Eguna: 8-20

  • 2012-8-20. Corrugados Azpeitiako langileek grebaren harira, itxialdia hasi zuten.
  • 1972-8-20. Mendizabal II.a eta Iurrebaso neurtu ziren hamabiko kubikoarekin, sei minutuko hiru saiotan. Lehenenak 22 jasoaldi egin zituen eta bigarrenak hamabi.
  • 1942-8-20. Alkateak adierazi zuen Gregorio Unanue Endaizpe-berri baserriaren jabea baserria tximista batek jota erretzean ezer gabe gelditu zela. Udalak ehun pezetako laguntza ematea erabaki zuen, ganaduak, gariak, altzariak, arropak eta lanerako tresna guztiak galdu zituelako Unanuek.
  • 1932-8-20. Parrokian izandako sutearen ondoren osatutako batzordeak Julio Beobide eskultorearekin harremanetan jartzea erabaki zuen, aldare nagusirako San Sebastianen irudi bat egiteko.
  • 1913-8-20. Herrian zuten ikastetxeaz Anaia Maristek aurkeztutako baldintzen berri eman zuten, eta aldaketa batzuk egin ondoren onartu egin zituzten. Maristek, eskatzen zituzten urteko 2.500 pezetako laguntzaren ordez bi mila pezetakoa jasoko zuten; lehen ikasketak hilean 1'50 pezeta ordainduko zituen ikasleak; 2'50 pezeta goi mailakoak; lau pezeta gorakoko ikasketak; eta sei pezeta Komertzio ikasketak. Bost urterako kontratua egin zuten, Maristek hamarrekoa eskatzen bazuten
  • 1880-8-20. Bando baten bidez, ogia Sistema Metriko Dezimala erabiliz kiloka saldu behar zela erabaki zuten, okinek behar bezalako pisua zeukaten ogiak saltzea ezinezkoa baitzen.
  • 1866-8-20. Nikolas Ledesma maisuak parrokiko organoa ikusi ondoren, Pedro Roquer Zaragozako (Espainia) maisuak organoa egoki amai zezakeela adierazi zuen. Ledesmari mila erreal ordaintzea erabaki zuten, egindako bidaia eta lanaren truke. Bestalde, aipatutako maisuaren zain egotea erabaki zuten, beste bakarren bat aurkitzen ez bazuten behintzat.
  • 1860-8-20. Joxe Joan Santesteban eta Kandido Aguayo maisuek -biak herriak eta Juan Amezuak izendatutakoak ziren- parrokiko organoaz emandako zentsura irakurri zuten. Udalak erabaki zuen organoa bere eskuetara pasatzea eta Amezuari adieraztea eskrituran esan bezala ondorengo lau urteetan organoaren erantzukizuna bere gain zela. Aurrez Amezuak jasota zituen diru-ordainez gain, beste lau mila erreal ematea erabaki zuten.
  • 1855-8-20. Joxe Manuel Abalia parrokiko erretoreak Udalari esan zion agintariek berak pulpitutik esandako hitzak gaizki ulertu zituztela. Ez zen bere gogoa izan herriko agintariez ezer gaizki esatea eta bere eliztarren artean eztabaida sortzea.
  • 1855-8-20. Gobernadoreak herriari bertako sendagileetariko bat Debara bidaltzeko eskatu zion, izurrite gogorra baitzuten han eta behar handian baitziren. Herriak bertan ere behar handia zela eta agindua betetzea ezinezkoa zela esanez erantzun zuen.
  • 1855-8-20. Domingo Barrena Urrestillako erregidoreak adierazi zuen Maria Rita Izagirre eta Ana Mari Etxeberria erizain lanean aritzeko konforme azaldu zirela. Bakoitzari gaixorik gabeko egunetan bi erreal ordaintzea eta lana egin beharreko egunetan, berriz, zortzi erreal ordaintzea erabaki zuten.
  • 1677-8-20. Herritar bereziei Loiolako maiztergoaren jarraipena eskuratu zuen AlcaƱicesko markesari zorionak emanez idazteko batzarrera deitu zieten. Guztien iritziak jaso ondoren, bidali beharreko gutuna prestatu zuten.
  • 1639-8-20. Diputazioak eskatu zuen herritarrak armak eskuetan zituztela prest izatea lehen deialdiari berehala erantzuteko, etsaia Donibane Lohitzunen baitzen, infanteria eta zaldizko indarrekin, eta itsasertzeko lau herrietan sekulako kalteak egin baitzituen. Gaia aztertu ondoren, erabaki zuten herritar eta biztanle guztiak, aitak semeen ordez, enparantzara bazkalondoan agertzeko deialdia parroki eta komentuen bidez zabaltzea. Diputazioak agintzen zuen bezala, bizia galtzea nahi ez bazen, inork hutsik egin gabe agertzea eskatu zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan