Eguna: 3-15

  • 2020-3-15. Espainiako Gobernuak konfinamendua ezarriko zuen herritar guztientzako.
  • 2018-3-15. Antxieta Arkeologi Taldeak Soreasuko bere egoitza berria inauguratu zuen.
  • 2016-3-15. Anartz Izagirrek bigarren saria eskuratu zuen Xabier Portugal Pasaia Hiria olerki lehiaketan, 'Forma geometrikoak zure baitan' olerki bildumarekin.
  • 1982-3-15. Urolako I. Altzari Astea hasi zuten.
  • 1982-3-15. Bere garaian sekulako bizitza ezagutu zuen Garbitokiak. Bertan biltzen ziren herriko zenbait emakume, sendirik berezienen arropak garbitzen.
  • 1942-3-15. Juan Kortajarena 'Ondartza' eta Tomas Astigarraga 'Kataolatza' neurtu ziren triatloi batean: 125 kiloko harri kubikoa jaso 25 aldiz, sei enbor ebaki 72'' eta sei kilometro lasterka zezen-plazan. Esaten da lau milatik gora ikusle bildu zirela. Kataolatzak irabazi zuen, honoko denborekin: harriarekin bederatzi minutu eta 15 segundo, egurrak ebakitzen 64 minutu eta 23 segundo, eta lasterka 28 minutu eta 19 segundo.
  • 1931-3-15. Ezagutzera eman zuten 1929an eginiko zentsuak herriak 8.263 biztanle zituela zioela.
  • 1909-3-15. Zumaiako alkatearen gutuna jaso zuten, zera zioena: ikusgarria izan zela Gipuzkoako udalek eginiko manifestazioa, Diputazioaren jauregi aurrean bilduta denak, eta Zumaiako Udalak bertan izan zirenekin bat egiten zuela.
  • 1886-3-15. Urrestillako garbitokia egin zuen Inazio Etxeberriari haren kostuaren erdia ordaintzea erabaki zuten.
  • 1842-3-15. Garbitokiko obrak hasi zituzten.
  • 1826-3-15. Udaltzainen eskaerari erantzunez, bakoitzari galtzak, galtzerdiak eta oinetakoak ematea erabaki zuten, aginduz galtzak ospakizun bat izatean bakarrik jantzi beharko zituztela.
  • 1803-3-15. Zalantza batzuk egon arren, eta azken urteetan horrela egiten zelako, Ostegun Santu egunean San Agustin komentuko sagrarioko giltza jasotzeko korrejidorea aukeratu zuten; alkateak parrokikoa jasoko zuen.
  • 1739-3-15. Enparantza nagusi aldera egiten zuen Orandaindi etxea egiteko, hargin eta zurgin lanak errematatu zituzten.
  • 1583-3-15. Batzordea izendatu zuten parrokian lanean zirenekin harremanetan jarri eta herriko artxiboan ziren pribilegio eta gainontzeko dokumentu baliagarriak non gorde zitezkeen jakiteko, sute batek erretzeko arriskurik gabe.
  • 1574-3-15. Sebastian eta Juan Lopez Urnietak herritar bezala hartzea nahi zutela esanez eskaera egin zuten, herrian erosi zituzten etxeen eskriturak aurkeztuz horretarako. Baiezkoa eman zieten.
  • 1574-3-15. Elizaren bidez deialdia egitea erabaki zuten: biztanle guztiek ager zitezela beraiekin zituzten txerrien berri ematera. Bestela, edonork izango zuela aukera nonahi aurkitzen zuen txerria hil eta bereganatzeko eta, gainera, dukat bateko isuna ezarriko ziotela jabeari.
  • 1574-3-15. Miguel Bolibar herriratu zen, Armentia anaiak parrokian eginiko lanak aztertzera, Udalaren eskaerari erantzunez.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan