1977-6-23. Donostiako Kutxa Munizipalak berrituta Enparan dorretxea inauguratu zuten. Enparan etxearen eta sendiaren historia ez ezik, berritze lanen memoria jasotzen zuen liburua aurkeztu zuten.
1946-6-23. Garmendipe futbol zelaia inauguratu zuten. Reala eta Athletic neurtu ziren lehen partidan.
1926-6-23. Alkateak jakinarazi zuen ezerezean utzi ziren lehen instantziako 40 epaitegietako bat Azpeitikoa zela. Kontuan izanik nolako kalteak ekarriko zituen erabaki horrek herriarentzat, gestioak egiteko ahalmena eman zioten alkateari. Julian Elorza Gipuzkoako ahaldun nagusia Madrilen zen eta berak ere ahalegin guztiak egingo zituen.
1924-6-23. Lazaretoa zerbait aldatzea erabaki zuten; altuera handiagoa eman zioten.
1924-6-23. Probintziko inspektoreak ikastetxea ixtean, Anaia Maristen Probintzialak beraien egoerari buruzko txostena aurkeztu zuen. Ixtearen erabakia beharrezko baldintzak ez zirelako betetzen hartu zuten; batez ere, osasun aldekoak. Udalak beharrezko gestioak egiteko erabakia hartu zuen, eraikin egokia aurkitzeko.
1793-6-23. Xabier Inazio Zuazolak idatzitako gutuna erantzun zuten. Bertan hau erantzun zioten: txamarra, beharrezkoa zuten soldaduei bakarrik ematea, eta oinetakoak, berriz, guztiei.
1793-6-23. Urdapilletak idatzi zuen -Irunen zegoen-, bidalitako 25 burusiez gain beste sei bidaltzeko esanez, eta erantzutea erabaki zuten, behar zituenak erosteko. Bide batez, haren konpainiako soldaduek beste bi hilabetean bertan jarraitu nahiko ote zuten galdetzea erabaki zuten, uztailaren 12tik aurrera. Horrela jarraituko zutela jakinez gero, bigarren tertzioari abisatuko zioten, beraiekin soldaduei buruzko konponketa lanak egiteko.
1790-6-23. Herriak egin zuen eskaerari erantzunez, hil honen 16an Gaztelako Kontseilu Nagusiak emandako baimenaren berri eman zuten. Bertan esaten zenez, sei laurdeneko zerga ezarri behar zioten pitxar ardoari eta laukoa pattarra eta mistelari. Almodenan jartzea erabaki zuten zerga horiek kobratzea.
1790-6-23. Kontuan izanik unean zen egoera larria, urte horretako herriko festetan zezenketarik ez ospatzea, herri bazkaririk ez egitea eta enparantza ez ixtea erabaki zuten. Horren ordez, eta alkatearen esanetara, dantza saioak eskaintzea eta beste zenbait jolas antolatzea erabaki zuten.
1771-6-23. Herriko teileriako labean egindako obrak ordaintzea erabaki zuten.
1679-6-23. Joseph Ezarzaburu maisua urreztatzen eta margotzen ari zen parrokiko pulpitu gaineko txapela, eta ikustea erabaki zuten. San Inazio egunerako amaitzea eskatu zioten.
1679-6-23. Juan Oñaz, Antonio Larralde eta Frantzisko Aizarnazabal apaizak apaizen kofradiatik edo anaiartetik bidalita zeuden duela urte batzuetatik. Horren aurrean, Udalari eskatu zioten erregu bat egitea berriro onartuak izan zitezen. Herriaren aldetik erregua luzatzea erabaki zen.
1651-6-23. Alkateak proposatu zuen San Inazio festetarako zezenak ematen zituzten herritarrekin hitz egitea. Herritar horiek eta agintariek euren kontura zezen bana ematera konprometitu ziren.
1649-6-23. Diputazioak albiste bat eman zuen: Andaluzian (Espainia) eta Portugalen izurritea zela. Probintzia arriskuan zegoen horrela, eta guardiak egitea erabaki zuten ospitalean, Enparanen eta Madalenan.
1649-6-23. Parrokiko etxezainari agintzea erabaki zuten Pedro Likona maisuaren oinordekoei ordaintzeko, honek parrokian egin zituen lanak oraindik ordaindu gabe zeudelako.
1448-6-23. Arrasateri su eman zioten oñaztarrek, eta azpeitiar askok parte hartu zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago