2017-11-10. Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria egiteko lanak 2018an egingo zituztela iragarri zuten Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
2012-11-10. Agus Perez 'Berria' egunkariko antzerki kritikoak jaso zuen III. Antzerkizale Saria, Azpeitiko 2012ko Antzerki Topaketen baitan.
2010-11-10. Azpeitiko Udalak Bikain Ziurtagiria jaso zuen.
2004-11-10. Jose Mari Bastida alkate ohiaren etxe alboan bi kanpingas lehertu zituzten. 1985etik 2003ra artean izan zen alkate Bastida EAJko kidea.
1947-11-10. Frantzisko Gurrutxagak zuzenduriko San Ignacio de Loyola Musika Banda partikularraren arautegia ontzat hartu zuen Udalak.
1947-11-10. Organeria EspaƱola S.A. elkarteari baimena eman zioten orduan zuen pabilioiaren ondoan beste bat egiteko, kontuan izanda aurkeztu zuen planoa.
1941-11-10. Gestora Batzordea berria osatu zuten, Joxe Alzuru alkate zela, Toribio Azkue eta Manuel Mozo lehen eta bigarren tenienteak, eta Nikolas Uzin, Miguel Artetxe, Joxe Azpiazu, Dionisio Alkorta, Nikolas Arzuaga, Nikolas Zubeldia eta Joakin Altuna gestoreek. Artetxe eta Azpiazuk idatziak aurkeztu zituzten euren karguak alde batera utzi nahirik, 65 urtez gorakoak zirela adieraziz eta gaixorik zeudela ere bai. Alkateak eskatu zuen idatzi horiek gobernadore zibilari bidaltzea.
1914-11-10. Parrokiko juntak ezagutzera eman zuen Ziriako Azkarate parrokiko apaizaren oinordeko Miguel eta Joxe Sesma Bustinduik eginiko eskaintzaren berri; elizaren ondoko lurraldea, alegia.
1892-11-10. Martin Oiarzabal Oiarzabal idazlea jaio zen.
1886-11-10. Aurreko batzarrean emandako agindua beteta, Zudupe zinegotziak adierazi zuen Ziriako Barrena eta beste batzuek marrazki eskola martxan jartzeko eskaera egin zutela, eta Erentxunek hilean 40 pezetako laguntza eskatu zuela, argiaren gastua eta aulkiak erostea herriak aurre egin beharrekoak izanik. Udalak erabaki zuen azterketa sakonagoa egitea gaiari buruz.
1741-11-10. Kontuan izanik herri barruko etxeetan lasto asko zela jasorik -nahiz eta debekuak izan eta zortzi egunen barruan guztia herriz kanpo ateratzeko esan-, Oiarzabal erregidoreari agindu zioten eskribaua lagun zuela iruditzen zitzaien etxeetan begiratzeko, lastoa zeukan norbait aurkitzeko eta aginduz zortzi egunen barruan herritik ateratzeko. Zortzi egun horiek igarotzean berriro begiratuko zuten etxe horietan, zigorra ezarriz agindua betetzen ez zutenei.
1697-11-10. Herri Batzar nagusian agintarien aukeraketarako ordenantza berriak egiteari buruz hitz egin zuten, eta alkateak proposatu zuen une horretan jarraitu beharko zela ordena. Sekulako eztabaida sortu zen herritarren artean, bakoitzak bere iritzia agertu zuelako.
1686-11-10. Herriko elur hornikuntza egiten zuen Joseph Abarrategik eta eskatu zuen bere eskuetan izoztegia jartzea estalirik eta behar zituen tresnak ere bai, negua aurreraturik zelako eta elurra jasotzeko unea iritsirik. Garai hartan estali gabe zegoen izoztegia eta alferrikakoa zen elurra bertaratzea, berehala galdu egingo zelako. Gainontzeko beharreko tresnarik gabe zegoen, nahiz eta eskriturak zioen herriak egokitu beharrekoak zirela horiek guztiak. Eskaeraren aurrean, Bixente Korta maisuaren fiadore Mateo Etxaniz eta Pedro Odriozolari adierazi zieten derrigorrezkoa egiten zitzaiela herriarekin eginik zuten eskritura berehala betetzea edo kalteak euren gain hartu beharko zituztela.
1564-11-10. Probintziak agindurik zuenez Avilako (Espainia) neurri berriak erabiltzea, herritar guztiengandik agindua betetzea erabaki zuten, bi mila maraiko isuna eta hamar eguneko kartzelaren azpian.
1564-11-10. Egokia ikusirik txerriak haztea etxeetan norbere hornikuntzarako, bi baino gehiago haztea debekatu zuten, eta unean bakoitzak zituenen zerrenda osatzeko udaletxera agertzea eskatu zieten, txerriak galdu eta berrehun maraiko isunaren azpian.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago