Eguna: 7-5

  • 2021-7-5. COVID-19aren pandemia tarteko, 2021eko santioak eta saninazioak ere bertan behera utziko zituztela jakinarazi zuen udalak.
  • 2017-7-5. Izarraizko Atea parkea inauguratu zuten. Esklabetako eraikinaren eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriren artean, Jesus eta Maria komentuaren atzekaldean, 18.000 metro karratuko eremuan eraiki zuen Udalak aisialdirako berdegunea, bere jabetzako lurretan.
  • 2015-7-5. Azpeitiak esku-pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi zuen, laugarren aldiz, Donostian jokatutako finalean Tolosa 3 eta 0 menderatuta.
  • 2010-7-5. Soreasuko lur azpiko aparkalekua ireki zuten.
  • 1996-7-5. Udalbatzarrak, EAJ, EA eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolaren arteko lur uztearen akordioa onartzea erabaki zuen. Udalak lur zati horretan interes publikoko edozein ekintza burutzeko eskubidea zuela argudiatu zuen.
  • 1925-7-5. Nuarbe auzora ura eramateko obrak adjudikatu zituzten.
  • 1925-7-5. Zezen-plazan tendido lerro bat gehiago ateratzeko obren diru kontua onartu zuten.
  • 1925-7-5. Udalak Nuarbe auzoko ermita zaharra lurreratzen egindako gastuen zati bat ordaindu zuen.
  • 1915-7-5. Kasiano Garaialde erretoreari parrokiaren kontra erretore etxea egiteko baimena eman zioten.
  • 1884-7-5. Joxe Antonio Kanpos 'Ttantto' jaio zen. 1906ra bitartean eskuz jokatu zuen pilotan eta gero erremontean; bietan trebetasuna agertu zuen. Gogoratzekoak izan ziren Kanpos anaiek Uzin anaien aurka jokatutako zenbait partida, tartean 1911ko irailaren lehen egunean Ategorrietako Jai Alai frontoian jokatutakoa, bi ordu eta 25 minutuko partida. Lehenengoek irabazi zuten.
  • 1881-7-5. Aurrez ezerezean utzitako agintariak herriratu ziren, eta utzitako postuak eskuratu zituzten.
  • 1880-7-5. Joxe Inazio Aizpuruk Madalena ermitaren aurrean burdinsarea jartzea eskatu zuen, Udalak 1879ko urtarrilaren 13an hartutako erabaki batean oinarrituta. Agintariek proiektua ez zutela ahaztuta erantzun zuten.
  • 1783-7-5. Udala osatzen zuten guztiak San Inazio festetan, bezperetara, elizkizunetara eta meza nagusietara bezperan arratsaldez eta egunez korporazioan joatea erabaki zuten.
  • 1755-7-5. Korrejidoreak zezenketak debekatu zituen eta, herriak kexatuz idatzi ondoren, Patronatu Errealeko idazkariak zekorketak debekuaren baitan ez zirela sartzen erantzun zuen. Ondorioz, korrejidoreari jasotako baimenaren berri azaltzea erabaki zuten.
  • 1743-7-5. Izarraizko izoztegitik elurra erosoago herriratzeko, bideak konpondu zituzten eta langintza ordaindu zuten.
  • 1733-7-5. Herriaren nahia Loiolarako bidea egokitzea zen, Harzubiko zumarra zuhaitzetik hasi eta Perdillegiko zubira bitartean. Horrela, Inazio Ibero maisuarekin harremanetan jartzea erabaki zuten, bidea ikusi, inguruak ezagutu eta zerbait esan zezaketen herritarrei entzun ondoren, Iberok apainduraz bidea nola egokitu esateko, eta ondoren guztia bere esanetara egiteko.
  • 1653-7-5. Alkateak jakinarazi zuen Joseph Goenaga eta Domingo Gerrenzuri atxilotuak prest zirela Valladolidera (Espainia) irteteko Agustin del Castillo alguazilarekin, Loiola sendiaren etxe batzuk lurreratu zirelako herriko enparantzan. Herriari ukitzen zion gaia izanik, bien artean Juan Anziaren eskuetan zen dirutik zilarrezko ehun dukat banatzea erabaki zuten.
  • 1638-7-5. Derrigorrezkoa ikusi zen arma gehiago izatea defentsarako, herriak etsaia lurreratu asmoz itsasertzera hurbiltzen ari zela esanez albiste ugari jasotzen baitzuen. Domingo Kortaberria alkateari artxiboan gordeta ziren zilarrezko dukatak ematea erabaki zuten, kanpoan zeuden herritar soldaduei behar zutena eskaintzeko: ardoa, ogia edo beste zerbait. Domingo Arandia kapitainari, itzulitakoan gastatutakoaren berri agertu beharko zuela esan zioten. Soraluzera norbait bidali eta 30 alkabuz erosteko norbait bidaltzea ere erabaki zuten.
  • 1581-7-5. Elolaren Gramatika katedra eskuetan zuten San Agustingo fraideek baina, ezer gutxi erakusten zutela ikusita, aurrez langintza berean izandako Ansola batxilerrari postua berriro eskaintzea erabaki zuten, fraideek irakasle egoki bat herriratu bitartean ikasleak denbora galdu eta nahasturik ibiliko zirela esanez. Ansola batxilerra lehengo lanbidera itzuli zen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan