1559-11-21. Herritik kanpo bizi zirenen prokuradoreek zioten baimena lortuta zutela askatasun osoarekin merkataritza egiteko eta, ikusirik alkateek ardoa eta txakolina saltzen zutenen aurka egiten zutela, halako ekintzak bat-batean moztea eskatu zuten.
1559-11-1. Ikusirik inork ez zuela nahi sagardoa saltzen jartzerik, herri barruan 11 pertsonek zutela jakin ondoren, binaka txandatuz saltzen jartzeko agintzea erabaki zuten. Haienak erabat amaitu bitartean, ondorengo biei ezinezkoa zitzaien gauza bera egitea.
1559-11-1. Getariko txakolina jarri zuten errematean, baina lehen unean eginiko bi almodenetara behintzat ez zen inor agertu.
1559-10-25. Lorentza Garagarzak dotean emandako Usanditzaga etxea saltzeko baimena eskatu zuten Frantziskanetako lekaimeek.
1559-10-15. Ternuako bakailaoaren errematea egin zuten, esanez ona, lehorra eta markatu gabea izan beharko zuela. Bi dendatan saldu zuten, libra bakoitza zortzi marairen truke.
1559-10-15. Elizaren bidez, tabernariek eta ostariek jaiegunetako meza nagusia amaitu bitartean inor ez hartzeko agindua zutela adieraztea erabaki zuten, bidaiariak ez baziren behintzat. Hamar maraiko isuna jarriko zioten agindua betetzen ez zuenari.
1559-9-29. Iskanbilak sortu ziren agintarien aukeraketa egitean, bakarren batzuek herritik kanpo edo ohiko bizitzarik ez zutelako egiten euren emaztearekin.
1559-9-11. Azketako iturriko lanak ordaintzea erabaki zuten.
1559-9-11. Odria auzoko basoetan sua izan zen ilunabarrean, eta gauean hura zaintzen egon ziren lau gizonezkori lana ordaindu zieten.
1559-4-26. Izarraizko putzuak ez zuen ura behar bezala gelditzen eta konpontzea erabaki zuten. Bidez batez, baita Azketako iturria ere.
1559-3-20. Elola kaperako Miguel Zandategi organo jolea hil zenean, postua libre zegoela adieraztea erabaki zuten, norbaitek nahi bazuen ere postua bereganatu.
1559-2-9. Nikolas Saez Elolaren ondoretasunari buruz Frantziskanekin zuen auzia alde batera uztea erabaki zuen herriak.
1559-2-9. Gauero erronda egitea eskatu zieten udaltzainei. Eskolan jarraitzen zuten gazteei eta ikasleei armak kendu zizkieten, baita kartzelaratu ere.
1558-12-30. Sebastian Altuna udaltzainari sendiarekin herri barrura bizitzera etortzeko jakinarazi arren horrela ez zuenez egin, postutik bidali egin zuten. Baltasar Egurza izendatu zuten haren ordez.
1558-11-13. Enperadorea hiltzean eta ohiturari jarraituz, hileta elizkizunak antolatzea erabaki zuten. Alkateen aldetik lutua eraman zuten.
1558-8-15. Frantzian sartzean, Segura eta herriaren artean sortutako eztabaidak aipatu ziren, baina aktan gehiegizko xehetasunik jaso gabe.
1558-7-26. Herri Batzarrean adierazi zuten otsailean eginiko soldadu irteerarekin eta orain egin zenarekin sortutako gastuei aurre egin ezinean zela herria, eta derrigorrezkoa zela nonbaitetik dirua lortzea. Herrian bizi ziren hidalgo bakoitzak bi dukat ordaintzea erabaki zen, eta Nafarroa, Araba, Frantzia eta beste nonbaitetik herriratutako pertsona bakoitzak zazpi erreal. Zerrenda desberdinak egin zituzten horretarako.
1558-5-28. Kontribuziorik ordaintzen ez zuenari herriko baratzarik ez ematea erabaki zuten, eta hogei egunen barruan baratzak zituzten guztiek Udalari jakinarazi beharko ziotela aginduz.
1558-4-13. Erorita zegoen Amuko zubia eta hori konpontzeko behar ziren egurrak aurkitzea erabaki zuten.
1558-3-7. Azken gerrateetan sortutako zorrak ordaintzeko 1.000 dukat osatu nahirik, derrama bat egitea onartu zuten herritarren artean.
1558-2-5. Frantzisko Iñiguez Alzaga kapitain izendatuz ondorengo igandean alardea egitea erabaki zuten.
1558-1-5. Herriak Tomas Zandategi izendatu zuen maisutzarako.
1557-7-9. Bilbotik herriratu zen eskolako maisua Udalak nahi zuen denboraldirako onartu zuten, eta 60 ikasle izango zituela promes egin zioten. Gutxiago izanez gero, herriak diferentzia ordaintzeko tratua egin zuten.
1557-4-1. Herriaren sarrera nagusiko armarria egiteko Domingo Rezabal maisuarekin egin zuten eskritura.
1557-4-1. Enkantean jarri zuten Amuko zubia egitea.
1557-3-31. Hiru egunen barruan Enparan kalean bota zen dorrearen hondakinak kentzea eskatu zioten Aszensio Eizagirre jabeari.
1556-11-2. Frantzisko Borja eta Aragonek herriko agintari eta berezien aurrean esan zuen ez zela egia herrian zabaldurik zegoena -Elolako hiru kaperau izendatu zituela parrokiko patroi bezala jokatuz-, baizik eta herritarrek asmatutako gezurra zela hori, herriaren eta bere artean eztabaida sortu asmoz.
1556-11-2. Herritarren aldetik Borjari eskatu zioten herriaren eta bere artean ez ezik, erretorea eta apaizen artean ziren iskanbilak mozteko bidea aurkitzeko, eta bi alderdiek Amador lizentziatua eta Martin Perez Zurbano izendatu zituzten gestioak egiteko.
1556-10-29. Atxaran batxilerrari eta Lopez Zubizarreta eta Akemendi lizentziatuei elkarlanean Elolaren Fundazioko ordenantzak idazteko eskatzea erabaki zuten. Kaperau, gramatika, katedra eta ezkongaien doteei buruz guztia jasotzea eskatu zieten.
1556-10-19. Juan Borja erretoreak jakinarazi zuen Elolaren kapera egiten ari zen Domingo Rezabal maisuaren ustez elizaren pilare bat nahiko hondaturik zela, eta herriak erabaki zuen Hernanin zen Domingo Olozaga maisuari albistea pasatzea eta herrira etortzeko eskatzea.
1556-8-4. Herri barruko eta kanpoko biztanleek aginduta, lau gizonezko basoan ibili ziren zenbat ezkur zegoen jakiteko. Udalbatzarrean 310 txerrirentzat adina ezkur bazela adierazi zuten.
1556-7-31. Loiolako Inazio hil zen, Erroman.
1556-5-5. Haragi hornikuntza egiteko baldintzak izendatu zituzten, batez ere ahariari dagokionez.
1555-10-2. Alkateek, erregidoreek eta eskribauak erabaki zuten batzarretan erabilitako gaiak isilean gordetzea, eta zin egin zuten, gainera.
1555-9-29. Alkateek, karguei zin egitean, Elolaren testamendua gordetzea sinatu zuten.
1555-4-5. Felipe II.a Espainiako erregeak Gipuzkoako korrejidoreari armaturik zen jendea sakabanatzeko agindu zion. Ondoren, Urrestillako aldarea eta eliza lurreratzeko agindu zuen.
1554-11-18. Pedro Ugartek herriarekin eskritura sinatu zuen, Pagaola eta Korostorzu inguruko basoetan 600 oinkada gaztainondo landatzeko 11 urtean, bi hosto aldi egitean herriaren eskuetara pasatuz.
1554-3-27. Urrestilla, Nuarbe, Aratz, Oñazmendi eta Elosiagako biztanleen eskaerari erantzunez, Julio III.a aita santuak Urrestillako eliza egiteko bulda eman zuen.
1553-12-14. Nikolas Saez Elolak testamendua egin zuen, bere ondasunen patroi Udala izendatuz.
1553-11-6. Ternuako bakailoaren hornikuntza errematera atera zuten herriaren aldetik.
1552-4-22. Herriaren ordenantza berriak onartu zituzten, aurrez zituenak zerbait aldatuz.
1551-12-13. Frantzisko Ibañez Garagarzak Enparan eta Soreasu errotak hartu zituen errentan.
1551-11-30. Txakolinaren hornikuntza enkantean jarri zuten, Getariakoa edo bere lurraldekoa izan beharko zuena. Bi etxetan pitxar bakoitza hamalau maraitan salduko zuten abuztuko Andre Mariaren egunera bitartean.
1551-8-1. Frantzisko Borjak bere lehendabiziko meza eman zuen Loiolako San Inazioren otoiztegian.
1551-1-18. Errekalde errementeriko Sebastian Makibar nagusiak erosi zuen Gorostegi edo Putzuezkutueta deitutako mendia.
1551-1-13. La Plata (Bolivia) herrian Juan Ibañez Garagarza hil zen.
1551-1-12. Gaur egun Sucre bezala ezagutzen den La Plata herrian testamentua egin zuen Juan Ibañez Garagarzak. Haren ondasun batzuk Potosiko Meategietan jarri zituzten eta beste zati bat, berriz, Azpeitiko bere etxearen ondoan ospitale bat sortzeko utzi zuen. Negozio gizona zen eta, dirudienez, harremanak izan zituen Pizarro konkistatzailearen Hernando anaiarekin.
1550-12-28. Olioaren hornikuntza hartu zuen urtebeterako Juan Perez Altunak. Alkateak eta fidelak onartu zuten bi dendetan saltzen zuela. Huts egingo balu, ehun maraiko isuna ordaindu beharko zuen.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago