Hamarkada: 1770

  • 1779-11-7. Herri Batzar nagusian eta probintziko itsasertzak zaintzeko eginiko soldaduen zozketari hasiera eman aurrez, boluntario aurkeztu ziren bakar batzuk, zozketaren ondoren guztiak osatzeko.
  • 1779-11-6. Diputazioak gutun baten bidez jakinarazi zuen herriko konpainia atera beharko zutela Getaria, Zumaia, Zarautz eta Oriokoekin batera, kainoiaren lehen eztanda entzutean, agintzen zioten tokira, eta, beraz, prestaturik izateko defentsarako. Diputazioari erantzutea erabaki zuten: herritarren zerrenda osaturik zuela herriak, deia zabaldurik zeukala hurrengo egunean bertan Herri Batzar nagusia egiteko eta zozketa bidez konpainia prest izateko.
  • 1779-4-19. Iruñeko apezpikuko gobernadoreak Urrestillako San Martin ermita botatzeari buruz idatzitako gutunaren berri eman zuten.
  • 1779-4-11. Urrestillako San Martin ermitaren hondamena kontuan izanik eta azken urteetan ez zela bera ezertarako erabili, Iruñeko apezpikutzara eskaera egitea erabaki zuten, eraikina botatzeko. Baso zitezkeen materialak beste ermita batzuetan konponketak egiteko erabili ziren.
  • 1779-2-9. San Agustin eta Santo Domingo komentuei, Inazio deunaren egun bezperan eta beste zenbait egunetan leihoetan argiak piztera derrigortuak zirela gogoraztea erabaki zuten, eta hori egiten ez zuten bitartean herriak ez zietela sukalderako egurrik emango eta ez zituztela herritarrak zituzten eskubideak izango.
  • 1779-1-28. Gipuzkoako Batzar Nagusiak herrian ospatuko zirela-eta, herriko parrokian organojole Nikolas Etxeberriari behar zituen musikariak ekarri eta guztia ongi prestatzeko eskatu zioten, beti ere denak apainduriz eta nabarmentasunez irten zezan.
  • 1779-1-24. Irudituta gehiegizko iraupena zutela, Inazio donearen feriak zazpi egunekoa izan beharko zuela erabaki zuten, santuaren egunean dendak zabaltzea debekatuz, eta Santo Tomas inguruko feriari egun horretatik gabon bezpera bitarteko iraupena emanez.
  • 1778-3-31. Soreasuko errota berria egin zuen Frantzisko Ibero maisuari, errota alokatzen zuenaren eskuetan jartzea agindu zioten.
  • 1778-3-23. Odria auzoko biztanleek, euren kontura, 1776an eginiko bidea konpontzea erabaki zuten. Mugarriak jarri zituzten han, gurdi eta karrorik ibil ez zedin.
  • 1778-1-7. Txerriak kaleratzea debekatu zuten, batez ere prozesioak zirenean. Erreal bateko isuna jartzen zen.
  • 1777-12-27. Pregonariaren bidez jakinaraztea erabaki zuten datorren urtearen hasieratik askatasun osoz egin ahal izango zela bakailo eta koipearen salmenta, bai herri barruan, bai Urrestillan. Horrela egin nahi zutenek hiru egunen buruan adieraziko zioten euren gogoa herriko eskribauari. Kanpotar edonork herriratu zezakeen generoa saltzeko, baina herriko fidelari erakusten zioten nolako generoa zeukaten.
  • 1777-12-16. Herriko teilariaren esanetara eta ofizioa ikas zezaten herriak jarritako Inazio Egiguren eta Pedro Odriozola gazteei ordaintzea erabaki zuten. Lehenari, sei hilabete eta hamar egunetan lan egiteagatik 126 erreal eta hamazazpi marai ordaindu zioten. Bigarrenari, sei hilabete eta erdiko lanagatik, 117 erreal.
  • 1777-11-6. Loiolako Ikastetxe errealean ziren materialak herriaren babesean izanik eta horiek zaintzeko neurriak hartuz, udal eskribauaren sinatutako baimenik gabe inori bertatik ezer ateratzen ez uztea erabaki zuten. Loiolako etxezainak jaso zituen agiriak eta horien berri eman zion ondoren errukietxeko serorari.
  • 1777-7-10. Herriak Loiolako Etxe Santura prozesioa berriro egiteko gogoa zuen eta Manuel Bixente de Figueroa Gaztelako Kontseilu Nagusiko Gobernadoreari baimena eskatzeko idaztea erabaki zuten.
  • 1777-4-30. Granadako dukeak, Soreasu errota zabaltzeko, bere Insula etxearen lur zati bat eskaini zuela adierazi zuten.
  • 1777-4-1. Gaztelako Kontseilu Nagusiak, herriaren eskaerari erantzunez, probisio errealaren berri eman eta lurraldeko ikatza herritik kanpo saltzea baimendu zuen, baldin eta herrian eroslerik ez bazen.
  • 1777-3-18. Korrejidoreari gonbitea pasatzea erabaki zuten, Ostegun Santuan San Agustingo sagrarioko giltza har zezan.
  • 1777-3-16. Peritu bat izendatzea erabaki zuten Arantzeta baserria ikusteko, haren jabe Miguel Alzagak esaten zuelako erabat erre zela, gela bat izan ezik.
  • 1777-3-16. Suteetako Elkartean sartzeko eskaera egin zuen Miguel Alzagak, derrama osoan Etxarreta eta Egibar baserriak, eta erdian, berriz, Aritzederra eta Igeraberri errota.
  • 1777-3-16. Pedro Eizagirrek egin zuen eskaera, Urrestillako Eizagirre-garaikoa derrama erdian sartzeko; eta Frantzisko Iburustetak, berriz, Nuarbeko Mirabe erdian sartzeko.
  • 1777-3-4. Urte horretan bertan erre zen Arantzeta baserria berritzeko otea eskatu zuen Miguel Alzagak, karobi bat erretzeko Leizeaga inguruan, eta hari erantzutea ontzat hartu zuten.
  • 1777-3-4. Loiolako Erret Ikastetxe irudiak egiteko behar zituelako, gaztainondoak ebakitzeko baimena eman zioten Joxe Etxeberriari.
  • 1777-1-14. Olioa, lihoa, xaboi, almendra eta alondegian sartzen ziren antzeko generoak erostea debekatu zieten bersaltzaileei, bakoitzaren bandoa eman eta lau ordu igaro bitartean. Ondoren ere fidelaren baimena beharko zuten edo, bestela, zigorra jasoko zuten.
  • 1776-12-4. Urriaren 20an izendatutako batzordeak udaltzainei baserrietara albistea pasatzean, herritik baserrietarako bidea kontuan izanik ordaintzea proposatu zuen, eta Udalak onartu egin zuen. Madalena eta Arana bitartekoan erreal bat jasoko zuten; Landetara egiten zuten irteerara bi erreal; herritik Urrestilla bitartean eta ibaiaren inguruan ziren baserrietara, bi erreal; Makazti, Igerate eta Atxumarriagara, hiru erreal; Garin, Gerrenzuri eta Endaizpe baserrietara, hiru erreal; Ollolarretik Erraztibasora, Gorostorzu, Largarate eta Olarua, hiru erreak, eta abar.
  • 1776-6-30. Batzordea izendatu zuten Gramatika ikasleek izan beharreko arautegia idatziz aurkezteko. Araudiak ikasketak egitean eta kalean nola jokatu behar zuten jasoko zuen, herritar jatorrak izatera irits zitezen.
  • 1776-4-22. Antonio Palacios kanpai egileak adierazi zuen parrokiko ordulariaren kanpaiak Holandako egitura zuela eta horregatik ez zela urrutira entzuten. Bera eskaini zen kanpaia funditu eta hiru bider zarata handiago egingo zuen berria egiteko. Batzordea izendatu zuten, herria Palaciosekin harremanetan jartzeko.
  • 1775-11-5. Alkateak esan zuen egun hartako goizean haur utzi bat aurkitu zutela beheko errebaleko etxeetako leiho batean, eta bataiatu egin zutela berehala; 'Maria Inazia Azpeitia' deitura jarri zioten. Zailtasunak ikusi zituzten herriaren kontura hazteko, eta iñude baten bidez Iruñeko Ospitale Nagusira eramatea erabaki zuten; ohiko limosna eman zioten bertako administrariari.
  • 1775-10-15. Alkateak ezagutzera eman zuen azken ganadu izurriteari aurre egiteko sekulako emaitza onak eman zituen errezeta.
  • 1775-10-6. Alkateak jakinarazi zuen goiz hartan utzitako haur bat aurkitu zutela San Jose ermitan, eta berehala bataiatu zutela, Bruno Azpeitia izena jarriz, eta ondoren inude bati eman ziotela. Ezinezkoa zenez haurraren gurasoak aurkitzea, Iruñeko Ospitale Nagusira eramatea erabaki zuten.
  • 1775-6-24. Udalbatzar nagusian, aurreko egunez Juan Domingo Elolak aurreratutako korrejidorearen idatzia irakurri zuten. Bertan, korrejidoreak bete beharreko txandei buruz hitz egin zuten, toki batean izatea hobe izan zitekeela jakinaraziz. Ezaguturik nolako zail egiten zen hiru hilabetean herrian izan ohi zen txanda alde batera uztea -antzinatik horrela ezagutu zenez-, aho batez erabaki zuten korrejidoreari eta Diputazioari erantzutea, esanez txandak ordura arte bezala egitea zela herriarentzat egokiena. Juana erreginak baimendu zion korrejidoreari Gipuzkoan nahi zuen hiri edo herri baten bizitzea. Baina Batzar Nagusiak eta Diputazioak protesta egin zuten, eta aipaturiko herri horietan txandatzen jarraitu beharko zuen. Baina bakoitzean egin beharreko denboraldia luzatu egin zen 1697an; urtebete egitea erabaki zuten, eta 1746an hiru urtera luzatu zen bakoitzean egin beharreko denboraldia. Batetik besterako aldaketa uztailean ospatzen ziren Batzar Nagusietako egunetan egiten zen. Esan beharrik ez da korrejidorea herriratzean Gipuzkoako hiri nagusia bihurtzen zela bera zegoen herria; batetik, haren gorte guztia ondoan zuelako eta bestetik, edozer erako auziak erabakitzeko Gipuzkoa osoko biztanleak azaltzen zirelako. Azpeitia zen herri horietako bat. Ahalegin guztiak egiten zituen hura herriratu aurrez gauza guztiak egokitu eta txukuntzen, festarik handienak ospatzen zituena hura herrian izatean, gainontzeko agintari nagusiak ere bertara etortzen zirelako. Ohiko txandak alde batera uztea ez zitzaion ongi iruditu herriari, eta ahalmena emango zieten Azpeitian Miguel Alzaga alkateari, Joxe Jazinto Azkue fidelari, Frantzisko Xabier Altube erregidoreari eta Antonio Inazio Barrena Saroberi gestioak egiteko korrejidorearen nahia bat-batean mozteko.
  • 1775-6-18. Manuel Bentura Alzolarazek enparantza nagusiko bere dorrea korrejidorearen etxebizitzarako eskaini zuen, eta urtean 60 dukat ordainduko zizkioten.
  • 1775-6-15. Ardoa, pattarra eta mistelari lau maraiko zerga ezartzeko baimenaren luzapenaren berri eman zuten. Bildutakoa errukietxerako izango zen.
  • 1775-6-15. Manuel Altuna Osa eta Antonio Eizagirrek idatzitako gutunen berri eman zuten. Altunaren gutunean apezpikuak Sigueza (Espainia) katedraleko doktore izendatu zuela zioen. Eizagirrerenean, berriz, Añover del Tajoko (Espainia) apaiz izendatu zuela erregeak. Biak zoriontzea erabaki zuten.
  • 1775-5-7. Herriko Enparantza Nagusian Manuel Bentura Alzolaras debarrak zuen dorretxea eskatzea erabaki zuten, korrejidoreari eskaintzeko.
  • 1775-5-7. Altunburu tokitik Urrestillako Makibar baserrira bitartean ibiltarientzat bide berria zabaltzea erabaki zuten.
  • 1775-5-7. Gramatika katedra erakusteko gelak non egin erabakitzean, nahikoa iritzi desberdin sortu zen, eta azkenean udaletxe zaharrean bertan gela batzuk egokitzea erabaki zuten. Baina herria inolako ondasunik gabe zenez, Kontseilu Nagusiari Loiolan ziren materialak eskatzea onartu zuten, eta horiek lortzeko erosotasuna izatean bakarrik prestatuko ziren gelak.
  • 1775-5-7. Manuel Arlegi eta haren iloba Gramatika katedran egiten ari ziren lan bikaina ikusita, soldata osoa ordaintzea erabaki zuten, nahiz eta ikastaroa berandu hasi.
  • 1775-4-18. Parrokian egiten ziren obretarako izendatutako batzordeak jakinarazi zuen atariko arkuen gailurrean joan behar zuen San Sebastianen irudia Pedro de Michel eskultoreari egitea agindu ziotela, Ventura Rodriguezek emandako itxura gogoan izanik. Irudia, osagaiak eta apaindurak egiteko kontratua 12.000 errealean egin zutela adierazi zuten, eta herriak onartu egin zuen.
  • 1775-4-17. Joxe Etxeberria irudigileak parrokiko aterpe gailurrean jarri nahi zen San Sebastianen irudia egiteko eskaintza aurkeztu zuen, eta horretarako sortu zen batzordearen eskuetara pasatzea erabaki zuten, honek erabaki bat har zezan.
  • 1775-4-2. Diputazioaren gutuna jaso zuten, esanez Frantzia, Nafarroa eta Gaztelatik ezkutuan ganaduak ateratzen zirela, eta ondoren Udalak gertatzen zenaren berri jakin eta zaintzea erabaki zuen, bat-batean mozteko.
  • 1775-3-21. Frantzisko Jauregi udaltzainak zuen jantziak agertzen zuen zantarkeria kontuan izanda -ezin izaten zuen era horretan alkateari lagundu, batez ere elizkizun eta prozesioetan, hamalau urte baitziren herriak jantzia egin ziola-, Diego Foronda jostunak Aste Santurako beste berri bat egitea erabaki zuten.
  • 1775-1-26. Bi egun lehenago aurkitutako utzitako haurra Iruñeko Ospitale Nagusira eramatea erabaki zuten, bere inudeari horrela egiteko eskatuz.
  • 1774-8-28. Herrian sortu nahi zuten Gramatikako katedrarako irakaslea aukeratzeko izendatu zituzten epaileen iritzia eta aurkeztutako lau irakasleei eman beharreko oinarriak irakurri zituzten batzar nagusian.
  • 1774-8-24. Herri Batzar nagusian ganadu izurriteaz guztien iritziak jaso ondoren, herriko harakinari agindu berri bat eman artean gehiago behirik ez hiltzeko agindu zioten.
  • 1774-8-16. Etxetxo baserriko Antonio Arregik hazitarako zuen idiskoa gaixorik zela jakin zuten, hamabi bat egun aurrez Tolosatik jira egin ondoren. Jabeari toki aparteko batean edukitzea eskatzea erabaki zuten, etxean bertan, atera gabe, eta inguruan guardiak jarriko zituzten. Ondoren, Antoniori berari udaletxera deitu zioten eta, egunik galdu gabe, goizeko zortzietarako idiskoaren berri alkateari eman beharko zion.
  • 1774-8-10. Unean zen ganadu izurriteagatik, Korostirzu eta Largarate inguruan ganadu bakarren batzuk hil zirela azaldu zuen Eizagirre erregidoreak. Inguruko baserritarrei zortzi egunean zehar ganadu bakar bat ere etxera ez sartzeko eta txahalak kanpora ateratzeko agintzeko ahalmena eman zioten erregidoreari. Eizagirreren aginduz, txabola batzuk altxatzea ere erabaki zuten, eta guardiak jarri zituzten txabola atarietan ingurura ganadurik ez azaltzeko.
  • 1774-8-1. Manuel Bentura Figueroak herriak uztailaren 15ean idatzitako gutunari eman zion erantzuna irakurri zuten. Bertan Loiolako Santutegian, San Inazio egunean, jesuitak bertatik bidali aurrez egin ohi zen bezala meza ospatzeko baimenaren eskaera Kontseilu Nagusira pasatuta zuela esaten zuen.
  • 1774-8-1. Udalak, lortuta zuen erreal probisioa kontuan izanda, herriko semeen hezkuntzarako sortu nahi zuten Gramatika katedraren deialdiak egin zituela jakinarazi zuen. Maisutza postua lortu nahirik Alejandro Cabañas, Joseph Tejada, Antonio Ballenilla eta Domingo Etxeberria aurkeztu zirela ere jakinarazi zuen. Azterketak egiteko Martin Erro eta Inazio Xabier Balzola, Andoainen eta Bergaran Gramatika maisuak izendatzea erabaki zuten.
  • 1774-7-15. Gaztelako Kontseilu Errealeko gobernadoreari idaztea erabaki zuten, jesuitak Loiolatik kanporatu zituztenetik bertako eliza eta kaperak igande eta jaiegunetan meza bakarra emateko erabiltzen zirela jakinarazteko. Gainera, meza ikastetxea zaintzen zutenentzat baino ez zen. Idatzian herria urteetan zehar antzinako ohitura -San Inazio bezperan Konpletak abestera joaten ziren Loiolara eta ondorengoan, berriz, herriko apaizekin batera prozesioan eta meza nagusia ospatzen zuten- bete ezinagatik nahigabeaz zela ere esaten zen. Gobernadoreari baimena eskatu zioten eraikin handia herriarentzat mesedegarria izan zitekeen ekintzarako erabiltzeko, itxirik eduki beharrean.
  • 1774-5-27. Izarraizko Usalain putzua garbitzen egindako gastuak ordaindu zituzten. Ganaduentzat beharrezkoa zen putzua.
  • 1774-3-17. Izoztegia baino gorago Izarraizko Usalain deituriko tokian dagoen putzua garbitzea erabaki zuten, han inguruan ganaduak zituzten jabeei deituta.
  • 1774-3-1. Frantzisko Ibero maisuak aurkeztutako proposamena ezagutu ondoren, Gaztelako Kontseilu Errealari baimena eskatzea erabaki zuten Landetako ermitaren ondotik Aretxabaleta baserrira bitarteko bidea egiteko.
  • 1774-1-5. Urte osoan zehar Urrestillan behar zen erretzeko koipearen hornikuntza egiteko, eskritura sinatu zuen Azpeitiko Udalak Juan Basilio Bauchonekin.
  • 1773-8-29. Herri Batzar nagusian erabaki zuten Gramatikako katedra ahalik eta azkarren martxan jartzea, itxuraz Loiolako Ikastetxe Errealeko ondasunetatik behartuta baitziren. Sei hilabeteren buruan horrela egitea ezinezkoa bazen, aurrez herriak lortuta zuen Erreal Kontseiluaren baimenarekin agintariei herriak martxan jartzeko baimena ematea erabaki zuten.
  • 1773-8-29. Agintariei ahalmena eman zieten herrian eta Urrestillan izan beharreko okindegiak izendatzeko eta jabeekin eskriturak sinatzeko.
  • 1773-7-29. Kontseilu Errealak ohiko San Inazio festak ospatzeko eman zuen baimena irakurri zuten, eta gastuak ordaintzeko gehiengoz 2.800 erreal izendatu zituen.
  • 1773-7-16. San Agustin eta Santo Domingo komentuei uztailaren 30 eta 31ko gauetan argiak pizteko eskaera egitea erabaki zuten.
  • 1773-4-18. Biztanle batzuk izurrite batek jota hil zirela eta beste batzuk kutsaturik zeudela ikusirik, horrelako kasuetan ohikoa zen bezala erretoreari errogatibak egiteko eta mezak eskaintzeko eskaera egitea erabaki zuten, San Rokeren bidez, Jainkoaren laguntza iristeko.
  • 1773-4-10. Herriko etxe batzutan agertu zen izurriteari buruz hitz egin zuten; batzuk, hil zirela esanez eta, beste batzuek, asko sufritu zutela adieraziz. Ahalegin guztia egitea erabaki zuten izurritea zabaldu ez zedin; behar bada, Madalenako seroraren etxera bildurik gaixo guztiak.
  • 1772-6-14. Azkeneko urteetan izan ziren kexak kontuan hartuta, txerriak kalean ibiltzeko debekua altxatu zuten. Izan ere, etxeen zimenduetan kalte izugarriak sortzen ziren txerrien ukuiluekin eta kaleak erabat zikinduta gelditzen ziren. Debeku hori igande, jaiegun eta prozesioak izaten ziren egunetan izan ezik, beste egun guztietan altxatu zuten. Baina handik aurrera eta beste neurri bat hartu bitartean, biztanle guztiek euren etxearen aurrea egunean bi aldiz garbitu beharko zuten, goizeko arratsaldeko seietan.
  • 1771-12-8. Posta zerbitzua hobetu nahian Gasteizko posta buruari idaztea erabaki zuen Udalak. Gutun horren bidez hari Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Errezil eta beste hainbat herrik jasandako kaltea adierazi zioten. Izan ere, sortzen ari ziren bide berrietan egiten zuten posta zerbitzua, lehengo San Adriango bidea utzita; horrek postariak Bergarara joatea eskatzen zuen, eta neguan oso zaila zen hara joatea, Elosu igarotzea ezinezkoa baitzen sarritan. Hori zela-eta arazoa ongi aztertzeko eskatu zioten posta buruari, eta Urretxun estafeta bat egiteko toki aproposa izan zitekeela iradoki zion Azpeitiko Udalak.
  • 1771-7-21. Mexikon bizi zen herritar Joxe Etxeberriari idaztea erabaki zuten, eskerrak emateko. Izan ere, 1770eko abenduaren 21ean Agustin eta Frantzisko Urrutia eta Antonio Orbegozok parrokiko atariko obrak egiteko emandako 3.389 erreal bidali zituen.
  • 1771-7-4. Parrokiko apaizek adierazi zuten aita Martin Larraiozen gutuna jaso zutela, eta hilaren 13an herriratzeko asmoa zuela adierazten zuela. Iruñeko apezpikuak aginduta Misio Santua ematen ari zen Azkoitian Larraioz, eta Azpeitian ere emateko asmoa zeukan. Agintariek San Inazio egunekoa bertan behera uztea erabaki zuten, misioa bukatu ondoren egun horretarako lau egun bakarrik geldituko baitziren. Udalak apaizei elizkizunetan herritar asko biltzeko ahalegina egingo zuela erantzun zien.
  • 1771-6-23. Herriko teileriako labean egindako obrak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1771-6-4. Erregearen zerbitzura Kantauriko Erregimenduan sartu ziren 11 soldaduri ordaintzeko, agintaritza eskura zezaketenei 14 erreal eskatzea erabaki zuten, eta gainontzeko herritarrei, berriz, zazpi erreal. Gizaseme ezkongabe eta urte horretan ezkondu zirenek 44 erreal ordaindu beharko zituzten.
  • 1771-5-28. Kantauri Erregimendura eta erregearen zerbitzura joango ziren soldadu herritarren zerrenda egin zuten, 11 lagunez osatua.
  • 1771-5-19. Ezkondu gabeko herriko gizasemeen eta urte horretako urtarrilaren lehen egunetik ezkondu zirenen zerrenda eman zuten ezagutzera. Eskribauari kopia bat egitea eskatu zitzioten, zerrenda bi zatitan banatuz: herri barruan bizi zirenak eta auzoetakoak.
  • 1771-5-19. Herriak bidali behar zituen zortzi soldadu boluntariori ordaintzeko, 800 peso aurreratu zituen fidelak. Eskertu egin zioten.
  • 1771-5-13. Eginiko eskaerak ontzat hartu eta komisarioak izendatu zituen herriak, ezkongabe eta azken abendutik egunera bitartean ezkondu ziren gizasemeen zerrendak auzoetan egiteko, gero soldaduen zozketa egiteko. Herriak 11 soldadu osatu behar zituen eta, beste herriekin desproportzioa zegoela ikusita, ondorengo Gipuzkoako Batzar Nagusian kexa agertzea erabaki zuten.
  • 1771-5-5. Parrokiaren atariko obrak zuzentzeko izendatutako batzordeak materiala eskatu zuen. Frantzisko Ibero maisuak eginiko materialen zerrenda aurkeztu zuten, haren iritziz Loiolako Ikastetxe Errealetik har zitezkeenak tasatu ondoren. Udalak erabakiko zuen Martin Arzadun eta Xabier Inazio Etxeberria izendatzea materialak ikusi eta tasatu ondoren batzordeari eskaintzeko.
  • 1771-3-31. Kantauriko Erregimendurako 240 soldadu eskaintzea erabakita zuen Gipuzkoako Batzarrak, bakoitzari 1.500 erreal emanez. Pregonariaren bidez herriko enparantzan, boluntario zerbitzua eskaintzera edozein gizaseme ezkongabe ager zedin, albistea ematea erabaki zuten.
  • 1771-3-3. Kontseiluak seroreen ministerioa debekatu ondoren, herriak baimena eskatu zion apezpikuari parrokiko etxazabak antolatu zitzan -bera ez ezik-, eta ermita guztiak zaintzeko eta garbitasuna eskatu zizkion. Baiezko erantzuna jasotzean erabaki zuten Egimendiko San Pedroren ermitaren ardura Frantzisko Ibero etxazabari ematea.
  • 1771-1-1. Urtean behin herriak diruzain bat izendatzeko baimen erreala lortu zuela adierazi zuten.
  • 1770-8-3. Loiolako Denboratasunaren administrari izendatu zuten Frantzisko Ibero.
  • 1770-2-11. Caracasko (Venezuela) Erreal Konpainiaren izenean, Juan Nikolas Erauskinek, 500 eta 600 tonako itsasontziak egiteko egur eskaera egin zuen. Baina herriak, herrian behar handiak zirela-eta, baimenik ezin ziola eman erantzun zion.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan