu zuen, eta 500 bat erreal beharko zirela irudiak herriratzeko. Behar zena ordaintzea erabaki zuten.
1671-9-18. Joseph Iturriaga alkateari parrokiko koruko burdin baranda amaitzeko eskatu zioten, diru laguntza eskaini zutenei kobratuz, eta gainontzekoa elizak jarriko zuela.
1666-9-18. Herriko lurretan soroak egin eta erabiltzeko baimena emandakoei Kapelamioza tokitik Otzaka-Munoa bitartean agindutako zuhaitz landaketak egiteko eskatzea erabaki zuten, eta zuhaitzek bi hosto egitean herriari eskaintzeko.
1639-9-18. Azkoitiko eta Zestoako agintariekin batzarra egin zuten, bertara agertu zen Pedro Velez Galarza, probintziko komisario nagusia, eta hauxe adierazi zuen: hiru herrien artean Dragoien konpainia bat banatzeko agindua zuela. Gogoan izanik herritar gehienek Hernanira irten zutela eta izugarrizko gastuak eginik zituztela hiru herriek, batzordea izendatu zuten euren ezina agertu eta Gipuzkoako Diputazioari batzar berezia egiteko eskatzeko.
1588-9-18. San Nikolas monasterioa sortzeari buruz herriak parrokiko apaizekin zeukan auziaren berri eman zuten, herriaren aurka egiten zuten lekukoak aukeratu zituztelako. Tartean zen Urrestillan bizi zen Sagastiberria batxilerra, eta haren aurka auzia jartzea erabaki zuten.
1531-9-18. Aurreko hilean eta garai hartan herrian izurritea zela jakinarazi zuten, baita herriak ordainketak egiten zituela ere, txaboletan itxirik zirenei janariak emateko. Gorpuak hilobiratzen zituztenei ere lana ordaindu zieten.
1531-9-18. Herrian ziren berrehun bat emakume libre edo ezkongabek herriari ez ziotela ezer ordaintzen esan zuten, eta gauza publikoez aprobetxatu egiten zirela. Bakoitzari erreal erdiko zerga bat ezartzea erabaki zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago