2019-9-28. Maider Etxezabalek Euskal Herriko Lokotx Bilketa Txapelketa irabazi zuen Igantzin (Nafarroa).
2018-9-28. Profesionaletan debuta egin zuen Jon Alberdi pilotariak etxean, Izarraitz frontoian. Jon Ander Albisurekin bikotea osatuta, 22-19 galdu zuen Baiko enpresako aurrelari azpeitiarrak Oinatz Bengoetxearen eta Alvaro Untoriaren aurka.
2010-9-28. Loiolako Liburutegiko 10.000 liburu Deustuko Unibertsitateak Bilbon duen liburutegira eraman zituzten.
2002-9-28. Uztarria Kultur Koordinakundeak 'Imanol Elias' biografia liburua aurkeztu zuen, Mailo Oiarzabalek idatzitakoa. Azpeitiko alkate ohia da Elias, eta antzerkigilea, idazlea eta historiagilea.
1938-9-28. Urrestillako parrokian izandako sutea itzaltzen ahalegindu zirenek eginiko gastuak ordaintzea erabaki zuten.
1932-9-28. Madrazo zinegotziak eginiko proposamena ontzat harturik, ikurrina erostea erabaki zuten, Espainiako banderarekin batera udaletxeko balkoian zintzilikatzeko.
1901-9-28. Euskal Festak hasi zituzten herrian, urriaren 1era arte.
1868-9-28. Nikolas Ledesmak eta Manuel Mari Caballerok parrokirako Amezuak eginiko organoari buruz emandako iritzia aurkeztu zuten, eta kopia bat Joxe Inazio Aldalur organo-joleari pasatzea erabaki.
1824-9-28. Korrejidorearen galdera bati erantzunez, jakinarazi zuten bolatokiak herrian bertan ez ezik, Orendandi eta Eskuztan zeudela -azken hori Mariaren etxe berrian-.
1746-9-28. Inazio Ibero maisuari Azkoitia eta Azpeitia mugan egin zuen San Inazio ermitaren lanagatik erdia ordaindu zioten, bi herrien arteko akordioa gogoan izanik.
1735-9-28. Sebastian Legarda maisuari 3.292 erreal ordaintzea erabaki zuten, Egibar baserritik Juane-larro zubira bitarteko bidean egin zituen lanak ordaintzeko. Martin Agirreri, berriz, Maiordomo baserriari bidea egiteko kendutako lurra ordaindu zioten.
1735-9-28. Perdillegi baserriaren aurrean egiten ari ziren ermita berriaren obrak ordaintzea erabaki zuten.
1686-9-28. Forua herriko Juan Agirre maisu harginarekin tratua egin zuten parrokiko erretaula nagusiaren oinarria egiteko.
1684-9-28. Parrokiko pulpituen kaperak egin eta urreztatzen ari zen Juan Apaeztegi maisua, eta hari bost mila erreal ordaintzea erabaki zuten.
1664-9-28. Enparan etxeari herriak 32.055 marai ordaindu zizkiola esan zuten, bere errotaren zortzi eta erdikoaren erdia erosteko. Beste 16.042 marai ordaindu zizkioten Bikuña etxeari, errota bertan zuen beste hainbesteko zatia erosteko.
1634-9-28. Nikolas Saez Elolak, Pedro Altuna Arostegik eta honen emazte Petronila Ondarrak sortutako memorien patroi moduan sei emakume aukeratu zituen herriak, Elolaren dotea emateko: Katalina Beristain, Katalina Jauregi, Luzia Alzuru, Ana Garmendia, Maria Krutz Mendikobe eta Maria Eizagirre. Altuna-Ondarra doteetako, berriz, Maria Beltran Eraso, Madalena Orbegozo eta Tekla Etxeberria aukeratu zituzten.
1592-9-28. San Agustin komentuko fraideak eta herria alde batetik, eta bestaldetik Pedro Centellas eta Borja parrokikoak eta Marina Arregi zirela sortutako auziak sor zitzakeen kalteei aurre egiteko, batzordea izendatu zuten.
1590-9-28. Miguel Saez Goiazek adierazi zuen bi urte bazirela herriko agintariak gutxitu zirenetik -alkate bat, fidel bat eta bost erregidore aukeratuz, azken horiek zozketa bidez-. Aurretik bi alkate, bi fidel eta sei erregidore ziren, eta denborak erakutsi zuen lehen erabiltitako sistema hobea zela -alkate bakarra izatean eta bera gaixorik izan zenean, eta bere tenienteak alkatetza ez betetzean, gaizkile batzuek ihes egin zutelako-. Ondorengo San Miguel egunean, bi alkate izendatzea erabaki zuten.
1458-9-28. Azpeitiko herriaren lurraldeak mugatzen zituen karta-partida eman zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago