2017-10-31. 8c solido mailako Orbayu igotzea lortu zuen Gorka Karapeto azpeitiarrak Picu Urriellun (Asturias, Espainia).
2016-10-31. Kultura sustatzeko hitzarmena sinatu zuten Udalak eta Alemaniako Enbaxadak.
2013-10-31. Grumal enpresaren etorkizunaz "oso kezkatuta" agertu zen Udala. Fagor Etxetresnak kooperatibaren jabetzakoa zen Azpeitiko enpresa, eta Fagor Etxetresnak ixteko zorian zela jakin berri zen.
2009-10-31. Lehenengo Kros Mistoa egin zen Azpeitian, Ikasberri Kirol Elkarteak antolatuta.
1993-10-31. Parrokiko erretorea izan zen Joxe Luis Lekuona agurtu eta haren postua hartu zuen Kepa Susperregiri ongi-etorria egin zioten.
1986-10-31. Julian Barrenetxea herriko organista izandakoari eskainitako omenaldiari hasiera eman zioten.
1935-10-31. Herriak Espainiako Gobernuko Barne Ministerioari eskaini zion kuartel berriaren eskritura irakurri eta ontzat hartu zuten.
1933-10-31. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluko presidenteak emandako agindu bat betez, Ziriako Agirre alkateordeak batzar berezirako deialdia egin zuela adierazi zuen, beste hainbat gauzen artean euskal udalei ahalmena ematen zietelako azaroaren 5ean plebizitu hauteskundeetan mahaietako ikuskatzaileak izendatzeko. Horretarako aho batez aukeratu zituen Udalak Joxe Mari Sorazabal, Joxe Mari Aramendi, Luis Goenaga, Ziriako Agirre, Antonino Olaizola, Emeterio Alberdi, Manuel Olazabal eta Demetrio Egiguren.
1923-10-31. Ingeniari nagusiak Zumarragatik Zumaiarako trenari buruz eginiko txostena aurkeztu zuten. Bertan elektrika zentrala eta trenaren kotxeak gordetzeko tokiak Azpeitiko geltokian egiteko nahia agertzen zen, eta horren ondorioz Enparan etxetik Odria auzora abiatzen zen bidea moztu zuten. Bide berria egiteko bi aukera agertu zituen ingeniariak, plano baten bidez. Udalak bigarren aukera onartu zuen eta toki batzuetan bidea zabaldu egin zuen.
1904-10-31. Herriari tokatzen zitzaion zutoihal egoki bat egitea erabaki zuten.
1904-10-31. Inazio Font alkateak kargua utzi egiten zuela adierazi zuen, gauza guztien gain euskaldun sentitzen zela, eta gobernadore zibilaren eta beste herri batzuetako alkateen jokaera jatorra imitatzen zuela. Korporazioak aho batez txalotu zuen abertzaletasun jokaera hori, aktan idatzirik uztea erabakiz. Udalen korporazioari eragiten zion mozioa aurkezteko asmoa zuenez, Clementek batzar sekretu batetan udal berria osatzea eskatu zuen, eta horrela erabaki zuen Udalak.
1887-10-31. Kartzeletarako juntak hartutako erabakia ikusirik, herriak tokatzen zitzaizkion 7.500 pezeta ordaintzea eta beste 7.500 pezeta lurraldeko herrien artean osatzea erabaki zuen, horretarako bakoitzaren ondasunak gogoan izanik.
1833-10-31. Gipuzkoako Diputazioko jeneral gisa Zumarragatik idatzi zuen Lardizabalek, herriari tokatzen zitzaizkion giza-semeak bidaltzeko eskatuz. Horretarako, aurrez, 18 urtetik 40 urte arteko gizonezko guztien zerrenda egin zuen, eta ezkonduak ere sartu zituen hor. Horrela egitea erabaki zuten.
1819-10-31. Herri Batzar nagusian irakurri zuten Frantziskanen komentuko buruak eginiko ondoko eskaintza eta eskaera: euren komentua eta Urola ibaiaren arteko zelaiari buruz 1753an eginiko eskritura aurkitu zuela eta herriak ematen zion lurraldearekin trukaketa egiteko prest zegoela. Herriko agintariei eman zieten eskritura sinatzeko ahalmena.
1700-10-31. Gipuzkoako azken batzar berezia egin zuten Olazko ermitan.
1698-10-31. Herriaren eskaerarik erantzunez, Frantzisko Bikuña fidelak eta Andres Leturiondo erregidoreak korura igotzeko bi eskaileren itxurak aurkeztu zituzten: bata Juan Apaeztegi arkitektuak eginikoa eta bestea Martin Zaldua maisuak, bat aukeratzeko helburuz. Egokiena aukeratu asmoz, horretarako osatutako batzordeari pasatzea erabaki zuten.
1642-10-31. Fidelak adierazi zuen herrian sekulako ardo falta zegoela, nafar hornitzaileek ohikoa zuten moduan ez zutelako ekartzen, eta herriak erabaki zuen herritar mandazain batzuei Errioxara (Espainia) edo beste nonbaitera joateagatik ordaintzea.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago