Eguna: 11-6

  • 1982-11-6. Juan Paulo II.a aita santua Loiolara iritsi zen. Hark hona egindako lehen bisita izan zen.
  • 1980-11-6. Orio, Aia, Zarautz, Getaria, Zumaia, Aizarnazabal, Zestoa, Azkoitia eta Azpeitiko udalek Urola Kostako Mankomunitatearen estatutuak onartu zituzten.
  • 1975-11-6. Batzarrean jakinarazi zuten Kristina enparantzatxoan Inazio Perez Arregik zeukan etxea erosi zutela herriaren aldetik, eta erabaki hori 1973ko apirilaren 26an hartutakoa zela.
  • 1911-11-6. Zinegotzi batek ibaia estaltzea proposatu zuen Zelai Luze, Zelai Txikia eta Azoka plaza eta Ibaieder zubiaren artean, bi pasealekuak bat eginik hala. Udalak Felix Barrenari beharreko gestioak egitea eskatu zion, ideia aurrera eramateko.
  • 1865-11-6. Joan Amezua organo-egileak herriaren aldetik zor zaizkion lau mila erreal ordaintzeko eskatu zuen. Udalak erantzutea erabaki zuen: erabaki bat hartu aurretik, derrigorrezkoa zela egindako organoa ikustea perituen aldetik eta, behingoz, herriaren eskuetara pasatuko zela.
  • 1779-11-6. Diputazioak gutun baten bidez jakinarazi zuen herriko konpainia atera beharko zutela Getaria, Zumaia, Zarautz eta Oriokoekin batera, kainoiaren lehen eztanda entzutean, agintzen zioten tokira, eta, beraz, prestaturik izateko defentsarako. Diputazioari erantzutea erabaki zuten: herritarren zerrenda osaturik zuela herriak, deia zabaldurik zeukala hurrengo egunean bertan Herri Batzar nagusia egiteko eta zozketa bidez konpainia prest izateko.
  • 1777-11-6. Loiolako Ikastetxe errealean ziren materialak herriaren babesean izanik eta horiek zaintzeko neurriak hartuz, udal eskribauaren sinatutako baimenik gabe inori bertatik ezer ateratzen ez uztea erabaki zuten. Loiolako etxezainak jaso zituen agiriak eta horien berri eman zion ondoren errukietxeko serorari.
  • 1737-11-6. Frantziskanen monastegiko erretaula nagusia egiteko eskritura sinatu zuten Frantzisko Inazio Azpiazurekin, Inazio Ibero maisuak emandako itxura gogoan izanda.
  • 1643-11-6. Herri Batzarrean herritarren aldetik aukeratu zituzten Martin Bazan Larralde lizentziatua, Miguel Egurza eta Joan Oñaz agintariekin bildu ziren -Martin Zabalia herritar arkitektua ere han zen-, eta herri dorre berria egiteari buruz hitz zuten, ordularia eta kanpaia zituela. Aurrean zeukaten arkitektuak berak emandako itxura. Azkenik, elgoibartar Santiago Marigorta erlojulariari deitzea erabaki zuten, eta eskriturak sinatzea ahalik eta azkarren, obrak hasteko.
  • 1599-11-6. Eskuztako gurutzea Baltasar Garagarzaren kontura egin behar zela kontuan eduki behar zela esan zuten, Egimendiko San Pedro ermitako serorarengandik jaso behar zuena herriaren aldetik eskuratuz.
  • 1590-11-6. Herriaren ordezkari bezala Iruñean izan zen Domingo Larraare eta esan zuen ontzat hartu zela apezpikuaren aldetik Juan Arriaga eta honen emazteak eginiko eskaera: San Nikolas monastegira beste ordena bateko fraideak ekartzea agustindarren ordez eta, gainera, ez zuela nahi izan erabakia ezerezean uztea herriaren iritzia jakin ondoren, eta derrigorrezkoa zela erregearen Kontseilu Nagusiaren aurrean gestioak egitea. Horrela egitea erabaki zuten herriaren aldetik.
  • 1553-11-6. Ternuako bakailoaren hornikuntza errematera atera zuten herriaren aldetik.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan