2011-8-19. Azpeitiko Udalak, Amaia Azkueren ustezko hiltzailearen atxiloketa zela eta, prentsa oharra kaleratu zuen Azkueren sendiari elkartasuna adierazteko.
2005-8-19. Xabier Azkargorta futbol entrenatzaileak Chivas Mexikoko taldea entrenatuko duela jakin zen. Azpeitiarra Real Madrileko nazioarteko eskolen arduraduna izan zen azken bi urteetan. Chivas, Mexikoko Liga nagusiko taldea da. Hiru urterako fitxatu zuen Azkargortak, eta abuztuaren 24an joan zen hara.
1936-8-19. Deialdian gehiengo bat ez zen osatu. Herriko agintari hauek bildu ziren: Ziriako Agirre, Antonino Olaizola, Joxe Manuel Agirre, Luis Goenaga, Manuel Olazabal eta Miguel Irureta. Batzarrean erabaki zuten auzoetako alkate eta zinegotzien bidez baserritar guztiei albistea pasatzea, udaletxera zenbat gari zeukaten adieraztera ager zitezela esanez, eta zalantzarik izan ez zezaten honoko bando hau eman zioten bakoitzari: "Publikoari jakinarazten zaio, irinaren produkzioa eta kontsumoa kontrolatzeko, herriko juntak probintzikoarekin bat eginda, honoko arauak eman dituela: 1. Gordeta den gari guztia edo aurtengo uztaroan jaso beharrekoa, inolako aitzakiarik gabe udal biltegietara eraman beharko da, bakoitzak zenbat behar duen aitortu ondoren kopuru hori hazitarakoa itzuliko zaio, eta alkatetzaren bidez beharreko agiria emango zaio. Jakitera ematen den garia baino gehiago izanez gero, ahalmena du herriko juntak garia kentzeko eta behar den zigorra ezartzeko. 2. Prezioa, ehun kiloko 45 pezeta izango da, eta ordainketa unean eta inolako gasturik kontuan izan gabe egingo da. Garraioa juntak egingo du. 3. Errenta garian ordaintzeko ohitura duenak, derrigorrezkoa du udaletxean agertzea garia ematean, nagusia edo ordezkariarekin. 4. Debekatuta da errotetan gari eskaintza, eta derrigorrezkoa da herri biltegian egitea. Azpeitian, 1936ko abuztuaren 19an, Ziriako Agirre".
1919-8-19. Alkateak esan zuen batzarraren zergatia ordu batzuk lehenago gobernadore zibilak bidalitako telefonema bat zela. Gobernadore zibilak Granada eta Almerian (Espainia) izurrite arriskutsua zegoela adierazi zuen, baita Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak udal guztiek gaixoak jasotzeko toki bereziak prestatu behar zituztela agindu zuela ere. Azken urteetan gero eta beharrezkoagoa zen hori eta, beraz, toki egokia aukeratzen ahalegindu ziren. Bestalde, aho batez erabaki zuten Lazareto bat egiteko lurraldea lortzeko gestioak egitea eta horretarako beharrezkoa zen desjabetza egitea.
1872-8-19. Pilotalekuaren ondoan eta Abitainen berriro iturria egin zuten, eta herritar guztientzat zabaldu zela adierazi zuten.
1867-8-19. Mutikoentzat Urrestillan egin nahi zuten eskolaren planoak eta aurrekontuak aurkeztu zituzten. Onartu eta enkantean jartzea erabaki zuten.
1834-8-19. Apezpikuaren baimenarekin profanatuta, San Miguel ermita saldu zuten.
1823-8-19. Herri Batzarrak emandako ahalmena kontuan izanda eta probintziko Batzar Nagusiak agindutakoa betez, agintaritzara iristeko zerrendatik honoko hauek kentzea erabaki zuten: Joxe Manuel Enparan, Joxe Luis Larragoien, Benito Eizagirre, Bernardo Urrutia, Frantzisko Urdapilleta, Joxe Serafin Arzamendi eta Gregorio Muro. Erregimenaren aurkako izan ziren beste batzuez, berriz, Diputazioari kontsulta egitea erabaki zuten; Inazio Ibero, Martin Larrunbe, Inazio Mari Antxieta eta Joxe Inazio Zuazolaz, hain zuzen ere.
1787-8-19. Herritarren artean Ondasun Planari buruz iritziak jaso zituzten; batik bat, apaizek jaso behar zuten soldataz. Baina, era guztietako iritziak agertzen zirenez, batzordea izendatu zuten gaia aztertzeko.
1764-8-19. Gillermo de la Prada erlojulariak parrokiko ordulariaz bidalitako gutuna irakurri zuten. Lehen Herri Batzarrean gutunaren berri adieraztea erabaki zuten, bost egun herrian igaro zituen erlojulariari 80 erreal ordaintzeko, ordularian konponketa lanak egin eta martxan utzi baitzuen.
1740-8-19. Diputazioak erreal zedula bat bidali zuen, eta erreginaren hileta elizkizunak behar bezala ospatzeko adierazi zuen. Agintariek lutua jantzi zuten, aurrez Saboyako Maria Luisa erregina hiltzean egin bezala.
1712-8-19. Iruñeko apezpikuak Urrestillako aldare nagusiko hiru margoak egiteko baimena eman zuen eta, bide batez, ordularia jartzeko baimena ere eman zuen.
1681-8-19. Loiolako eraikin berriak hartuko zituen lurrak seinalatu eta mugatu zituzten.
1571-8-19. Amuko presa egitea errematean hartu zuen Martin Beristain harginak, 260 dukatean.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago